Presoak

Oier Urrutia aske, zigorra osorik beteta

Erredakzioa 2023ko mar. 29a, 17:00

Euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko pin berria. / Argazkia: Eñaut Landa

2020ko abendutik baldintzapeko askatasunean zegoen arren, 14 urteko zigorra osorik bete du egunotan Oier Urrutia Txime preso gasteiztarrak. Ondorioz, erabateko askatasuna berreskuratu du.

Etxerat euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak asteazken honetan jakitera eman duenez, Oier Urrutia Gonzalez Txime preso gasteiztarra aske gelditu da, zigorra osorik beteta.

2009ko apirilaren 5ean espetxeratu zuten Urrutia, eta Auzitegi Nazionalak 14 urteko zigorra ezarri zion, "erakunde terroristako" kide izatea eta "armak eta munizioak gordetzea" egotzita. Besteak beste, A Lama (Pontevedra), Navalcarnero (Madril), Daroca (Zaragoza) eta Logroñoko espetxeetan bete zuen espetxealdia.

Hamaika urte preso igaro ostean, 2020ko uztailean hirugarren gradua onartu zioten gasteiztarrari, Logroñoko espetxeko Batzordeak proposatu eta gero. Horrekin batera, Espainiako Gobernuko espetxe arloko erakundeak Zaballako espetxera lekualdatu zuen. Handik hilabete batzuetara, 2020ko abenduan, baldintzapean aske gelditu zen. 

Ordurako, Urrutiak zigor osoaren zatirik handiena beteta zuen dagoeneko —hiru laurdenak beteta 2019ko irailetik—, eta euskal presoen artean hirugarren gradura igaro zen lehenetako bat izan zen. Espetxe-legeriaren bidez egindako prozesu aitzindari horren ostean, asko izan dira gradu progresioa lortu duten EPPKko presoak, eta bide horretan aurrera egiten jarraitzen dute gaur egun ere. Joan den astean, dispertsio politikaren amaiera ospatu zuten Sare Herritarrak eta Etxerat Elkarteak.

Orain, 2023an, 14 urteko zigorra osorik beteta, erabateko askatasunera itzuli da.

Erlazionatuak

Azkenean, urrunketaren amaiera

Erabiltzailearen aurpegia Sare Herritarra eta Etxerat Elkartea 2023 mar 27 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago