Aste honetan, Etxerat elkarteak jakitera eman du Juan Karlos Subijana Txanpi preso arabarraren gradu erregresioa agindu duela Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak.
Gradu erregresio kasu honen aurrean, Sare Herritarrak ehunka pertsona bildu dituen mobilizazioa antolatu du ostegun honetan, Gasteizko Bilbo plazatik abiatuta, Juan Karlos Subijana etxera - Etxerako bidean oztoporik ez lelopean. Bertan, "euskal preso politikoei legedi arrunta aplikatzea" exijitu dute, baita "etorkizuneko elkarbizitza eraikitzea" ere.
59 urteko preso gasteiztarrak 19 urte daramatza preso, 2004an Frantzian atxilotu zutenetik ETAko kide izatea egotzita; 2009an Espainiara estraditatu zuten. Aurretik ere, 2001ean, Guardia Zibilak atxilotu zuen Gasteizen, Unai Romano atzeman zuten garai bertsuan; Subijanak tortura eta "etengabeko kolpeak" salatu zituen orduan.
2021eko otsailean, Leongo Mansilla de las Mulas espetxetik (370 kilometrora) hurbildu zuten Euskal Herrira, eta 2022ko udan, abuztuan, eskuratu zuen hirugarren gradua. Orain, ordea, Basauriko kartzelara (Bizkaia) itzuli behar izan da epailearen erabakiaren ondorioz, bigarren graduko erregimenean.
Epaileek hirugarren gradurako "goizegi" dela argudiatu dute. Izan ere, presoak ez ditu zigorraren hiru laurdenak beteko 2028ra arte, eta zigor osoa 2035era arte; hau da, zigorraren 12 urte falta zaizkio oraindik. Epaileek Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren erabakia baliogabetzen duten hamargarren kasua da dagoeneko: sei 2022 osoan, eta lau 2023ko bi hilabete eskasetan.