Foru eta udal hauteskundeak hurbiltzen diren heinean, pixkanaka agertokiak argitzen doaz, eta gero eta zirrikitu gutxiago daude ezustekoetarako. Jaurlaritzak zabaldutako inkesta batek ez du aparteko sorpresarik ekarri, ez Araba mailan bederen. Oro har, EAJ berriro gailenduko litzateke, eta gaur egun PSErekin duen aliantza berritzeko moduan egongo litzateke. Hiriburuan, berriz, ikusteko dago behin betiko zenbakiek zer dioten, EAJk eta EH Bilduk zazpina zinegotzira berdinduko luketelako, eta seguruenera paktuek erabakiko dute berriro.
Ohi bezala, agertokia mugituago dago ezker ez subiranistaren esparruan. Batetik, Jaurlaritzaren inkestak beherakada nabarmena aurreikusi du Elkarrekin Podemosentzat. Bestetik, esparru horretan ohikoa den siglen puzzlean aldaketak datoz aurten ere. Momentuz, hiru alderdik iragarri dute batera joango direla: Elkarrekin, IU eta Alianza Verde. Azken hau Juantxo Lopez de Uraldek sortutako alderdia da, 2019an Equon gertatutako zatiketa baten ondorioz. Alabaina, Gasteizen bederen Berdeak Equo alderdiak iragarri du Oscar Fernandez egungo zinegotzia izango dela beren hautagaia. Ikusteko dago lau alderdi horiek batera joango diren. Honi guztiari gehitu behar zaio Espainian Yolanda Diaz ministroak Sumar izeneko "plataforma" martxan jarri duela, udal hauteskundeetan aurkeztuko den zalantzan dagoen arren.
EAJren zerrendetan, Gorka Urtaran egungo alkatearen alboratzearena izan da mugimendu sonatuena, haren ordez Beatriz Artolazabal hautagaitzat izango dutelako. Jaurlaritzan utzitako eserlekua betetzeko, azken bi urteetan sail berdinean aholkulari gisa ibilitako Nerea Melgosak ordezkatu du Artolazabal Jaurlaritzan, eta dagoeneko kargua hitzeman du Urkullu lehendakariaren aurrean.
Gasteizkoa ez da EAJk iragarri duen aldaketa garrantzitsu bakarra. Horrenbeste zarata sortu ez badu ere, Bastidan ere EAJk hautagaia aldatu du: Laura Perez egungo alkatearen ordez, EITBn eta Baleuko ekoiztetxean zuzendari izandako Eduardo Barinaga izango da zerrenda burua. 2019ko hauteskundeetan, PP izan zen zerrenda bozkatuena, Daniel Garcia zerrendaburu zuela, baina EH Bilduren bi botorekin jeltzaleek alkatetza eskuratu zuten. Bastidatik gertu, antzeko kasua gertatu zen Guardian, bertan ere EAJk lortu duelako gobernatzea koalizio abertzalearen laguntzari esker.
Zerrenda gehienak
EH Bilduk dagoeneko aurkeztu ditu zerrenda gehienak. Aurrenekoz, Moredan eta Eltziegon hautagaitzak aurkeztuko dituzte. Diputazioan eta hiriburuan, berriz, ez dago nobedaderik, aspaldi finkatu zituztelako zerrendaburuak: hurrenez hurren, Eva Lopez de Arroiabe eta Rocio Vitero izango dira. Besteak beste, Asparrenean eta Legution alkatetzak berresteko hautagaitzak errepikatuko dituzte, Txelo Auzmendi eta Juan Kruz Jainagaren eskutik.
PSE eta PP alderdien aldetik ez da espero aldaketa handirik. Primarioetan sozialistek Maider Etxebarria Gasteizen eta Cristina Gonzalez aldundian proposatu dituzte, eta popularrek Ainhoa Domaica eta Iñaki Oiarzabal aurkeztuko dituzte.