Hegazti gripeari so, zuhurtziaz

Juanma Gallego 2023ko mar. 2a, 06:00

Protokoloak aspalditik finkatuta daude. Irudian, hegazti gripeari aurre egiteko simulazio ariketa bat, Irunen. MIKEL ARRAZOLA/IREKIA

Munduan gaitza goraka ari den honetan, adituak gertutik jarraitzen ari dira birusaren eboluzioa. Etxeko hegaztiei igarotzea da gurean ardura nagusia; mundu mailan, kezka da ugaztunen artean ez zabaltzea.

Hegaztien artean kutsatzen da, eta, noizean behin, ugaztun batera igarotzen da. Hortxe hegazti gripearen gaur egungo egoera. Baina jakina da birusen munduan gauzak aise aldatu daitezkeela egun gutxian. Hala ikasi genuen azken pandemiaren hasieran Txinako Wuhan izeneko hiri baten merkatuari buruzko albisteak entzuten hasi zirenean. Gaurdaino gauza dezente pasatu dira. Gehiegi, seguru aski.

Bada, momentuz, alerta handienak leku urrunetan jarrita daude, baina adituek arduraz egiten dute hegazti gripearen jarraipena. Gurean, iazko azaroan egon zen azken alarma. Orduan jakin zen Salburuko hezeguneetan eta Langraiz Okan hegazti gripearen bi agerraldi atzeman zirela. Biak ala biak basa hegaztietan gertatu ziren. Baina hegaztien artean aise zabaltzen den birusaren aldaera izanik, agerraldietatik gertuko udalerrietan Arabako Aldundiak hainbat debeku ezarri zizkien etxeko hegaztiekin lan egiten duten etxalde eta haztegiei; kosta ahala kosta, basa hegaztietatik etxeko hegaztietara igarotzea saihestea da ardura nagusia. Ez da huskeria: mundu osoan zehar milioika hegazti hil egin behar izan dituzte kutsatu direnean.

Zorionez, Araban orain arte ez da kasu gehiagorik atzeman, baina urtarrilean eta otsailean bi agerraldi aurkitu dira Gipuzkoan eta Bizkaian. "Iaz EAEn 22 agerraldi egon ziren, baina bakoitzean gehienez hiru edo lau animaliari eragin zien", azaldu du Marta Barral Neiker-BRTA zentroko Animalien Osasunerako Departamentuko ikertzaileak.

"Lanean ari gara etxaldeetan biosegurtasun neurri asko aplikatzeko", gaineratu du Barralek. "Haztegi horien jabeak dira lehen interesatuak gripea ez sartzeko. Sartuz gero, horrek hondamendi ekonomikoa eta soziala dakarrelako". Hortaz, araudiak ezartzen dituen betekizunez gain, etxaldeetan beste hainbat neurri hartzen ari direla dio; beti ere, ustiategiaren ezaugarrien araberakoak.

"ORAIN, GIZAKIETAN KUTSATZEA GERTA DADIN, OSO KONTAKTU ESTUA IZAN BEHAR DA". MARTA BARRAL, NEIKER-BRTA

Neikerren partetik, zaintza "pasiboa eta aktiboa" egiten ari direla azaldu du ikertzaileak. Lehen kasuan, etxaldeetan atzemandako edozein zantzu identifikatzen saiatzen ari dira. "Hegaztiek erruten dituzten arrautzen kopuruak behera egiten duenean, arrazoi ezagunik gabe animaliek jateari edo edateari uzten diotenean... etxaldeetan gerta daitekeen edozein gauzaren aurrean oso adi daude baserritarrak zein albaitariak". Dioenez, orain arte izan diren alerta guztiek negatibo eman dute analisietan. Jarraipen aktiboari dagokionez, noizean behin zenbait etxaldera joaten direla esan du Neikerreko ikertzaileak, eta horietan laginketa bat egiten dutela erantsi du, birusaren aztarnarik ote dagoen jakiteko.

Basa hegaztiei dagokienez, ardura berezia jartzen dute horiek pilatzen diren tokietan. Ez dirudi kasualitatea Araban izandako bi kasuetatik bat Salburuko hezegunean gertatu izana. "Gainera, birus honen gordailu batez ere anatidoak eta ur hegaztiak dira", argitu du Barralek. Gauzak zailtzeko, "hegazti batzuk ez dira gaixotzen, birusa daramaten arren". Horregatik uda honetan eta batez ere udazkenean arreta berezia jarri beharko dute, migrazio garaia izango delako. "Normalean prebalentzia handiak Europako iparraldean izaten dira, eta horregatik errazagoa da kutsatutako hegaztiak migrazioetan iristea. Baina hezeguneetan ardura berezia jarri arren, horrek ez du ziurtatzen gero hegazti horiek lurralde osoan zabalduko ez direnik".

Ugaztunetarako jauzia

Hegaztien arteko zabalpena biziki kezkagarria bada ere, are kezkagarriagoa izan daiteke mutazio baten bitartez birusak ugaztunen artean zabaltzeko bidea hartuko balu. Eta, norabide horretan, ardura sortzen duten beste hainbat gertakari jazo dira jada. Iazko urrian Coruñan 50.000 bisoi akabatu behar izan zituzten, haztegi batean birusa zabaldu zelako. Eta urte hasieran Perun 634 itsas lehoi hilik aurkitu dituzte. Orain arte adituek esku artean izan duten hipotesia izan da horiek guztiak banaka kutsatu zirela, hegaztiak jatean. Baina urtarrilaren 27an halako ehun bat animalia hilik aurkitu zituzten batera, Peruko Asia uhartean. Zenbait adituk kezka agertu dute, ez dutelako uste horren atzean banakako kutsatzea egon daitekeenik. Barralek tentuz hartu du gaia. "Itsas lehoi hauen kasuan, orain sekuentzia genetikoak aztertzen ari dira, birusaren eboluzioa zein izan den jakin ahal izateko. Baina egia da birusaren eboluzioa oso azkarra izaten ari dela, asko mutatzen duela, eta gaitza azkar zabaltzen ari dela ere", azaldu du.

Otsailaren hasieran OME Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi du orain arte gizakien artean oso heriotza gutxi eragin dituela gaitzak —azken hogei urteetan, 868 kasu inguru, 457 heriotza eraginda—, baina ezin dela "suposatutzat eman beti hala izango dela", Tedros Adhanom Ghebreyesus zuzendari nagusiaren hitzetan.

"OMEk alerta ematen duenean, gobernuek ardura gehiago hartzen dute", eskertu du Barralek.  "Baina, une honetan, gizakietan kutsatzea gerta dadin oso kontaktu estua izan behar da kutsatutako hegaztiarekin, eta babesik gabekoa; eta, hala ere, zaila da kutsatzea. Baina oso zaila da asmatzea zer gertatuko den: birusak gutxitzera  jo dezake, edo aldaera honek desagertzera jo lezake ere. Auskalo. Egin dezakegun bakarra da jarraipen estua mantentzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago