"Suhiltzaileak bezala gara, sutea egon ez arren, egon behar gara"

Estitxu Ugarte/PHOT.OK 2023ko mar. 30a, 13:45

Elkarretaratzeak egin dituzte aste honetan hainbat herritan, kalitatezko osasunaren alde eta pribatizazioaren kontra. Osasun langileek 18.000 sinadura jaso dituzte, landa eremuan arreta bermatzeko.

Murgian, Agurainen eta Espejon kontzentrazio jendetsuak egin dituzte aste honetan osasun langileek, bertako herrietako dozenaka bizilagunekin batera. Landa eremuan, osasun arretaren kalitateari eusteko exijitzen dute, eta Arabako herrietan pazienteekin duten harreman "zuzena eta azkarra" bermatzeko. Merche Larrinbe Espejoko osasun etxeko erizainak ALEAri azaldu dionez, Osakidetzaren zuzendaritza, landa eremuan, egun dagoen osasun arretaren kalterako neurriak hartzen ari da.

Espejon egindako kontzentrazioan, salatu du Larrinbek, besteak beste, erizainen bizkar jartzen ari dela Osakidetza herrietako osasun arretaren ardura: "Beldur gara Osakidetzaren zuzendaritzaren estrategia ez ote den izango hurrengo hilabeteetan medikuak herrietatik kentzea, erizainak nahiko direlako aitzakiarekin". Gogoratu duenez, Amurrioko Etengabeko Arretako Gunean, esate baterako, egun batzuetan soilik bi erizain egoten dira. "Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan zuen argi eta garbi  arreta eredua aldatu nahi dela, eta erizaintzan zentratzen dela gehien. Horrela, medikuen falta arindu nahi dute, eta helburua landa eremuko kontsultategietan erizainak bakarrik uztea da".

Landa eremuko osasun langile guztiak ezinbestekoak direla azpimarratu du Espejoko erizainak: "Osasun langileak herrietan suhiltzaileak bezala gara, sutea egon ez arren egon behar gara", eta Osakidetzaren zuzendaritza osasun arretaren "pribatizazioa" bultzatzen ari dela ziurtatu du.

18.000 sinadura eta udalen babesa

Osakidetzari "gatazkarik ez dagoen tokian arazoak sortzea" leporatu diote profesionalek, eta lehen mailako osasun arretaren pribatizazioaren kontra agertu dira. Bere salaketa zabaltzeko eta babesak lortzeko, change.org plataforman eskaera bat ireki dute, landa eremuko "lehen mailako osasun arreta hondoratzearen kontra", eta dagoeneko 18.000tik gora sinadura jaso dituzte.

Gainera, udalen babesa lortzeko idazkiak aurkeztu dituzte Agurainen, Zuian eta Gaubean, eta Larrinbek ziurtatu duenez, Zuiako udalak haien eskakizunekin bat egin du, eta espero dute hurrengo egunetan Aguraingo eta Gaubeako udalek berdin egitea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago