Denetarako langileak, denetan ahul

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko mar. 6a, 08:00

Arabako Etxeko eta Zaintzako Langileen elkarteko kideak. E.U.

Etxeko garbiketan eta zaintzan lan egiten duten emakume gehienak migratuak dira. Askok eta askok barneko langile bezala egiten dute lan, paperik gabe, baldintza oso prekarioetan, eta menpekotasun handiarekin. Lan ikusezina da, bigarren mailakoa, gaurko gizartearen funtzionamendua bermatzeko ezinbestekoa izan arren.

Normala iruditzen zaigu eraikuntzan gehiago kobratzea pertsona heldu bat zaintzen baino, edo Mercedesko katean lan egiteak aitortza handiagoa izatea etxeko garbiketan aritzeak baino. Lanaren balioa, hein handi batean, langilearen generoaren arabera ezarrita dagoela frogatu dute hainbat ikerketek. Horrez gainera, bestelako ezaugarri batzuek soldata arrakala handiagoa egiten dute. Azken azterketa LAB sindikatuak egin du, eta datuak alderatuz ondorioztatu dute emakumeek egiten dituzten lanek balio gutxien dituztenak direla: "Lan berdina egiteagatik gutxiago kobratzen dugu, beraz egiturazkoa den diskriminazioa emakumeak  izateagatik pairatzen dugu, hau da, lan hori egiten duenaren arabera dago baloratuta, ez egiten dugun lanaren arabera". Era berean, generoagatiko soldata arrakala handitzen da "zapalkuntza ardatz gehiagorekin gurutzatzen denean, izan jatorria, klasea edo aniztasun funtzionala".

 

Etxeko langileen kasua paradigmatikoa da. Zalantzarik gabe, emakumeak dira sektore honetako protagonista nagusiak, batik bat emakume migratuak; eta etxeko langile diren emakume etorkinek diskriminazio hirukoitza jasaten dute: generoagatik, jatorriagatik, eta klaseagatik. Inmigrazioaren Euskal Behatokiaren estatistikek emakume migranteek sektorean duten nagusitasuna islatzen dute: 2010ean, emakume migratuen %38,8k etxeko lanen sektorean lan egiten zuen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 2014an, ehuneko hori %50,2raino igo zen, alegia atzerriko emakumeen erdiak etxeko langile gisa lan egiten zuen; eta 2015ean, ehuneko hori %56,74ra igo zen. Urterik urtera gora egin du kopuruak, baina zaila da datu fidagarriak aurkitzea, ezkutuko lan asko dagoelako sektorean, eta horrenbestez, emakume migratuen egoera ikusezina bihurtzen da.

"Gu existituko ez bagina, nola funtzionatuko luke gizarteak?"

2022ko abenduko Espainiako Gizarte Segurantzaren erroldaren arabera, adibidez, 28.016 langile daude altan emanda Etxeko Langileentzako Sistema Berezian EAEn, eta horietatik %42,88 pertsona migratuak dira. Hala ere, nazionalitate bikoitza dutenak espainolak bezala agertzen dira, eta, beraz, estatistikak ez du islatzen migrazioaren errealitatea bere osotasunean. Are gehiago, emakume migratuekin lan egiten duten elkarte guztiek nabarmentzen dute etxeko langileen zenbateko hori askoz ere altuagoa dela, seguru asko, emakume migrante askok paperik gabe, modu irregularrean dihardutelako beharrean.

Indarkeria eta eskubideen urraketa

Ezkutuko lan horren aurpegirik gordinena islatzen du Claudina Escobar boliviarraren kasuak. Hiru urtez pairatu behar izan ditu Gasteizen zaintzen zuen etxekoen partetik umiliazio eta tratu txarrak, paperak lortu ahal izateko. "Ez naiz bakarra, tratu txarrak jasotzen dituzten emakume asko daude ez direnak ezagutarazten –kontatu du–. Babesgabe zaude paperak ez dituzunean, lana behar duzulako, ez duzu non bizi, eta agintzen dizutenean paperak egingo dizkizutela ba aguantatzen duzu, ez duzulako beste ezer". Kasu gehienetan, gainera, barneko etxeko langileek bidaia egiteko sortu duten zorra kitatu behar dute, edo seme-alabak mantendu behar dituzte bere jaioterrian; eta behartuta daude ezkutuko ekonomian lan egitera, pagatu nahi dietenaren menpe, eta giza eta lan eskubideen urraketak pairatzen.

"Lan batetik bota ninduten esaten zutelako ez nintzela maitekorra"

Hori da, hain zuzen, Escobarren egoera. "Oso arrazista zen emakumea, denetarik jasan dut, ez dakit nola aguantatu dudan. Paperak lortzen lagunduko zidala esan zidan, baina otsailaren 5ean bota ninduen, abisatu gabe. Egun horretan, nire telefonoa kendu zidan, bultzatu ninduen, eraso egin zidan, ez zidan uzten etxetik ateratzen, eta bi orduz bahituta eduki ninduen, etxetik atera gabe; azkenean, leihora korrika atera nintzen, laguntza eskatu nuen, bi gizonek Ertzaintzari abisatu zioten, eta askatu ninduten".

Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkarteko kidea da Escobar, eta familiak ukatu dizkion paperak lortzeko beste bide batzuk aztertu beharko ditu orain, lankideen babesarekin. Hala ere, jasandako indarkeria psikologikoki kolpe latza izan dela aitortu du boliviarrak, eta oso gaizki pasatzen ari da. "Indarkeria asko dago lan honetan", berretsi du Laura Varona gasteiztarrak, eta azaldu du mespretxu handiz tratatzen dituztela sarritan familiek. "Sufritzen ditugun indarkeria mota guztiak amaitzea nahiko nuke: indarkeria fisikoa, sexuala, psikologikoa, arrazista, ekonomikoa. Eta lankide migranteei erraztasunak ematea paperak lortzeko, beste edozein bezala ari direlako lan egiten, eta ez dute gutxiago merezi", esan du Varonak. Etxez etxeko zerbitzuan aritu izan da azken hilabeteetan gasteiztarra, baina lan egiten zuen familiak joatea nahi zuen, eta presionatzen ibili dela salatu du. "Haiek nik joatea nahi zuten, gustura ez banengoen joateko esaten zidaten, behin eta berriz, eta nik ezetz, nire lana ondo egiten ari nintzela, eta nahi bazuten kaleratzeko. Azkenean, baja hartu behar izan nuen antsietateagatik, eta itzuli nintzenean despido gutuna eman zidaten, zorionez". Modu horretan, sikiera, langabezia kobratu ahalko du Varonak, etxeko lanaren gizarte segurantzako sistemak langabezia onartu duelako, 2022ko urritik aurrera. "Hala ere, prestazioa kobratzeko aldez aurreko kotizazioa behar da", zehaztu du langileak.

"Elkartean ikasi dugu eskubideak ditugula langile bezala"

Arrazismoa eta klasismoa eguneroko ogia dira, beraz, zaintzaren sektorean aritzen diren langile askorentzat. Gainera, edozein aitzakiarekin lanetik bota ditzaketela azaldu dute langileek. Marcia Ramirez Dominikar Errepublikakoa da, eta denetariko esperientziak bizi izan ditu bere lan jarduera luzean, oso onak eta oso txarrak. "Gasteizen 2007an sartu nintzen barneko etxeko langile bezala, eta hamar urte eta erdi egon nintzen emakume batekin. Ez dut kexarik izan. Beste lan batetik, ordea, urtebete pasa ondoren bota ninduten;  esan zidaten ez zirela ondo konpontzen nirekin, ez nintzela maitekorra". Orain orduka lan egiten du Ramirezek, eta askoz hobeto dago: "Familia zoragarri batekin lan egiten dut".

 
Elkartea eta aholkularitza

Escobar, Ramirez eta Varona bezala, beste berrogei bat emakume daude AEZLE Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartean. Griselda da elkartearen lehendakaria. Hondurasetik etorri zen duela hamabost urte. Hasieran, barneko etxeko langile bezala egin zuen lan, baina egun orduka aritzen da. Elkarteak langileak ahalduntzeko izan duen garrantzia azpimarratu du. "Ikasi dugu eskubideak ditugula langile bezala. Lehen ez genekien, baina orain badakigu zer eskubideak ditugun etxeko langileok, eta engainatzen baldin bagaituzte nahi dugulako izango da", esan du irmoki. Hiru urte bete ditu elkarteak. "2019an topaketa bat izan genuen Gasteizen, eta bertara hurbildu ziren nazionalitate desberdinetako emakumeak gonbidatu genituen elkartean parte hartzera. Pixkanaka, ahoz aho, ibili gara elkartearen berri ematen". Gasteizko Udalaren babesari esker, gainera, Emakumeen Etxean, aholkularitza soziolaborala ere zabaldu dute, lanean ari diren emakumeei laguntzeko. 

"Eraso egin zidan, eta bi orduz bahituta eduki ninduen etxean"

Etxeko langileen eta haien alde diharduten elkarteen borrokaren pauso garrantzitsua izan zen, iragan urteko irailean, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartu zuen etxeko langileen baldintzak arautzeko errege dekretua. Haren arabera, langabezia ordainsaria jaso ahal izango dute. Halaber, Soldatak Bermatzeko Funtsera joateko eskubidea aitortu zaie, eta kaleratze arrazoiak mugatu egin dira.

Zaintza baino gehiago

Gasteizen, inguruko hirietan bezalaxe, sektorean lan egiten ari diren emakume gehienak Hego Amerikako migratuak dira; izan ere, elkartean soilik bi dira jatorriz gasteiztarrak. Halaber, gehienak barneko langileak dira eta, nagusiki, menpekotasunak dituzten adinekoak zaintzen dituzte, nahiz eta sarritan etxeko garbiketa eta bestelako lanak ere egin behar izaten dituzten.

Kolonbiakoa da Diana Lopez, eta urritik dabiltza lanean Euskal Herrian. Denetarako daudela azaldu du. "Etxean gaudenean ez dugu bakarrik pertsonaren zaintza egiten; kozinatu behar dugu, erosketa egin, garbiketa, lisatu, aitona medikura eraman behar da, biloba baldin badator merienda jarri behar diozu, edo familia osoarentzat kozinatu... Kasik familia horren alaba izatera pasatzen zara, eta ez dute aintzat hartzen". Varonak ere ildo beretik hitz egin du: "Gure lana ez dute baloratzen, askotan psikologoak gara, sukaldariak, ile apaintzaileak, laguntzaileak, eta gutxi ordaintzen digute. Batzuetan ez dute eskertzen ere egiten dugun lana; aitonek edo amonek bai, haiek eskertzen dute beti, baina familiek ez".

"Ekonomiari egiten diogun ekarpena kontuan hartzea nahi dugu"

Halaber, gizarteari egiten dioten ekarpen ekonomikoa ere aldarrikatzen dute etxeko eta zaintzako langileek. "Gizarte Segurantzan kotizatzen ari gara, ekarpen ekonomikoa egiten ari gara eta herri honen ekonomiari egiten diogun ekarpena ere kontuan hartzea nahi dugu", esan du Lopezek. Hain zuzen, sektoreko langileek egiten duten lana aitortzea eta behar bezala aintzat hartzea da AEZLE elkartearen aldarrikapen nagusietako bat. "Gu existituko ez bagina, nola funtzionatuko luke gizarteak?", galdetu dute. Eta ez zaie arrazoia falta.

Politika publikoen garrantzia

Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) arabera, 2050ean, 100 milioi adineko gehiago egongo dira munduan, eta 100 milioi haur gehiago, 6 eta 14 urte bitartekoak, arreta eta zaintza behar izango dutenak. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoerari erreparatzen baldin badiogu, zaintzaren premia handia aurreikusten da, hurrengo hamarkadan areagotuko den biztanleriaren zahartzea medio.

Mertxe Larrañaga Sarriegi, Arantxa Rodriguez Alvarez eta Yolanda Jubeto Ruiz ekonomilariek, 2019an, argitaratu zuten Mendeko adineko pertsonen zainketetara hurbiltzea txostena. Horretan jaso zuten Euskal Autonomia Erkidegoan, 2030ean, 150.900 pertsona gehiago egongo direla 65 urte edo gehiagokoen taldean, biztanleriaren %28,2. Aldi berean, bizi-itxaropenaren igoerak gorantz jarraituko luke 2030ean, 88,8 urtera iritsiz emakumeentzat eta 83,7 urtera gizonentzat, eta zahartze demografikoaren prozesua areagotuko litzateke. Hortaz, biztanleriaren egonkortasuna eta zahartzea dira EAEko bilakaera demografikoaren bi ezaugarri bereizgarriak hurrengo urteetan, eta zaintzak "etorkizuneko inbertsio sozial" bezala kontuan hartu beharko dira ezinbestean, eta politika publikoen papera garrantzitsua izan beharko da horretan. Gainera, Sarriegi, Rodriguez eta Jubetoren arabera, gizartearen kohesioan eta ekitatean nabarmen laguntzen dute zaintza lanek, biztanleriaren zati gero eta handiago baten bizi baldintzak hobetzen baitituzte. "Gizarte osoaren bizi kalitatean ere eragiten dute, pertsona guztiei eragiten baitigute gure bizitzaren eta maite ditugun pertsonen bizitzaren uneren batean". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago