Indarra taldea

Sorginak eta akerrak, plaza berreskuratzera

Anakoz Amenabar 2023ko ots. 17a, 06:00

'Topagure' ikuskizuna aurkeztuko dute ostiralean, Plaza Berrian. / Indarra

50 urte bete ditu Gasteizko Indarra dantza taldeak, eta urteurreneko ospakizunei hasiera emango die ostiralean, inauterien bezperan, Plaza Berrian eskainiko duten ikuskizunarekin; mende erdian bizitakoa gogoratuko dute inauterietako konpartsetako pertsonaia eta ikuskizunen pasarteekin.

Indarra izena entzutearekin batera, plaza eta jaia ezinbestean datoz arabarren gogora. Kalejira, mozorro, ospakizun eta herri kulturaren sinonimo ere bada, eta gutxi izango dira ikuskizuna gertutik bizi ez edota taldekiderik ezagutu ez duenik. Izan ere, mende erdia bete du kultur elkarteak, eta, musikari eta dantzari artean, ehunka lagun bildu ditu ibilbide luzean; 150 bat lagun dira gaur egun. Dantza tradizionalak berreskuratu, eguneratu eta plazan erakusteko lanean erreferente da lurraldean, eta, aurrera begira, beste hainbeste urtetarako sasoia dutela erakutsi dute.

Indarraren ibilbideari lotuta joan da, esate baterako, Josu Arcerena (Gasteiz, 1986), kultur elkarteko lehendakariarena. Hiru urterekin egin zituen lehenengo jauziak dantza taldean, eta tronboiarekin fanfarrera batu zen 16 urterekin, txistuarekin ere tartekatuta. "Musikarekin jarraitzen dut taldean, eta inork begiratzen ez duenean bakarrik izaten naiz dantzaria, kar-kar". Urte batzuk beranduago batu zen Nagore Lekuona (Gasteiz, 1986) dantzarien artera, eskolan eta Udal Folklore Akademian aritu eta gero. "Eta orain nire aisialdi osoa da Indarra", aitortu du, inauterietarako prestatu duten ikuskizunerako lantalde bilerara sartu aurretik. Militantziatik asko duela esan dute biek, eta "konpromiso sendoa" partaideen artetik.

"Jatorriari garrantzia ematen diogu, eta berrikuntzarik egiten badugu, hori ere azaltzea gustatzen zaigu"

Nagore Lekuona, dantzaria

Eta horren lekuko da Gasteizko Alde Zaharrean duten lokala, ez da mugimendurik falta. Izan ere, asteroko entseguekin batera, ohikoak izaten dira batzorde bat edo bestean bilerak. Ikuskizun bakoitza zerotik abiatzen dute, musika eta dantza eurek sortzen dute, eta horretarako dozenaka kideren laguntza behar da. Lantalde batek emango dio lehenengo forma sormen lanari, musika etorriko da ostean, eta dantza azkenik, beharrezko jantzi eta atrezzoak lagunduta. "Lantalde guztietan jende ezberdina biltzen saiatzen gara: dantzariak, musikariak, txikiekin dauden begiraleak... Bakoitzak, dakien neurrian, bere ekarpena egiten du, eta denen artean osatzen joaten gara", gogoratu du Lekuonak.

Gasteiz Zortzikoa

Dokumentazio lan mardula izaten du prestatzen duten ikuskizun bakoitzak. Bilduta duten dokumentazio zabalarekin batera, inguruko adituengana edo Euskal Herriko beste txoko batzuetara ere jo izan dute piezak sortzeko informazio bila, eta sarean ere beste herrialde batzuetako dantzak arakatzen aritu dira; ugari dira, azaldu dutenez, Europako dantza batzuekin aurkitu dituzten parekotasunak. Ikerketa lan garrantzitsu horietako bat Gasteiz Zortzikoa piezaren ingurukoa izan zen, Udaleko akta batzuetan eta zenbait artikulutan aurkitutako altxorra. "Arkeologoen antzera, pieza bat falta zuen loreontzi bat aurkitu zuten; nolakoa zen bazekiten, arrasto bat zuten, eta hori osatzea falta zen", azaldu du Arcek, obra nola berreskuratu zuten gogoan. 1987an egin zituzten lehendabiziko ikerketak, XX. mende hasierako dokumentu batzuetan dantza honi erreferentzia egiten ziotela aurkitu zutelako; agirietan, dantza honen inguruan udal guztia biltzen zela ikusi zuten, "baita zinegotzi eta alkateen familiakoak ere". Iturrien arabera, XVIII. mendean zehar dantzatu zuten Zortzikoa, eta uneren batean galdu egin zen. 1988an berreskuratu ostean, gaur egun, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietako egitarauan ohorezko lekua du Gasteiz Zortzikoak.

Donibane Lohizunen antolatu zuten dantza topaketa batean izan ziren Indarrako kideak. / Indarra

Indarrak ikurrik baldin badu, halere, hori inauteriak dira zalantzarik gabe. Eta pandemiak ekarri duen etenaren ostean, bi urte eta gero, plazan izango dira inauteri hauetan ere ikuskizun berriarekin. Plaza Berrian aurkeztuko dute, otsailaren 17an, 20:00etan, inauteri bezperan. Topagure izenarekin, Indarra taldeko guztiak elkartuko dira –fanfarrea, gaitariak, txistulariak eta dantzariak–, urteetan zehar agertutako pertsonaiak bilduko dituzte, eta desfile eta ikuskizunetan bizitakoa gogoraraziko dute. Izan ere, gutxik gogoratuko duten arren, 1979. urtean, dantza eta festa gosez, Indarrak hiriko lehen inauteri konpartsa antolatu zuen, eta harrera onaren ondorioz, egunera arte jarraitu dute. Beste ekarpen bat egiteko asmoarekin, gainera, 2005etik aurrera ikuskizun propioa eskaintzen hasi ziren, eta hala etorri ziren Godaleta, Sasi guztien gainetik, Naturaren indarra, Indarteriak eta Kimuak. Horiek guztiak batu, eta, ordubeteko saioan, Indarra zer den erakutsiko dute taldekideek. "Egiten dugun lanaren benetako erakusgarria izango da Topagure. Kalean egingo dugu, eszenatokirik gabe, Gasteiz erdigunean, partaide txiki txikienetatik helduenetara, musika zuzenean eta gure dantza tradizional eta asmatutakoekin", nabarmendu du Lekuonak. "Etorri zaitezte Gasteizko inauterien jatorria ezagutu nahi baduzue", gehitu du Arcek.

Folklorean erreferente

Frankismoaren lehen urteetan jaio zen Indarra, 1973an sortu zen elkartea, eta hasieratik Arabako eta Euskal Herri osoko ohiturak dantzen bidez aztertzea, kontserbatzea eta erreproduzitzea izan zuen helburu. Horren adibide dira bere errepertorioan aurki daitezkeen lurralde ezberdinetako euskal dantza ugari. Elias Agirrezabal, Enrique Alcazar, Luis Oianguren eta Maria Asuncion Mujika ageri dira, besteak beste, Gasteizko El 70 tabernan elkartea osatu zuten partaideen artean, Manuel Iradier elkartetik jaio eta Gaztelu taldeko hainbat kiderekin batera osatutako dantza taldea. Euskal folklorea izan du ardatz beti, eta, garaian garaiko egoeraren arabera, euskara ere zutabe garrantzitsua izan da. "Aspaldi egiten dugu dena euskaraz, salbuespenen bat egon daitekeen arren. Portzentaje oso txiki batek ez daki euskaraz, Gasteizek bizi duen errealitatearen antzera", esan du Lekuonak.

"Gasteizko inauterien jatorria ezagutu nahi baduzue, etor zaitezte Topagure ikuskizunera"

Josu Arce, musikaria

Lehenengo urteetan herriko jaietan eta urte amaierako Ilargi Betea bezalako jaialdiak antolatzen egindako lanei esker eta euskal dantzetan egindako zabalkundeei esker, 1978an Urrezko Zeledon saria jaso zuen, eta urte batzuk geroago, 1993an, euskal kultura zabaltzeko eta berreskuratzeko lanarekin jarraitzeagatik Kultura saria eman zion Arabako Foru Aldundiak. "Edozein elkarte sortzea erraza da, baina belaunaldiz belaunaldi hurrengo 100.000 pausoak ematea ez da horren erraza. Eta hori da gure erronka aurrerantzean ere, ondare garrantzitsua dugula gogoratzea, hori jasotzea eta kalera ateratzea", azpimarratu du taldeko lehendakariak. 

Musikari eta dantzari artean, 150 bat lagunek osatzen dute Indarra. / Indarra

Zein da, ordea, hainbeste urtez taldeari eusteko gakoa? Familia izateko "handiegia" dela uste du Lekuonak, baina bada lagun talde handi bat. Konpromisoa eta giro ona ezinbestekoak direla gogoratu dute. "Jende asko dago, oso ezberdina, baina badago zerbait batzen gaituena, euskal folklorea. Polita da hori. Elkarrekin ordu mordoa egiten ditugu, taldean eta hemendik kanpo ere bai", gogoratu du Lekuonak. "Eta hori mantentzen jarraitu nahi dugu. Harro sentitu daukagunarekin, gure kulturarekin. Askok zaharkituta geratu dela esaten dute, baina guk eguneratuta bizi dugu, bizirik eta gozatzen".

Tradizioa gaur egunera ekarri dutela nabarmendu dute, "modu naturalean", baina fusio berezirik gabe. Beste erritmo batzuk edota jantzi desberdinak sartu dituzte hainbat euskal dantza taldek, baina ez da hori Indarraren apustua. "Hori ere interesgarria da, baina ez da gure lana. Esku artean daukaguna oso potentea da, eta hori erakustearekin nahikoa dela uste dugu, beharrezko aldaketekin noski", azaldu du Lekuonak. "Jatorriari garrantzia ematen diogu, nola egiten zen eta nola mantendu den, eta berrikuntzarik egiten badugu, hori ere azaltzea gustatzen zaigu".

Bereizketarik ez 

Genero ikuspegitik izan du aldaketa nagusienetako bat Indarrak. Mutilen eta nesken dantzak bereiztetik, halako sailkapenik ez egitera pasa dira azken urteetan, baina bilakaera naturala izan dela azaldu dute, inolako eztabaidarik gabe. "Mutilen dantzak eta nesken dantzak bereizi ditu tradizioak, baina horri buelta ematen jakin izan dugu", azaldu du Arcek. Mutilek garai batean aurrean dantzatzen zuten, haienak ziren dantza indartsu eta ikusgarrienak. "Aldiz, emakumeak atzetik, dantza lasaiagoekin, itxurak mantentzen. Gaur egun ez dugu planteatu ere egiten gai hori. Denok gara dantzariak, eta nik ere ezpatadantza dantzatu dezaket", nabarmendu du Lekuonak.

Argazkian, txikien taldea, Dantzari egun batean. / Indarra

50 urteotan plazak ere aldatu dira, eta izan dira garai hobeak. Herriz herri, urte askotan hamaika txoko bisitatzen zituzten Indarra taldeko dantzari eta musikariek, jairik jai, baina hori "erlaxatu" dela uste dute. 1990eko hamarkada izan zen, beharbada, oparoena, azaldu dutenez, hitzordu ugari izaten ziren Euskal Herriko bazterretan, eta partaide kopuru aldetik ere handiagoa zen orduan. "Alde batetik eta bestetik gonbidatzen gintuzten, Basauritik batean eta Ezpeletatik hurrengoan... Talde kultural guztietan moteldu da hori". 2008tik nabaritu dute apaldu egin dela giro hori, krisi ekonomikoak areagotuta. "Inauteri eta bestelako jaietan bidaia ugari egiten genituen, baina udaletxeek hori murriztu dute, eta oraindik beldur pixkat dagoela ematen du". Halere, plazara irtetzerakoan publikoaren erantzuna bikaina izaten dela esan du Arcek: "Jendea berehala ateratzen da plazara, jendeak badaki dantzan, eta gustatzen zaio".

Urte osoko programa

Plazak berreskuratzeko lan horretan, Indarraren 50. urteurrena giltza izan daiteke. Ostiraleko Topagure ikuskizunarekin batera, urtean zehar beste hainbat ekitaldi ere izango direla aurreratu dute. Maiatzaren 27a izango da egutegian gorriz markatu beharreko data horietako bat; mende erdi honetan Indarratik pasa diren lagun guztiak gonbidatuko dituzte egun horretarako prestatzen ari diren festa erraldoirako. Udan beste ekitaldi bat izango da, eta urte amaierarako beste bat antolatu nahi dute.

Urtemugaren aitzakiarekin, gainera, material sorta handia biltzen eta dokumentatzen ari dira, eta ekitaldi horietan erakusteko aukera izan daiteke. Mende erdiko historian, gainera, ez dira falta bitxikeria eta pasadizoak. "Istorio ugari ditugu, hainbat liburu idazteko modukoak. Gogoan dut, esaterako, egoera politiko latza zegoen garaietan, Poliziaren aurrean jendea nola ezkutatzen zen fanfarrearen kalejiraren atzetik...", gogoratu du Arcek. Euskal Herriko mugetatik kanpo, Polonia, Frantzia eta beste hainbat txokotan ere izan dira urte hauetan, eta horietatik ere hamaika bitxikeria ekarri dituzte, Lekuonak aipatu moduan: "Elkarrekin ordu ugari egiten dugu horietan, eta pasadizo politak izaten ditugu, baina denak ere ezin ditugu kontatu...".

Joan den asteburuan egin zuten 'Topagure' ikuskizunaren azkeneko entsegu orokorra. / Indarra

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago