Azazetako sarraskitik 86 urte bete dira aurten. 1937ko martxoaren 31ko goizaldean, hamasei preso politiko errepublikano Bake kaleko kartzela zaharretik atera eta Azazetako mendatean hil egin zituzten, estatu frankistaren aparatuek Araban egindako sarraskirik handienean; fusilatuen tartean, Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkate errepublikanoa zegoen, baita hautetsi zein militante errepublikanoak, sozialistak, komunistak, abertzaleak edota anarkistak.
Ostiralean, urtemugaren egunean, Araba eta Gasteizko erakundeetako ordezkariek egindako omenaldi instituzionalaren biharamunean, larunbat honetan, apirilaren 1ean, ekitaldi politiko bateratua antolatu dute EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Berdeak-Equo alderdiek, Gasteizko Santa Barbara plazan.
"Ez zen kasualitatea izan izua Gasteizen eta Araban zabaltzea 1937ko martxoaren 31ko gau hartan", azaldu dute alderdiek, manifestu bateratu batean. "Mola jeneralak berak egun batzuk lehenago bisitatu zuen Arabako hiriburua, eta agintari militarrei errepresio frankistaren erritmoa areagotzeko eskatu zien. Egun horretan bertan, Italiako armadako hegazkinek Durango eta Elorrio bonbardatu zituzten".
"Gerraren ondoren 40 urteko diktadura etorriko zen. 40 urte horietan isiltasuna eta izua nagusitu ziren herritarren artean. 40 urte eskubide sozial eta politikoak murriztuta. 40 urteko errepresioa, kartzela eta erbestea". Bitartean, baina, hutsune batez ohartarazi dute lau alderdiek: "Plaza honetan ez da horren arrastorik gelditzen. Plaka bakar batek gogoratzen digu etxadi honetan zegoela Arabako espetxe probintziala. Diktaduraren ondoren, zigorgabetasun mantu bat ere nagusitu zen, gaur egun ere irauten duena".
Kereila eta inplikazioa
"86 urte geroago, egia, justizia eta erreparazioa eskatzen ditugu frankismoaren biktima guztientzat. Gaur egun ere, 86 urte geroago, gorpuak bilatzen ditugu bide bazterretan", aldarrikatu dute. "Horregatik, Arabako erakundeei memoria berreskuratzeko inplikazio aktiboa eskatzen diegu. Horregatik, epaitegietan frankismoaren aurkako kereila bat jartzea eskatzen dugu, gizateriaren aurkako krimenengatik. Horregatik, zigorgabetasuna amaitzeko eta gerrako eta diktadurako krimenak epaitzeko mekanismoak gaitzea eskatzen dugu. Horregatik, artxiboak publiko egitea eta estamentu judizial eta politikoak irekitako bide judizialekin elkarlanean aritzea eskatzen dugu, Argentinako kereilaren kasuan bezala".
"Asko dira orain dela bederatzi hamarkada gizarte justuago eta solidarioago batekin amets egiten zuten pertsonengandik atera ditzakegun irakaspenak. Pertsona horiek gai izan ziren batzen zituenari balioa emateko eta haien arteko ezberdintasunak gainditzeko, beharrezko aliantzak ehuntzeko eta aurrerabideko udal gobernu bat eratzeko. Tokiko erakundeak gizarte hobe baten eraikuntzaren zerbitzura jartzeko gai izan ziren", azpimarratu dute. "Faxismoak kartzelaz, torturaz, errepresioz, heriotzaz eta erbesteaz zapaldu zuen ausardia hura. Loreak moztu zituzten, bai, lore asko alegia, baina udaberriak ez zuen huts egin eta urtez urte loratu zen. Eta gaur, 86 urte geroago, haren balioek bizirik diraute gure artean".
"Bizitza justuago bat"
"Orain kezkaz ikusten dugu nola desegiten den osasun publikoa, nola pribatizatzen diren gizarte zerbitzuak, nola bankuek, elektrikoek edo elikagai banatzaile handiek poltsikoak betetzen dituzten gure bizilagunak hilaren amaierara iristen ez diren bitartean, argindarraren fakturei aurre egin ezin dieten bitartean edo erosketa saskia betetzeko gai ez diren bitartean", adierazi dute.
"Bizitza justuago batekin amets egiten zutenentzako askatasuna da egunero altxatzea, bizitza duin batez izateko segurtasunarekin. Pentsio eta soldata duinak, kalitatezko osasun eta hezkuntza publikoa; pertsonak eta langileak babestuko dituen eta politika publikoen erdigunean jarriko dituen gizarte sistema, lurraldearen defentsa, beharrezko trantsizio energetikoa edo gizarte anitza eta feminista lortzea. Horiek dira oraindik gure balioak, eta haien defentsan, gaur egun, orduan bezala, aliantzak ehuntzen eta indarrak batzen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu".