Araba zeharkatuko du Euskal Herriko Itzuliaren lehen etapak

Erredakzioa 2023ko mar. 27a, 13:30

Lehenengo etapan Gasteiztik Bastidara joango da tropela. / Argazkia: ITZULIA.eus

Apirilaren 3an Gasteizen hasiko da Basque Country Itzulia, Opakua mendatea gainditu eta Bastidan amaituko den lehenengo etapa batekin. Besteak beste, Maeztu, Bernedo, Urizaharra, Ocio, Bastida, Eltziego, Guardia eta Samaniegotik igaroko da tropela.

Euskal Herriko Basque Country Itzuliak bere 62. edizioaren irteerak eta helmugak ezagutzera eman zituen abenduan. Joan den astean, berriz, txirrindularitza lasterketaren aurkezpen ofiziala egin zuen OCETA elkarteak. Aste Santuarekin batera, apirilaren 3tik 8ra, sei etapa izango ditu Itzuliak.

Hilaren 3an, lehenengo etapa Arabatik igaroko da, Gasteizen hasi eta Bastidan (Arabako Errioxa) amaituta. 165,4 kilometroko etapa izango da, eta, besteak beste, Opakua mendatea igoko dute txirrindulariek, mendiko lehen maillota lehiatzeko. Ondoren, errepide estuak eta oso bihurgunetsuak izango dira: Maeztu, Bernedo, Urizaharra, Ocio, Bastida, Eltziego, Guardia eta Samaniegotik igaroko da tropela, berriz ere Bastidara itzuli eta esprintean bukatzeko.

IBILBIDEA

MAPA

 

Bigarren etapak Viana eta Leitza lotuko ditu, eta Nafarroatik ibiliko da osorik. Hirugarren etapa Gipuzkoan hasi eta bukatuko da, Errenteriatik Amasa-Villabonaraino. Ondoren, Bizkaira igaroko da lasterketa, hurrengo bi etapak bertan jokatzeko: laugarren jardunaldiaren irteera eta helmuga Santurtzin izango dira; bosgarrena, berriz, Zornotzan hasi eta bukatuko da. Azken etapa, aurreko urteetan bezala, Eibar ingurutik ibiliko da, herri armagilean hasi eta bukatzeko.

  • 1. Etapa. Apirilak 3, astelehena: Gasteiz - Bastida
  • 2. Etapa. Apirilak 4, asteartea: Viana - Leitza
  • 3. Etapa. Apirilak 5, asteazkena: Errenteria - Villabona
  • 4. Etapa. Apirilak 6, osteguna: Santurtzi - Santurtzi
  • 5. Etapa. Apirilak 7, ostirala: Zornotza - Zornotza
  • 6. Etapa. Apirilak 8, larunbata: Eibar - Eibar
Basque Country Itzuliaren 2023ko aurkezpen ofiziala. / Argazkia: OCETA Elkartea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago