Martiodako basa animalia zaurituak suspertzeko zentroak 733 animali hartu zituen 2022an, 118 espezie ezberdinetakoak. Horietatik gehienak, 569, hegaztiak izan ziren. Iazko datuak aztertzean, zentroko arduradunek nabarmendu dute heldu diren txita kopurua. 180 txita jaso zituzten, horietatik asko sorbeltzenak; horren atzean udako beroaldiak egon daitezkeela hausnartu dute. "Sorbeltzek teilatu azpian jartzen dituzte habiak, eta, iazko beroa dela eta, behar zuten baino lehenago egin zuten salto inoiz baino txita gehiagok".
Iazko datuetan jaitsiera txiki bat antzeman da, aurreko urteetako datuekin alderatuta. 2021eko datuekin alderatuta 81 basabere gutxiago dira, eta, 2019tik izandako bilakaerari erreparatuz, beherakada txiki bat antzeman daiteke. Zentroko langileek ez dute argi horren zergatia. 2022ko beroaldiak horren atzean egon daitezkeela hausnartu dute. Hala ere, gaineratu dute ezin dela argi izan zergatia. Jaitsierak jaitsiera, azken bost urteetako dinamika mantentzen da, Martiodako zentroa ireki zenetik animalia gehien jaso zuten bosgarren urtea izan baitzen iazkoa.
Martiodako zentroak ibilbide luzea du, eta horrek ahalbidetu die egungo datuetara heltzea. 1975. urtean inauguratu zen, zauritutako animalia basatiak biziberritu, eta naturara itzultzeko asmoarekin. 1997an 182 basabere eraman zituzten bertara; iaz 733 izan ziren. Goraldi hori 2000ko hamarkadan hasi zen, batez ere.
"Basabereak sendatzeaz gain, animalia horien zaurien edo eritasunen zergatia aztertzen dute"
Rakel Mardones bertako langilea da, eta, haren ustez, bi arrazoirengatik gertatu da gorakada: "Gero eta pertsona gehiagok ezagutzen gaituzte, hedapen lan handia egin dugulako; horrez gain, jendea gero eta kontzientziatua dago".
Ospitalaren beraren azpiegituran gertatutako aldaketa adierazgarria dela aitortu du Mardonesek, milurtekoa hasi zenetik. Hasieran ez zuten animaliak diagnostikatzeko tresneria, eta txoritegiak ez ziren egun daudenen modukoak. "Aldatzen doa apurka-apurka, eta hobetzen jarraitu nahi dugu; udan, adibidez, inoiz ez dago nahikoa leku".
Diagnosia eta zainketak
Urteen joanarekin lan egiteko modua findu dute, eta, azaltzen dutenaren arabera, ez du alde handirik pertsonen ospitaleekin: harrera gunea dute, diagnosia egiteko tresneria, zainketa intentsiboetako unitatea, oneratzeko espazioa... Mardonesek azaldu du Martiodako ospitalean dauden animaliak bi modutan heltzen direla, nagusiki: zauritutako animaliak aurkitu dituzten gizabanakoek eramanda, edota Martiodako langileek hartuta, beste pertsona batzuen abisua jaso eta gero. Gizabanako batek eramaten badu ahalik eta datu gehien biltzen saiatzen dira, horrek diagnosian eta geroko prozesuan lagundu dezakeelako: non aurkitu zuten, noiz… Bestela, animalia jasotzen duen langileak biltzen du informazio hori guztia.
Zentroan dagoen albaitariak egiten du animaliaren diagnosia. Horren arabera hartuko ditu erabakiak: non kokatu, zer baldintzatan, izango duen dieta eta horren maiztasuna… Askotariko kasuak daudela azaldu du Mardonesek. "Txitak etortzen direnean ondo daude, baina zainketa handiak eskatzen dituzte; besteak beste, ordu erdiro edo orduro jaten eman behar zaie". Martiodan dauden hiru langileak arduratzen dira hori egiteaz. "Neguan hiru langileok eta albaitaria gaude zentroan, baina udan langile gehiago ditugu, jasotako animalia kopurua nabarmen hazten delako".
Zainketak aurrera egin ahala, Martiodako langileen helburua da animaliak naturan bere kabuz bizitzeko gai izatea. "Kalean dauden txoritegi edo azpiegituretan ditugu, haien kabuz molda daitezkeela ikusten dugun arte: harrapariek ehizatu, beste batzuk haziak bilatu… Orduan askatzen ditugu". Askatzerakoan, animalia aurkitu zuten lekura jo ohi dute, edota migratzailea bada egoki den lekura eramaten dute, ahal beste laguntzeko.
Irizpide horrek ez du balio Gasteizen edo herri handietan aurkitutako basabereak askatu behar dituztenean. Beste leku batean egiten dute. "Sorbeltz bat askatzea Gasteiz bezalako hiri batean, ez zaigu iruditzen egokiena denik". Animaliak askatzean, gainera, Martiodako zentrora eraman zuen pertsona jakinaren gainean jartzen dute. Hartara, agendek ahalbidetzen badute, zauritutako animalia ospitaleratu zuen pertsonak ikus dezake nola itzultzen den naturara.
"Besteak beste, hegaztiei erztunak jartzen dizkieten profesionalekin lan egiten dute"
Iaz Martiodara heldu ziren animalien erdia baino gehiago berreskuratu ahal izan zituzten: 380 inguru. Besteak prozesuan hil zirela azaldu du Mardonesek. Hainbat hilda heltzen dira ospitalera, edota lehen 24 orduetan hiltzen dira. "Kasu horietan hausnartzen dugu ezinezkoa dela ezer egitea, egoera horretan esku hartzeko aukerak oso txikiak direlako". Horrez gain, egon badaude zainketa prozesuan hiltzen direnak. Arlo horretan estresak duen garrantzia nabarmendu du Mardonesek. "Animaliekin harremana izan behar dugu zainketak egiteko, baina estresa larria izan daiteke haientzat; hori dela eta hiltzen direnean oso gogorra da".
Estresa ahal beste murrizteko ez dituzte bisitariak onartzen. Hamarkadak dira bisitariei ateak itxi zizkietenetik, animalia basatiei ahalik eta "lasaitasun" handiena eman ahal izateko. Garai batean Martioda zoo txiki baten modukoa zen, eta bisitariak joaten ziren: hartz bat zegoen, tximino bat… Horrez gain, Mardonesek gaineratu du gaur egun "oso argi" dagoela ezin direla elkarrekin bizi animalia exotikoak, basatiak eta abereak. "Ezaugarri, behar eta gaixotasun ezberdinak dituzte, eta inoiz ez da ideia ona denak elkartzea".
Ardatz askotan egindako lana
Basabereak sendatzeaz gain, animalia horien zaurien edo eritasunen zergatia ere aztertzen dute, delitu zantzurik ote dagoen erabakitzeko. Izan ere, animalia asko Martiodara heldu ziren arrazoi antropikoengatik: gizakiaren esku hartzeagatik, nahita edo nahi gabe. Azken kasuan errepideetan nahi gabe gertatutako harrapaketak daude, adibidez. Ordea, egon badaude animalien kontra nahita egindako erasoak, eta Martiodako langileek horiek argitzen dituzte, Fiskaltzari jakinarazteko, edo behar diren neurriak hartzeko: ehizatu ezin diren espezieen kontrako tiroketak, pozoitzeak…
Horrez gain, basabereak dituzten gaixotasun kutsakorren detekziorako lehen filtroetako bat da Martiodako zentroa. Aurrez esan bezala, hildako animaliak heltzen dira bertara, eta albaitariak aztertzen du hiltzearen arrazoia. Bada, besteak beste, 2022an hegazti gripe foku bat antzeman zuten. "Animalia hona ekarri zuten, positiboa zela ikusi genuen, eta Arabako Foru Aldundiari jakinarazi genion, behar ziren neurriak hartzeko".
Horrez gain, hainbat ikerketatan sartuta dago Martiodako zentroa, hamaika kolaboratzailerekin. Besteak beste, hegaztiei eraztunak jartzen dizkien profesional batekin lan egiten du, eta, horri esker, hegaztiei buruzko informazio asko jasotzen du. Horrez gain, besteak beste, bisoi europarra kudeatu eta kontserbatzeko proiektuan sartuta dago, uzta garaian zereal sailetan dauden mirotz txitak hartzeko kanpainan, edota apoarmatu populazioen jarraipenean. "Proiektu handi eta interesgarri asko daude", iruzkindu du Mardonesek.
Azkenik, difusio lana egiten dute. Ikastetxeetara joaten dira, adin tarte zabal bateko ikasleei egiten duten lanaren berri emateko. "Normalean gazteei asko gustatzen zaie faunari buruz hitz egitea, eta horri buruz gehiago jakitea; arreta handiz jarraitzen dute esaten duguna". Martiodan egiten duten lanari buruz hitz egiten diete: askapenen bideoak erakutsi, zainketen irudiak… Materiala ere eramaten dute, lumak eta hezurrak, kasu. "Asko eskertzen dute, aukera ematen dielako horrekin lotutako gaietan sakontzeko".
Martiodako zentroa urte osoa dago zabalik. Martxoaren erdialdetik aurrera udako ordutegia hasten dute, hil horretatik aurrera jasotzen baitituzte animalia gehien. Martxoaren erdialdetik urriaren erdialdera arte 09:00etatik 18:00ak arte dago zentroa zabalik, lanegun guztietan. Neguan 09:00-15:00 bitartean zabaltzen dute. Urte osoko asteburu eta jai egunetan ere zabaltzen dute, 09:00etatik 14:00ak arte. Zentroa irekita dagoen orduetan 945 24 85 15 telefonora deitzea dago. Animalia bat beste orduren batean aurkituz gero, 010, 092 edo 112 telefonora deitu behar da.