Edurne Begiristain

"Ate bat indarrez itxi ziguten, eta beste hamaika ireki ziren"

Anakoz Amenabar 2023ko ots. 24a, 06:00

Euskaldunon Egunkarian hiru urtez aritu zen Edurne Begiristain. / Erlantz Anda

Astelehenean hogei urte bete dira Del Olmo epailearen aginduz Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik. Garai hartan Gasteizko erredakzioan lanean zebilen Edurne Begiristainek gogoratu du nola jarri zioten zigilua kazetari, eta, herritarren babes zabalarekin, nola jarri zuten Berria abian.

Goizeko ordu txikitan jo zuen telefonoak Edurne Begiristainen (Donostia, 1976) etxean. Telefonoaren beste aldean Pello Urzelai politikako sailburua: "Edurne, Guardia Zibila Gasteizko bulegoan dago". Negar batean, gurasoak esnatu, jantzi, taxia hartu, eta San Antonio kaleko bulegora abiatu zen. Euskaldunon Egunkaria ixtera joan ziren 2003ko otsailaren 20ko goizalde hartan.

Heldu orduko miaketa egiten ari ziren Gasteizko erredakzioan... 

Bidean jakin nuen benetan zer gertatzen ari zen. Luis Karlos Garcia Txarli delegazio burua lekuko moduan zuten miaketan, eta ingurua hartuta zuen Guardia Zibilak. Segituan heldu ziren beste lankideak ere. Gogoan dut hotz egiten zuela, eta orduak aurrera astiro zihoazela. Bulegotik kutxak nola eramaten zituzten ikusi bitartean, deiak jaso eta komunikabideei erantzuten izan ginen hurrengo orduetan. Kalea ere laster bete zen jendez; lagun ugari gerturatu zen babesa ematera, jaso eta sentitu genuen elkartasunaren lehen harria hor jarri zuten.

Halakorik espero zenuten Egunkariaren kontra?

Ez. Egia da garai zailak zirela, eta ez zela lehen aldia hedabide baten kontra egiten zutena, aurretik itxi zituzten Egin edota Ardi Beltza, baina inoiz ez genuen imajinatu guregana etorriko zirenik. Uste dut Egunkarian lan egiten zuen inork ez zuela espero, baina hala izan zen.

"Edozein komunikabide ixtea atzera bueltarik gabeko erabaki larria da"

Laster jarri zenuten martxan langileek elkartasun sarea...

Egunkaria indarrez itxi zuten, ate hori itxi ziguten, baina beste ate asko ireki zizkiguten, batez ere elkartasun eta eskuzabaltasunaren bidez. Herritarrek ate asko ireki zizkiguten, eta horietako batzuk izan ziren Egunkariaren itxieraren aurka eta langileoi babesa adierazteko sortutako batzordeak. Arabako txoko askotan sortu ziren. Elkartasun hartatik atera ziren Egunero aldi baterako berripapera eta gero etorriko zen Berria ere. Gasteizen erantzun propio bat eman nahi genion itxierari, zerbait berezia egin nahi genuen, eta ostegunero elkarretaratzeak egin genituen; Los lunes al sol pelikula ezaguna oinarri, guk halako zerbait egitea pentsatu genuen, eta kutsu desberdina zuten mobilizazioak egin genituen Andre Maria Zuriaren plazan: kultura arloko lagunekin, euskalgintzakoekin, hedabideetako lagunekin...

Espero zenuten babesa jaso zenuten?

Edozein komunikabide ixtea atzera bueltarik gabeko erabaki bat da, eta hori estatu demokratikoetan ezin da onartu. Adierazpen askatasunaren kontrako eraso larri bat izan zen, eta, halako egoera baten aurrean beste hedabide batzuek gurekiko elkartasun handiagoa adierazi beharko zuketela? Bada, bai. Denak ez ziren egon, noski; baina babestuta sentitu ginen, eta elkartasun zabala izan zen. Besteak beste, EITBko langile askok agertu ziguten babesa, eta Garako erredakzioan egun bat baino gehiago egin genuen Egunero egunkarirako idazten.

Egunkaria itxi eta lau hilabetera, 2003ko ekainean, jaio zen Berria.

Egin ziguten mina eta bidegabekeria hura han geratu zen, ez zuen erreparaziorik izan, inork ez du inolako barkamenik eskatu, ezta akusatu guztiak absolbitu zituztenean ere. Baina argi geneukan ezin genuela ezer egin gabe geratu, gure lana kazetaritza zela eta egunkari bat atera behar genuela. Eta hala izan zen, Egunkaria itxi eta hurrengo egunean kalean zegoen Egunero, lau orriko berripapera ateratzea erabaki zuen lantaldeak; inoiz ez ditugu utzi irakurleak egunkaririk gabe. Berriaren lehenengo alea ere ilusioz beterik hartu genuen, baina sentsazio gazi-gozoarekin ere bai, nolabaiteko tristurarekin nondik gentozen ikusita. Eta ziurgabetasun zalantza izpi batekin ere bai bide hasieran. Hilabete gutxira atera genuen, lantalde berbera ginen, eta mehatxua hor zegoen; are gehiago, Egunero atera genuenean Guardia Zibila gainean zegoen: "Kontuz egiten duzuenarekin, hau bestearen jarraipena baldin bada, adi...".

Besteak beste, Egunkarian eta Berrian egin du kazetaritza ibilbidea. / Erlantz Anda  

Garai hartan, politika sailean egiten zenuen lan, gatazka politikoaren urterik latzenetarikoan.

Batetik, ETAren jardun armatua gori-gorian zegoen, horrek sortutako sufrimendu itzelarekin. Eta, bestetik, estatu aparatuen errepresioa egunerokoa zen: atxiloketak, tortura kasu asko, legez kanporatzeak... Horrek guztiak sortzen zuen egoera zaila zen, eta lan egiteko oso intentsoa. Ez zen erraza. Eguneroko albisteen zurrunbiloan sartzen zarean, ohitu egiten zara halakoez albisteak idaztera, hildakoez, torturatuez, atentatuez... Eta distantzia behar da, fokua zabaldu behar da hori guztia zeinen latza izan zen jabetzeko. Esperientziarekin, gauzak beste modu batera ikusten dira, eskarmentua dugu beste modu batera hartzeko, baina garai hartan esperientzia gutxi nuen, eta Egunkarikoa izateagatik baldintza zailagoetan egin genuen lan; alderdi politiko batzuekin nolabaiteko hoztasun bat nabari zen, eta beste batzuentzat ez ginen hedabide demokratiko bat, PPk boikota egiten zigun, beraientzat terrorista batzuk ginen. Baldintza horietan lan egitea ez zen erraza.

"Garai batean papererako idazten genuen lehenik; orain webgunea da lehen pausoa"

Urteokin asko aldatu da lan egiteko modua kazetaritzan?

Asko aldatu dira gauzak azken hogei urteetan. Hasi nintzenean, Interneta hastapenetan zen, faxa asko erabiltzen genuen eta argazkiak bidaltzeko modua ere nahiko arkaikoa zen. Berrian digitalizazioak dena aldatu du, eta horri begira ari gara kazetariok ere. Gero eta garrantzi gehiago du webguneak, eta gero eta gutxiago paperak; nahiz eta guk bi euskarriei eusten diegun, badakigu etorkizuna nondik datorren. Prentsa idatzi guztia dago krisi horretan, hausnarketa prozesuan, ea etorkizunean zer aterabide ematen diogun. Garai batean beti papererako idazten genuen lehenik, eta orain lehendabiziko pausoa da webgunerako idaztea eta gero papererako. Lantaldea bera beranduago hasten zen lanean eta beranduago amaitzen genuen, denbora guztian paperari begira ari ginelako. Hori ere aldatu da. Eta nire gertuko lanari dagokionez, berriz, politika sailean, gogoan dut garai batean joera handia zegoela hedabideetan adierazpen soiletan oinarritutako albisteak egitera, barra-barra. Denborarekin, baina, hori aldatuz joan da, zorionez. Egun, testu analitikoek eta interpretatiboek beste horiek ordezkatu dituzte. Egunkarian nengoenean eta Berrian aritu nintzen hasierako urteetan, ohikoa zen prentsaurreko guztietara joatea adierazpenak jasotzera, baina gaur egun, bazterrekoa da aukera hori.

Nola irudikatzen dituzu hemendik hamar urtera egunkariak?

Zer nolakoak izango diren irudikatzen hasita, hitz batean laburbilduko nuke: digitala. Uste dut egunkariak bestelako plataformetan kokatuko direla, eta euskarri digitaletara egun baino indar eta baliabide gehiago bideratuko direla. Horrek, noski, lan egiteko modukoak aldatuko ditu, eta produkzioa sarera bideratzea ekarriko du. Edukiei dagokienez, aktualitatea bestelako gaiek markatuko dutela pentsatzen dut; uste dut, ingurumenak tokia irabaziko duela, aldaketa klimatikoari lotutako gaiek bereziki. Berriari dagokionez, hogei urte beteko dituela baliatuta, beste pauso bat emango dugu, eta gogoeta prozesu horretan gaude zer eskaini eta nola antolatu aztertzen.

'Clickbait'-aren aginduetara egongo al gara hemendik aurrera ere?

Klikaren diktadura nagusi da gaur egungo kazetaritzan, eta argi dago kontsumo azkarraren dinamika horrek kalitateari kalte egiten diola. Kezkagarria da ikustea nola hedabideek alde batera utzi dituzten kazetaritza idazketaren printzipioak, eta amarruak edo sentsazionalismoa erabiltzen dituzten klik gehiago lortzeko. Kalitateak izan behar luke lehentasuna, hemendik aurrera ere, baina askotan horma baten kontra ari garela iruditzen zait. Kazetarioi berez eskatzen zaizkigun oinarrizko ezaugarri horiek, alegia patxadaz eta informazioa kontrastatuz, bateragarriak dira egungo kazetaritza eredu azkar eta bat-bateko horrekin? Uste dut ezetz, eta ez dakit nola eman diezaokegun buelta horri.

Adimen artifizialak ere kazetaritza lana egingo omen du...

Ez dut imajinatzen kazetarion lana erabat ordezkatuko duenik. Zalantza daukat kazetariaren idazteko estilo, pasio, sentimendu eta bestelako ezaugarriak islatu ditzakeenik adimen artifizialak. Ohiko albiste bat egiteko, berriz, ziurrenik lagungarri izango da. Ikusiko dugu benetako iraultza ote den...

Egindako lanen artean zein nabarmenduko zenuke? Eta  egin ez duzun zer egingo zenuke gustora?

Asko dira, baina gogoan dut Estefania Beltran de Herediari egindako elkarrizketa bat; Segurtasun sailburua zen garai hartan, eta Cabacas auziaren inguruko elkarrizketa egin nion. Pil-pilean zegoen gaia, eta izan zuen oihartzunagatik pozik geratu nintzen egindako lanarekin. Gustora egingo nituzkeen artean, Jane Goodall etologo eta ingurumen aktibistari, adibidez.

Atzera egin ahal izango bazenu, berriz ere kazetaritza hautatuko zenuke?

Ziurrenik, bai. Asko ikasi dut azken hogei urteetan, ez bakarrik kazetari moduan, gai askoren inguruko ikuspegi bat izaten lagundu dit, eta jendea ezagutzeko eta hitz egiteko aukera paregabea izan da. Alde horretatik, oso aberasgarria da ogibide hau. Pandemian bertan sekula pentsatuko ez nituzkeen gai batzuen inguruan idatzi nuen, zientzia arloan, niretzat oso mundu ezezaguna zena, eta, aldi berean, liluragarria iruditu zaidana. Eginaren eginez egiten gara kazetari, praktikatzen, eta urte hauek eman didate karrera amaitu berritan ez nuen eskarmentua; ez dut esan nahi kazetaritzat dudanik nire burua, halere, oraindik asko ikasi behar dudalako, eta horregatik ere pozten naiz, inoiz bukatzen ez den ikasketa prozesua delako. Beste alde batetik, kazetariaren lan baldintzak ez dira oro har onak, lan gogorra da, eta ez dago oso prestigiatua, kazetaritza oso eskasa egiten delako gure inguruan, eta denak zaku berean sartzen gaituztelako... Hori guztia balantza batean jarrita, berriz aukeratuko nukeela uste dut.

Edurne Begiristain, Berriak Gasteizen duen erredakzioan. / Erlantz Anda

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago