Euskal Harrian murgiltzeko

Juanma Gallego 2023ko api. 1a, 06:00

Kuartangoko parke megalitikoa eraberritu dute: trikuharriak sendotzeaz gain, informazio panelak jarri dituzte. AFA

Ohiko turismo aukerei proposamen berriak gehitu zaizkie orain, eta Aste Santuak aukera eman dezake horiek bisitatzeko. Bibat, katedral zaharra edo Kuartangoko parke megalitikoa dira aukeretako batzuk.

Oro har, eta salbuespenak salbuespen, gizateria bi motatako pertsonatan banatzen da: harrizaleak eta harrizale ez direnak. Lehen taldean daudenak zoriontsuak izateko moduan daude, eta Aste Santu honetan ez zaie aitzakiarik faltako motxilatxoa hartu eta gauza berrien bila abiatzeko. Izan ere, arabar ondare materialari lotutako berrikuntzez beterik etorri da udaberria.

Gasteizen bertan hainbat aitzakia polit daude harriaren kulturaz disfrutatzeko. Lehen aukera da Bibat museoara jotzea, bertan paratu duten erakusketa tenporalera: Euskal Herriko Erdi Aroko gazteluak: lurraren zaindariak eta boterearen ikurrak. Erakusketaren izenak berak argi uzten duenez, babesleku izateaz gain, egitura hauek garaiko boterea adierazteko modua ere baziren. Erregeek eta jauntxoek beren estatus sozial pribilegiatua erakusteko ezinbestekoak ziren, tartean, nekazariei errentak eta bestelako zerbitzuak galdegiteko. Horrez gain, jauregi baten funtzioa bete zuten askotan. 

Erakusketaren materialak hainbat museotatik etorriak dira, baina jatorrian BizkaikoArkeologia Museoak prestatu du apirila bitartean bisitatu ahalko den erakusketa. Horrekin batera, Bibateko arduradunek Micaela Portillari eskainitako erakusketa xume bat jarri dute museoan. Panelen bitartez, Arabako dorretxeei buruz eta beste hainbeste gaiei buruz sakontasun handiz ikertu zuen historialariaren bizitzaren pasarte garrantzitsuenak laburbildu dituzte bertan.

EUSKAL HERRIKO GAZTELUEI BURUZKO ERAKUSKETA TENPORALA IKUSGAI DA BIBAT MUSEOAN

Bibatetik  gertu, Santa Maria katedrala ere proposamen berriekin dator. Iaz Jon Lasa zuzendariak ALEAri aurreratu zion moduan, tenpluan dagoen ondare artistikoa azalerazteko prestaketa lanetan ibili dira azken hilabeteotan. Duela gutxi lan horrek bere fruitua eman du  Altxor Bizia izeneko ekimenarekin. Hainbat elementuz osatu dute proposamena: bisita artistiko bat, dibulgazio bideo bat, argitalpen bat eta, bertatik bertara ikusi ezin dutenentzat zein bisitaldia etxetik patxadaz errepikatu nahi dutenentzat, atal berezi bat atondu dute arte.catedralvitoria.eus atariaren bitartez. 

Denboran atzera

Santa Maria katedralarena ez da saretik bertatik disfrutatu daitekeen aukera bakarra: Guardiako abade dorre ikonikoaren berreraikitze historikoa ere sarean jarri du bertako udalak, internet bitartez denboran atzera egiteko aukera emanez. Kasu honetan, larratevirtual.com/laguardia da nabigatzailean idatzi behar den helbidea, baina, momentuz, errealitate birtualak ez du aukera ematen bisitaldiaren osteko pintxo eta ardo onduaz disfrutatzeko. 

Erdi Arotik atzerago eginez, historiaurrearen eta antzinako historiari dagozkien arabar aztarnategi batzuetan ere bada berrikuntzarik. Batetik, Kuartangoko trikuharrien balioa nabarmentzeko egindako esku hartzearen azken fasea bukatutzat eman dute teknikariek: bertako parke megalitikoan —Anda eta Katadiano herrien artean— dauden lau trikuharrietatik hirutan indusketak egin dituzte azken urteotan, eta orain multzoa hobeto ulertzeko panel berriak jarri dituzte; modu berean, ingurua hesitu eta txukundu dute, eta megalitoen egonkortasuna ziurtatzeko hainbat egitura jarri dituzte.

SANTA MARIA KATEDRALEKO ONDARE ARTISTIKOA ZABALTZEKO EKIMENA MARTXAN JARRI DUTE

Parke horren abantailetako bat da lau hilobiak oso gertu daudela, elkarrengandik 500 metro inguru egonda. Hortaz, ibilbidea aise egin daiteke oinez. Kuartango osoan bezala, izan behar den ardura bakarra da inguruan egon daitezkeen abereak ez molestatzea.
Hiriburura itzulita, beste klasiko bat eraberrituta dator aurten. Izan ere, Arkaiako terma erromatarretan egindako azken  esku hartzeak ere bukatutzat eman dituzte. Memoria arkeologikoa idaztea nahikoa ez, eta, ohi bezala, bertara azaldu dira ordezkari instituzionalak. Adierazi dutenez, termen iparraldean dagoen eremua induskatu dute, baina sarrerako portiko baten aztarnak baino ez dituzte azalarazi. Induskatzeaz gain, dagoeneko agerian zeuden egiturak sendotu dituzte: besteak beste, termetako hormak sendotu dira, eta zoruak babestu dituzte.Bisitariari begira, nobedadea da bertan panel berriak eta informazio baliabide osagarriak jarri dituztela, aztarnen interpretazioa erraztu aldera. 

Erromatar garaiko beste harribitxiari dagokionez, Iruña-Veleian harresiaren zati bat egonkortzeko lanak lizitatu ditu aldundiak, eta, duela zenbait hilabete ALEAk aurreratu zuenez,  azterketa geofisikoak egin dituzte. Azterketa horietan egitura berriren bat atzeman den argitu bitartean, momentuz ohiko bisitaldien ordutegiarekin jarraitzen du aztarnategiak. La Hoyako aztarnategian, berriz, zenbait elementu berritu dituzte, orain arte panelen irakurketa Jean-François Champollioni berari ere zail egingo zitzaiolako. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago