Aisialdi euskalduna, jauziaren bila

Giuliana Preciado Cuero 2023ko mar. 2a, 09:00

Eragiteko janzten jardunaldien bigarren hitzorduan, haur eta gazteentzako euskarazko aisialdia hizpide izan dute Lan eta Jolas, Kirikiño eta Euskharan elkarteek, Alaiki enpresak eta Kukulaisi federazioak, GEU Elkarteak dinamizatutako saioan.

Urkabustaizko Lan eta Jolas elkarteak, Kukulaisi federazioak, Gasteizko Euskharan elkarteak, Laudioko Kirikiño elkarteak eta Alaiki Zerbitzu Soziokulturalak enpresak parte hartu dute, GEU Elkarteko kideek bideratuta, Eragiteko janzten jardunaldien aurtengo bigarren saioan.

Eskolak bakarrik ezin du, eta familia askok mugak dauzkate. Askok, gero eta gehiagok, barneratu dugun errealitatea da hori, nahiz eta oraindik ez den uste guztiz orokortua. Baina zer beste behar dute haur eta gazteek, euskara hobeto ikasteaz gain, erabilerarako jauzia emateko? Sozializazioa omen da gakoetako bat, eta hori eraginkorra izango bada, eremu askean eta jarduera gustagarrien inguruan gertatu behar da, bizipen positiboak izan behar dituzte euskaraz.

Haur eta gazteei zuzendutako aisialdi eskaintza ugaria da Gasteizen, askotan ordainpekoa eta gutxitan euskarazkoa, nahiz eta hartzaile gehienak euskaldunak izan. Zer eragile eta ikuspegi mota dago eskaintza bakoitzaren atzean? Zer helburu, balore eta antolakuntza darabilte? Zer urrats eman daiteke aisialdi, besteak beste, euskaldunerantz?

Eragiteko janzten jardunaldiak

Berriz da abian Eragiteko janzten, Arabagara, GEU elkartea, Lazarraga, ALEA eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez. 2021ean jarri zuten hazia, eta, 2022an eragiten jarraitzeko asmoa berretsi ostean, aurten ere itzuliko dira jardunaldiak. Gasteizko euskaltzaleen gogoetarako gune eta une bat da, esperientziak partekatu eta aberasten jarraitzeko.

Hirugarren edizioa, lau hilabetez luzatu beharrean, otsailean eta martxoan izango da, hil bakoitzaren 14an eta 28an; lau saioak asteartetan izango dira, 18:30ean. Eta Oihaneder Euskararen Etxerik edota Gasteiz Antzokirik ez dagoenez, Montehermoso Kulturunean egingo dira.

Saioen zein izen-ematearen inguruko xehetasun guztiak Euskaltzaleen Topagunearen webgunearen atal berezian aurki daitezke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide