Arabako herrietako Osakidetzako langileen esanetan, gaur egun, landa eremuko kontsultategietan, paziente guztiek beren erreferentziazko medikuak eta erizainak ezagutzen dituzte, eta harreman "zuzena" eta "azkarra" dute haiekin. "Langileen eta pazienteen arteko erreferentzia hori oinarrizkoa da kalitatezko lehen mailako arreta garatzeko. Eta horrela izaten jarraitu behar du", esan dute.
Alta, Osakidetzak eta Arabako ESIak kontsultategiak txandaka artatzea planteatu ei dute, taldeko profesionalen artean; eta hori lehen mailako osasun arretaren kontrako "eraso garbia" dela uste dute langileek. "Egoera horrek pazienteen eta erreferentziazko osasun langileen arteko harremana ezabatzea ekarriko luke, bai medikuntzan, bai erizaintzan. Lehen mailako arretaren flotazio-marraren aurkako eraso zuzena da, eta oso kalte larria ekarriko du asistentziaren kalitatean, landa eremuko langileen eskubideak urratzeaz gain".
Erizainak bakarrik herrietan
Are gehiago, osasun arloko profesionalek uste dute herrialdeko kontsultategi asko erizainekin bakarrik utzi nahi duela Osakidetzako zuzendaritzak. "Gotzone Sagardui Osasun sailburuak argi eta garbi esan zuen arreta eredua aldatu nahi dela, erizaintzan arreta gehiago jarrita. Horrela mediku falta arindu nahi dute. Helburua landa eremuko kontsultategi asko erizainekin bakarrik uztea da".
Osakidetzak eta Arabako ESIak behin-behineko kontratuak egin dituztela salatu dute langileek, "indarrean dagoen araudia nabarmen urratuz". Halaber, "saldu duten ustezko lanpostuen sorrera baldintza irregularretan lanean ari ziren langileak egonkortzea baino" ez dela izan esan dute.
Osakidetzari "gatazkarik ez dagoen tokian arazoak sortzea" leporatu diote profesionalek, eta lehen mailako osasun arretaren pribatizazioaren kontra agertu dira. Bere salaketa zabaltzeko eta babesak lortzeko, change.org plataforman eskaera bat ireki dute, landa eremuko "lehen mailako osasun arreta hondoratzearen kontra", eta azken bost egunetan bi milatik gora sinadura jaso dituzte.