Hamar arabarretik lau dira euskaldun

Erredakzioa 2023ko mar. 30a, 18:30

Hamasei urte gorako 1.219 arabarri egini diete galdeketa. ALEA

Arabarren %23,5ek diote "ondo edo nahiko ondo" hitz egiten dutela euskaraz, inkesta soziolinguistiko baten arabera.

Arabarren laurden batek "ondo edo nahiko" ondo hitz egiten du euskaraz, eta beste bosten bat, berriz, elebidun hartzaile edo pasibotzat har daiteke. Arabako Diputazioak eta Gasteizko Udalak atzo aurkeztutako inkesta baten arabera, hizkuntzarekiko sailkapen soziolinguistikoa honela definituta dago gurean: arabarren %20,5 "elebidun hartzailetzat" jo daitezke; %14,8 "erdal elebidun" gisa sailkatu daitezke, eta beste %7,2, berriz, "elebidun orekatutzat". Azkenik, soilik %1,5 jo dituzte "euskal elebiduntzat". Gainerako %56, berriz, erdaldunak dira. 

Agerikoa denez, erdaldunen kopurua asko aldatzen da adinaren arabera: 65 urte gorakoen artean %86 dira. 16 eta 30 urte bitartekoen artean, berriz, %18 da euskaraz batere moldatzen ez direnen kopurua. Oro har, elebidunen artean, hamarretik zortzik adierazi dute hobeto moldatzen direla gazteleraz, euskaraz baino. 

Euskara Sustatzeko Arabako Planaren barruan egin dute azterketa soziolinguistikoa, euskarak hiriburuan eta Araba osoan duen egoera hobeto ezagutu nahian. Orotara, 1.219 galdeketa egin dituzte; horietatik, 678 Gasteizen egin dituzte, hamasei urtetik gorako herritarrei galdetuta. 

Iñaki Gurtubai Euskara zinegotziaren hitzetan, "Gasteizko euskaldunen kopuruak gora egiten jarraitzen du". Gogora ekarri du 1980ko hamarkadaren hasieran Gasteizko herritarren %3,5 zirela euskaldunak. "Erakundeek emandako bultzada, euskaltzaleen kolektiboek egindako lana eta herritarrek hizkuntzaren alde egindako apustua funtsezkoak izan dira ibilbide honetan", erantsi du Gurtubaik.

Lexuri Ugarte foru diputatuak, berriz, euskararen egoera lurraldean "oso ona" dela azpimarratu du. "Euskaldun hiztunen kopurua handitzeaz gain, gure hizkuntzaren osasunaren pertzepzioa nabarmen hobetu" dela esan du. Ugarteren aburuz, instituzioak eta euskalgintza "norabide egokian" lanean ari dira. "Horrela egiten jarraituko dugu", aurreratu du. 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago