Basque Country Itzuliaren 2023ko etapak jakinarazi ditu gaur OCETA elkarteak. Urtero Euskal Herria zeharkatzen duen txirrindularitza lasterketa apirilaren 3tik 8ra jokatuko da, Aste Santuarekin batera, eta sei etapa izango ditu; horietako bat, lehenengoa, Arabatik igaroko da, Gasteizen hasi eta Bastidan (Arabako Errioxa) amaituta.
Sei egun beranduago, Eibarrera iritsiko da tropela. Aurretik, baina, bigarren etapak Viana eta Leitza lotuko ditu, eta Nafarroatik ibiliko da osorik; 2022ko edizioko herri berdinak lotuz, baina irteerak eta helmugak trukatuta. Hirugarren etapa Gipuzkoan hasi eta bukatuko da, Errenteriatik Amasa-Villabonaraino.
Ondoren, Bizkaira igaroko da lasterketa, hurrengo bi etapak bertan jokatzeko: laugarren jardunaldiaren irteera eta helmuga Santurtzin izango dira; bosgarrena, berriz, Zornotzan hasi eta bukatuko da. Azken etapa, aurreko urteetan bezala, Eibar ingurutik ibiliko da, herri armaginean hasi eta bukatzeko.
Etapei buruzko xehetasun guztiak urte hasieran jakinaraziko dira, prentsaurreko batean:
- 1. Etapa. Apirilak 3, astelehena: Gasteiz - Bastida
- 2. Etapa. Apirilak 4, asteartea: Viana - Leitza
- 3. Etapa. Apirilak 5, asteazkena: Errenteria - Villabona
- 4. Etapa. Apirilak 6, osteguna: Santurtzi - Santurtzi
- 5. Etapa. Apirilak 7, ostirala: Zornotza - Zornotza
- 6. Etapa. Apirilak 8, larunbata: Eibar - Eibar