Dispertsio politikaren amaieratik egun gutxi batzuetara, euskal presoen kasuan indarrean jarraitzen duen salbuespenezko espetxe politikaren ondorioak agerian geratu dira berriz ere. Izan ere, une honetan hirugarren graduan bizi diren bi preso gasteiztar, Roberto Lebrero eta Unai Lopez de Okariz, gradu erregresio arriskuan daude.
Bi presoak 2001etik 2022ra arte espetxean izan ziren —2021etik Zaballako kartzelan—, baina iazko uztailetik hirugarren graduan daude. Erdi-askatasun erregimena lortu ondoren, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak bigarren gradura bueltatzeko errekurtsoa jarri zuen urte hasieran, eta epaileen erabakia une batetik bestera irits daiteke, hirugarren gradua mantenduz edo gradu erregresioa ezarriz. Azken kasu horretan, espetxera itzuli beharko lirateke biak.
Mobilizazioak eta jaialdi bat
Horren aurrean, Lebrero eta Lopez de Okarizen senide, lagun eta auzokideek, Sare Herritarrarekin eta Etxerat Elkartearekin batera, gradu erregresioaren aurka mobilizatzera deitu dute. Ostiral honetan, martxoaren 31n, bi zutabe abiatuko dira 19:30ean Europa Jauregitik eta Judimendiko San Juan elizatik, Unai eta Roberto etxera! lelopean. 20:00etan, bi martxek bat egingo dute Andre Maria Zuriaren plazan, hileko azken ostiralarekin batera Etxeratek antolatutako elkarretaratzean.
Mobilizazioez gain, Lebreroren auzokideek elkartasun jaialdi bat antolatu dute Judimendin. "Egun zaratatsua" izendatu duten egitarauaren barruan, aipatutako mobilizazioekin bat egingo dute, baita auzoko tabernetan kontzertuak eta pintxadak antolatu ere: 18:00etan, Iriko tabernan, Gorka Etxebarria musikariaren kontzertua izango da; mobilizazioen ostean, 20:30etik aurrera, DJ Malandro arituko da Rey Louis tabernan musika jartzen; jaialdia ixteko, 21:30etik aurrera, DJ Menda'k izango da Candela taberna girotzen.