MARIA MENENDEZ MIGUELEZ

"Baso monolaborantzek ez dute zertan kaltegarri izan"

Juanma Gallego 2023ko mar. 24a, 06:00

INIA-CSIC erakundeko ikertzailea da Maria Menendez Miguelez. MARIA MENENDEZ

Sute arriskuak saihesteko, udan ez ezik, urtean zehar basoak garbitu behar direla babestu du Menendezek. Klima aldaketa arintzeko basoek karbono hustuleku gisa betetzen duten rola azpimarratu du adituak. 

Basoa fundazioak hilaren 24an Artziniegan antolatu duen basogintzari buruzko jardunaldiaren gonbidatuetako bat da Maria Menendez Miguelez (Gijon, 1984) mendi ingeniaria. Haren esanetan, baso espezieen monolaborantzak eta biodibertsitatea bateragarriak izan daitezke, horiek modu egokian kokatuz gero.

Zer asmorekin etorri zara jardunaldira?

Nik klima aldaketaren arintzearen alorrean lan egiten dut, baso kudeaketa jasangarria lortzeko helburuarekin. Beraz, nire asmoa da joan etorriko zerbait izatea: nire ideiak ekartzeaz gain, kontaktua izan nahi dut baso jabeekin edo basogintzara dedikatzen direnekin. Horrela, haiek ere esan ahal digute zeintzuk diren beren arazoak edo nola ikusten duten basoaren kudeaketa. Izan ere, alor honetan askotan konexio falta bat dago: zientzian ari garenok agian denbora gehiegi ematen dugu gure esparruan, eta batzuetan errealitatearekiko lotura galtzen dugu. Ni bederen beti saiatu naiz lotura hori mantentzen, jendeak jakin dezan zertan ari garen, eta zer kudeaketa tresna sortzen ditugun, beraiek esan diezaguten tresna horiek errentagarri edo erabilgarri egiten zaizkien ala ez. 

Zientziaren mundutik, zer tresna eskaini ahal diezue ba basogintzan dihardutenei?

Asko. Adibidez, zuhaitzaren diametro edo altueratik abiatuta, ekuazioen bidez jakin daiteke zenbat biomasa dagoen; edo profil funtzioak egiten, zenbat egur bolumen atera daitekeen jakiteko; edo zenbat egur moztu daitekeen, kalibre zehatza duen egurra jaso edo inausketak horren arabera ere antolatu ahal izateko. Halako gauzak ikertzen ari gara INIA [Nekazaritza eta Elikadura Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionala] zentroan. 

Nola eragiten die klima aldaketak basoen kudeaketari?

Espainian dagoen arazo handienetako bat baso suteena da. Tximistak edo antzekoengatik sortzen direnez gain, gure basoen arazoetako bat da utzita daudela. Basoei soilik udan erreparatzen diegu, albisteetan sute andana dagoela agertzen denean. Baina basoari ez zaio soilik udan erreparatu behar. Urte osoan zehar garbiketak eta inausteak egin behar dira, bideak eta suebakiak garbitu... Gure basoa garbi eta zaindua izateko kezkak lagundu dezake sute arriskua arintzen, edo, egotekotan, sute horien kalteak txikitzen. Azken finean, kontua ez da soilik karbonoa finkatzeari utziko dion baso masa galtzen dela. Sutea bera, sortzen dituen isuriekin, lehen mailako arazoa izan daiteke. Mendiak zaintzen baditugu, lagunduko dugu klima aldaketa hain azkar ez izaten. Pauso txikiek gauza askotan lagundu dezakete. 

Eztabaida handia dago monolaborantzen inguruan. Zelan uztartu daitezke basogintza eta biodibertsitatearen mantentzea?

Nire ustez, berdin monolaborantza edo espezieen nahasketa eginez, gakoa da espezie bakoitzak bere lekua daukala. Dena dagokion lekuan jarriz gero, monolaborantzak ez du zertan kaltegarri izan. Arazoa dago gauzak muturrera eramaten ditugunean; adibidez, diru laguntza batengatik den-dena pinu edo eukalipto denean. Produkzio intentsiboan, espezie bereko masa puru bat da interes gehien sortu dezakeena, baina horrek ez du esan nahi biodibertsitatea galduko denik. 

Pinudien banda marroi edo gorri moduko gaitzetan bestelako espezieak sartzeak suebaki baten funtzioa bete lezake?

Aitortuko dizut berez ni ez naizela gaitz horretan aditua, baina izurriteak mendean hartzeko bideetako bat da disuasio espezieak sartzea, pinudi hektareatan zehar jarraikortasun hori saihesteko. Izan ere, halako kasuetan, behin izurritea abiatzen dela, ez dago gelditzeko modurik .

Zuk gaztainondoen gaineko ikerketa zabala egin duzu. Zer egin dute ba erromatarrek gure alde?

Asko, kar-kar! Tartean, gaztainondoaren hedapen geografikoa ahalbidetu zuten. Baina horrenbeste urte daramatza hemen, ezen Espainiako ipar-mendebaldean gaztainondoa bertako espezietzat jo baitaiteke lasai asko. Aitortu behar dut, ordea, ni ez naizela batere objektiboa gaztainondoarekin, tesia horren gainean egin nuelako. Gauzak horrela, espeziea maite dut, eta asko lan egin dut horrekin. Ikuspegi askotatik espezie errentagarria izan da, eta, ondorioz, jendeak gaztainondoa lantzen jarraitu du.

Zer rol betetzen dute basoek karbono hustuleku gisa?

Ez dakit esan daitekeen gure salbagailuak direla, azken finean industriaren, hirien edo autoen bidez kutsatzen jarraituko dugulako. Baina basoek zein fruta arbolen soroek... horiek guztiek arindu ditzakete sortzen ari garen arazoak. Balantzaren beste aldea dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago