Aurten ere, Gasteizek frankismoaren biktimak gogoratu ditu Isiltasunean Oihuka eskulturaren aurrean, Posta eta Agirre Lehendakariaren kaleek bat egiten duten plazan, Frankismoaren Biktimak Oroitzeko eta Aitortzeko Eguna dela eta.
Duela 86 urte, 1937 martxoaren 31n, tropa frankistek Azazetako mendatean fusilatutako Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkatea eta hildako beste hamabost pertsonak izan dituzte gogoan; horien artean, halaber, Juan Francisco Diaz de Arkaia zinegotzi sozialista zegoen.
Besteak beste, bertan izan dira Gorka Urtaran alkatea, Miren Fernandez de Landa Bizikidetza zinegotzia, Maider Etxebarria alkateordea, udalbatzako zinegotziak, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidentea, Pilar Garcia de Salazar, Itziar Gonzalo eta Emilio Sola foru diputatuak eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, baita Arartekoko, Batzar Nagusietako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariak.
Larunbatean, ekitaldi politikoa
Gaurko ekitaldi instituzionalaren ostean, bihar, apirilaren 1ean, larunbatean, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Berdeak-Equo alderdiek ekitaldi politiko bateratua antolatu dute, Azazetako sarraskiaren 86. urteurrenaren biharamunean. "Egia, justizia eta erreparazioa" eskatuko dute errepresio frankistaren biktima guztientzat. Oroimen ekitaldia 12:30ean izango da, Santa Barbara plazan.