'20.000 especies de abejas', Urrezko Biznaga Malagako Zinemaldian

Erredakzioa 2023ko martxoaren 20a

'20.000 especies de abejas' filmeko lantaldea. / Argazkia: festivaldemalaga.com

Larunbateko galan, Esti Urresola laudioarraren lanak irabazi du Film Onenaren Urrezko Biznaga, eta Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrak lortu du Antzeztaldeko Emakumezko Aktore Onenaren saria.

Berlinalen lortutako arrakastari segida eman dio asteburu honetan Estibaliz Urresola (Laudio, 1984) zinemagile arabarraren azken lanak, 20.000 especies de abejas filmak. Izan ere, laudioarraren opera primak hiru sari lortu ditu Malagako Zinemaldiaren 26. edizioan.

Esti Urresolak Espainiako Film Onenaren Urrezko Biznaga jaso du; Patricia Lopez Arnaiz aktore gasteiztarrak Antzeztaldeko Emakumezko Aktore Onenaren Saria irabazi du; eta, horrez gain, Zinemako Informatzaileen Elkarteak (AICE) Sail Ofizialean ikusi ahal izan diren film guztien artean onenari ematen dion Feroz-Puerta Oscura saria lortu du filmak.

 

Estreinaldia

Neska transexual baten istorioa kontatzen du Gariza Films eta Inicia Films ekoiztetxeen 20.000 especies de abejas filmak, eta apirilaren 21ean iritsiko da zinema aretoetara.

2022ko udan zazpi astez filmatu zen Euskal Herriko hainbat tokitan, Laudion eta Hendaian, esaterako. Eta ia soilik emakumeek osatutako talde artistiko eta teknikoa duen filma da. Castingaren buruan Sofia Otero gaztea dago, zineman egin duen lehen lanean, eta Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra (Emakumezko interpretazio onenaren Goya sariaren irabazlea Ane pelikulagatik), Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cozar, Miguel Garces, Unax Hayden eta Andere Garabieta ere ibili dira aktoreen artean.

TRAILERRA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago