Delituek berriro gora egin dute lurraldean: iaz Araban %19,3 hazi ziren aurreko urtearekin alderatuta: orotara, 19.140 arau-hauste penal egon ziren, 2021ean gertatutako 16.049 kasuen aldean. Horien guztien artean, nabarmentzekoa da ziberdelituen gorakada: %36,3 hazi dira aurreko urtearekiko: 3.437 izan ziren. Hala jasota dago Jaurlaritzak aurkeztu berri duen Euskal Poliziaren 2022ko delinkuentzia-memoria izeneko dokumentuan. Oro har, Arabako datuak bat datoz EAE osoko zenbakiekin: %20 delitu gehiago izan dira erkidego osoan.
Txostenaren aurkezpenean, baina, Jaurlaritzak argudiatu du "ondorio objektiboak" ateratzeko datuak 2019. urtearekin alderatu behar direla, 2021ean oraindik pandemiari lotutako zenbait debeku egon zirelako: konparaketa horren arabera, Araba izango litzateke datuak hobetu dituen EAEko lurralde bakarra: %1,4 delitu gutxiago egon dira, EAEn 2019rekiko %10,3 gehiago izan direnean.
Txostenak zehazten duenez, iaz Araban ez zen giza hilketarik egon, baina bost hilketa saiakera egon ziren. Sexu askatasunaren aurkako 62 kasu ikertu ziren, eta, horren harira, 23 atxiloketa egin ziren.
Delinkuentzia tasari dagokionez —delitu kopurua 1.000 biztanleko—, Araban batez bestekoa 57,3 izan zen. Udalerrika, ohi bezala, alde nabarmenak daude: Añana (89,7), Leza (87,6) eta Arrazua-Ubarrundia (68,9) dira biztanleko delitu gehien dituztenak. Zerrendaren beheko postuetan, berriz, Zalduondo (15), Lantziego (16,6) edo Kanpezu (18,3) daude.