Edurne Basterra aukeratu dute UAGAko lehendakari berria

Erredakzioa 2023ko mar. 20a, 07:59

Edurne Basterraren lantaldeak gidatuko du UAGA hurrengo lau urteetan. UAGA

Nekazari aguraindarraren lantaldeak jaso du afiliatuen babesa, hurrengo lau urteetan sindikatuaren politika zuzentzeko. 216 bozetatik 117 jaso ditu Basterrak.

"Errotiko aldaketaren" aldeko proiektuarekin irabazi du Edurne Basterraren lantaldeak Arabako nekazarien sindikatu nagusiaren hauteskundeak. 48 urte ditu Basterrak, Aguraingoa da, eta igande honetan Gasteizen UAGA sindikatuak egindako batzarrean 216 bozetatik 117 jaso ditu. Berarekin batera, batzorde exekutibo berrian izango dira Jon Moraza presidenteorde bezala, eta Nagore Ruiz de Zarate, Gorka Barredo eta Jesus Bauza batzordekideak.

"Aldaketa garrantzitsu bat behar dugu, dramarik gabeko aldaketa bat. Gure ustez, UAGA izan behar da Arabako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreko erreferentziazko ahotsa". Basterrak modu horretan aurkeztu du bere burua sindikatuaren zuzendaritzako bozketetarako. Eskualdeak, sektoreak eta areak dinamizatzea defendatzen du; oinarrien eta zuzendaritza batzordearen arteko komunikazioa berreskuratzea, eta oinarrizko afiliatuen parte hartzea bilatzea. "Sindikatuaren kontuetan argitasun eta gardentasun handiagoa izango dugula agintzen dugu".

Halaber, emakumeei ikusgarritasun handiagoa ematea nahi du lantalde berriak, nekazaritzako eta abeltzaintzako emakumeen eremua sustatuz. Nekazarien produktuen bidezko prezioak ere aldarrikatzen ditu aguraindarraren taldeak. "Nekazariek eta abeltzainek lanerako baldintza duinak izan behar ditugu, eta errentagarritasun bat lortu". Eta administrazioarekin negoziatzeko eta adosteko borondatea badutela azpimarratu dute, "baina ez diogu uko egingo afiliatuen interesetatik urruntzen diren jarduerak kritikatzeari".

Espekulazioaren kontra

Ildo horretan, herrietan eta mendietan inbertsio talde anitzek aurreikusita dituzten parke fotovoltaikoen eta eolikoen aurrean kontrako jarrera dutela adierazi dute argi eta garbi: "Ez dugu espekulazioa defendatzen, eta ez ditugu babestuko herriak eta mendiak aerosorgailuz eta eguzki panelez bete nahi dituzten inbertsio taldeak. Lurra defendatzen dugu, gure nortasunaren, gure kulturaren eta gure bizimoduaren zati gisa"

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago