Bigarrenez Arabako nekazarien eta abeltzainen sindikatuaren historian, emakume batek hartuko du UAGAko lehendakaritza. Edurne Basterra Markinez (Agurain, 1975) da emakume hori. Oso harro agertu da afiliatuek lantalde berriari emandako babesaz, eta hurrengo lau urteetan sindikatu "borrokalaria" eta "parte-hartzailea" berreskuratzeko asmoa erakutsi du. Emakumezko nekazarien lana ikusarazteko lan handia dagoela ere azpimarratu du.
Igandean izandako batzar orokorraren zer balorazioa egiten duzu?
Batzarrean zeuden afiliatuen babesa izan dugu, 117 boto lortu ditugu, eta harro gaude, baina faltan bota dugu parte hartze handiagoa. Guztira, 1.200 afiliatu gara UAGAn, eta 223 bakarrik egon ginen asanbladan. Huts nabarmena daukagu hor.
Parte hartzea sustatzea izango da batzorde exekutibo berriaren lehentasunetako bat?
Jakina. Mahai gainean dagoen erronka bat da jendea ilusionatzea, eta sindikatu biziagoa, aldarrikatzaileagoa izatea. Afiliatuak UAGAz harro egotea da erronkarik handienetako bat.
Erreferentzialtasuna berreskuratu nahi duzue?
Bai. Administrazioen aurrean negoziatzeko pultsua berreskuratu nahi dugu, borrokalariagoak izatea, eta sindikatuaren jatorrizko esentziara itzultzea.
Aktiboa izateari utzi dio UAGAk?
Bai. Horregatik aurkeztu gara; eta orain, afiliazioak aukera hau eman digunez, irabazi dugunez, esandako guztia bete behar dugu. Orain arte, batzar orokorretan, ez dugu ahotsik izan, eta egin nahi duguna da afiliatuen ahotsa berreskuratzea, batzorde exekutiboaren eta afiliatuen arteko harremana berpiztea, eta eztabaidak sortzea, horretan oinarritu behar baita sindikatuaren esentzia eta batasuna. Sektorearen batasuna ere berreskuratu nahi dugu.
"Aldaketa klimatikoaren ondorioei aurre egitea da erronka nagusietako bat"
Komunikazioa falta da, dinamizazioa?
Lan asko dugu aurrean, afiliatuekin lantaldeak sortu behar ditugu eskualdeak dinamizatzeko. Gure proiektuan proposamen hori egin genuen. Baina pausoz pauso joan beharko gara; oraindik bi egun besterik ez dira igaro batzar orokorra egin genuenetik, eta egunean jarri behar gara.
Epe motzera begira zer helburu nagusi markatu dituzue batzorde exekutibo berrian?
Esandakoa, lantaldeak antolatu, sektoreak antolatu, lana antolatu. Iritsi berriak gara, eta oraindik ez dugu denbora izan ezer egiteko.
UAGAko lehendakaritza hartzen duen bigarren emakumea zara. Erronka handia duzu berdintasunaren alorrean?
Oso harro nago UAGAko lehendakaria izateaz, eta, Yolanda Urarteren ondoren, sindikatuko bigarren emakume lehendakaria izateaz. Lan gogorra dugu aurretik, baina aurrera egingo dugu. Emakume nekazariek balio handia dugu, asko dugu esateko, eta uste dut, gainera, emakumeak oso saiatuak garela, tematsuak, eta zerbait nahi dugunean lortzen dugula. Gainera, batzorde exekutiboan, Nagore Ruiz de Zarate eta Itxaso Compañon ere badaude, hiru emakume indartsu gara, eta aukera aparta dugu emakume guztiekin lan egiteko.
"Lanak ez gaitu inoiz beldurtu, abeltzaintzako eta nekazaritzako sektorekoak gara"
Emakumeak landa eremuan egiten ari diren lana ikusaraztea falta da?
Gizarte osoan gertatzen da hori. Emakumeek gizonek bezala balio dute, baina egia da emakumeen kasuan egunerokoak jaten zaituela, eta zaila dela bileretara edo batzarretara joatea, uztartu behar direlako etxeko ardurak eta sindikatuaren edo elkartearen ardurak. Kontziliazioa etxean landu behar da, baita sindikatuan ere, eta ez da bakarrik emakumeen lana, denon ardura da. Emakume Nekazariaren Estatutuaren barruan, esate baterako, gauza asko jasotzen dira, baina zentratu gara bakarrik zuzendaritza organoetan egon behar diren emakumeak ez daudenean zigorra jaso dezakeela erakundeak. Estatutuak, berriz, gauza askoz gehiago aurreikusten ditu emakumezkoek dituzten eskubideen inguruan.
"Beti negarrez gaudela uste dutenek jakin behar dute ez dela horrela"
Sektorea gizartera hurbildu nahi duzue. Nola?
Ikastetxeetatik hasita. Txikiek ikustea nondik datorren esnea, patatak nola ereiten diren, oilaskoek lumak dituztela; txikitatik erakustea nondik datozen mahai gainean dituzten elikagaiak, eta kontziente izatea nekazariek eta abeltzainek egiten duten lanaz. Gure prozesuak gizarteari erakutsi nahi dizkiogu, beti negarrez gaudela uste dutenek jakiteko ez dela horrela, oso lan polita egiten dugula, baina aldi berean oso gogorra. Gizarteak gure aldarrikapenekin bat egitea nahi dugu.
Ataka zailean dago sektorea. Zeintzuk dira etorkizun hurbilean landu beharko dituzuen gaiak?
Aipatuko nituzke bereziki Nekazaritzako Politika Bateratuak dakartzan aldaketak, aldaketa klimatikoaren ondorioei aurre egiteko neurriak, eta inbertsio funtsek landa eremuan zabaldu nahi dituzten parke eolikoak eta fotovoltaikoak. Horretaz gainera, burokrazia itogarriari aurre egin beharko diogu egunerokoan. Ez dugu egiteko samurra.
Arabako Diputazioarekin biltzeko asmoa duzue?
Jakina. Diputazioarekin eta sektoreak behar duen guztiarekin, baina heldu berriak gara eta oraindik ez dugu denbora izan horretaz hitz egiteko.
UAGA sindikatuko zuzendaritza berriak ondo ordezkatzen al du Arabako landa eremua?
Baietz uste dut. Sektore asko ordezkatzen ditugu, oso ongi trebatutako pertsonak gara, lan egiteko gogo handia dugu, eta ilusioa soberan aurrera egiteko. Lanak ez gaitu inoiz beldurtu, abeltzaintza eta nekazaritzako sektorekoak gara.