Oraindik gaitz nahiko ezezaguna izanda ere, pixkanaka zabalduz doa endometriosiari buruzko ezagutza. Norabide horretan, gasteiztar askok gertuagotik ezagutuko dute gaia, hilaren 25ean udaletxea eta Arkupeak horiz argiztatuko dituztelako.
Araban 17.000 bat emakumezkok endometriosia izan dezaketela kalkulatu du EndoEuskadi elkarteak, gaitzaren prebalentzia handia delako: %8-15 artekoa dela kalkulatu dute.
Elkarteak ohar batean gogora ekarri duenez, emakume batzuen kasuan, hilekoa eduki ondoren, endometrioaren antzeko ehuna sortzen da gorputzeko zenbait lekutan. Normalean, umetokiaren inguruko organoetan itsasten da —obulutegiak, tronpak edota hestea—, baina baliteke beste organo batzuetan ere haztea. "Zenbaitetan, umetokiaren barrualdean fokuak agertu daitezke" adenomiosia izeneko gaixotasuna sortuz. Erasan horrek hanturazko erantzuna piztu eta mina eragiten du. "Hainbat kasutan, mina ezgaitzaile bihurtzen da, eta horrek pairatzen dutenen bizi kalitatea urratzen du", argitu du elkarteak.
Elkartearen esanetan, sintoma argiak eduki arren, endometriosia "nahiko ezezaguna" izan da medikuntzan: "diagnostikoa lortzeko batez bestean zortzi urte igarotzen dira".
EndoEuskadi elkarteak 2018. urtetik dihardu lanean, kaltetuei laguntzeko, gizartea eta administrazio publikoak sentsibilizatzeko eta gaitzari buruzki ikerkuntza sustatzeko. Endometriosia duten Euskadiko Emakumeei Laguntzeko Gidaren prestaketan parte hartu dute. Elkartearen hitzetan, "Osakidetzak gida hau sustatu eta inplementatuko balu, medikuak trebatuagoak lirateke, eta diagnostiko goiztiarra errealitate bihurtuko litzateke". Aldarrikatu dute diagnostiko goiztiarrak "emakumeen kontsultaz kontsultako erromesaldia" saihestuko lukeela.