Gauza ezaguna da gaur egun seme-alabak izateko hautua egiten duten Mendebaldeko emakume gehienek gero eta gehiago atzeratzen dutela amatasuna, eta zenbaitetan horrek zaildu egiten duela haurdun geratzea. Baina ez da horren ezaguna emakume askok orduan topo egiten dutela beste arazo batekin: egun batetik bestera, bizitza osoan zehar hileroko mingarriak izan dituzten emakume batzuk endometriosi hitza entzuten dute aurrenekoz. Denbora luzean zehar entzuna dute normala zela mina pasatzea menstruazioa iristen denean, eta horregatik, hain justu, ezin dute ulertu inork inoiz aipatu ez dien gaitz bat garatu dutela urteetan zehar.
Horixe bera gertatu zitzaion Susana Gonzalezi. 36 urte zituenean endometriosia diagnostikatu zioten, hamabi urterekin lehen hilerokoa izan zuenetik minagatik kexatzen bazen ere. "Askotan, emakumeek bizitza gehiena ematen dute antisorgailuekin, baina 30-35 urterekin ama izan nahi dutenean, orduan konturatzen dira ezin dutela".
EndoEuskadi elkarteko presidentea da Gonzalez, eta urteak daramatza gaitz horren berri gizarteari ematen. Horren inguruan egon den ezjakintasunetik abiatuta, zenbakiak ez dira oso zehatzak, baina kalkulatzen da hamar emakumetik batek gaixotasun hori duela. Gaitza dutenen %30 ingururi, berriz, antzutasuna eragiten die.
"Horregatik uste dugu funtsezkoa dela detekzio goiztiarra lortzea. Modu horretan, endometriosia gaztetan detektatzen bada, gaitza oraindik oso zabalduta ez dagoenean, emakume gazteek aukera izango lukete obuluak izozteko, urte batzuk pasata obulu horiek seme-alabak izateko erabili nahi izatekotan".
Gonzalezek azaldu du gaitza zertan den. "Jakin badakigu lehen menstruazioa iristen denean uteroan ehun bat sortzen dela, eta, haurdun geratzen ez bazara, askatu egiten dela. Bada, batzuetan gertatzen da ehun endometriko hori zabaltzen dela beste hainbat organotara. Tronpetan zehar gora, abdomenera iritsira. Organo guztiei eragin ahal die; kasu larrienetan birikietara edota garunera ere zabaldu daiteke". Hileroko bakoitzarekin, ehun horren zabalpena handiagoa izan daiteke, gainera.
Gaitzaren zabalpenaren araberakoak izango dira ondorioak. Kaka edo txiza egitean nabaritu daiteke mina, bai eta sexu harremanen ondoren ere, baina endometriosiak ondorio larriagoak izan ditzake.
Gonzalezen arabera, arazoa da askotan medikuek ere ez daukatela gaitzaren inguruko nahikoa informazio, eta horrek, noski, diagnosia egitea zaildu egiten du. Bestetik, oso errotuta dago hilerokoa halabeharrez mingarria izan behar delako ustea. Horregatik, funtsezkotzat jo du Espainiako Osasun ministerioak gaiaren bueltan egindako gida bat ezagutaraztea, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoan beste gida ofizial bat lantzea ere.
Horretarako, ezinbestekoa dute Osakidetzaren laguntza. Elkarteak 2018an lortu zuen Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartzea, eta, horri esker, ikerketari bidea ireki zitzaion. Momentuz, ikerketara 48.000 euro bideratzea lortu dute, eta Osakidetzan dagoeneko lehen laginak jasotzen ari dira orain. Elkarlan horren barruan, martxoaren 29an topaketa bat egingo dute Gurutzetako ospitalean (Bizkaia).
Unitate espezializatua
Gurutzetako ospitalean lortu nahi dute, hain justu, bertako endometriosi unitatea legez aitortua izan dadila. Gonzalezek azaldu duenez, leku askotan gaia lantzeko unitateak sortu dira, baina, beti ere, mediku eta osasun langileen ahalegin pertsonalari esker. Hori zinez eskertuta ere, EndoEuskadi elkarteak lortu nahi du Gurutzetakoa izatea gurean erreferentziazko unitatea, kasu larriak hara bideratu ahal izateko. Ez da kapritxoa. Gonzalezek dioenez, diziplina arteko lana ezinbestekoa da gaitz hau taxuz tratatu ahal izateko. "Gaixotasun multisistemikoa denez, alde askotatik jorratu beharra dago. Ez du balio soilik ginekologo baten bidez tratatzea. Horrez gain, digestio medikuak, urologoak, psikologoak, zoru pelbikoan adituak... diziplina askotako profesionalek parte hartu behar dute unitate horietan".
Sendatzeko moduei dagokienez, tratamendu hormonal arinekin hasten dela azaldu du Gonzalezek. Azken aukerak dira menopausia kimikoa abiatzea, edo kirurgia egitea. "Dena dela, neurrira egindako tratamenduak egin behar dira ezinbestean".
Nork bere burua zaintzeko beharra azpimarratu du Gonzalezek. Hantura sortzen ez duten elikagaiak lehenetsi behar dira. Mina arintzeko fisioterapia lagungarria izan daitekeela dio, eta kirol moderatua egiteko garrantzia ere ekarri du gogora. Azkenik, disruptore endokrinoak dituzten produktuekin ere tentuz ibili beharra dagoela uste du Gonzalezek.
OHARRA: Paperezko edizioan BioCruces aipatzen bada ere, berez Gurutzerako ospitalean lortu nahi dute Endometriosi Unitatea aitortuta izatea. BioCruces institutuak gaitza ikertzen dihardu, Gurutzetako ospitalearekin batera.