Aurrerapena

Euskaltegiak, Mikel Bustamante eta Iñaki Peña, aste honetako ALEAn

Erredakzioa 2023ko ots. 9a, 09:20

ALEAren 356. zenbakian, Gasteizko euskaltegien 50 urteko ibilbideari buruzko erreportajea eta bi elkarrizketa: Goya Sarietarako izendatutako Mikel Bustamante aktorea, eta Iñaki Peña mediku eta dokumentalgilea.

  • Sakonean. Mende erdia Gasteiz euskalduntzen. 1960 eta 1970 urteen arteko gau eskoletatik sortu ziren AEK eta Udaberria euskaltegiak. Hegoalde, berriz, 1985ean, eta IKA 1989an. Milaka lagun ibili dira euskara ikasten, eta haietako asko euskaldundu dira. Zer da, ordea, euskalduntzea? Galdera erraza dirudi, baina galde egiozue zeuen buruari. Ruben Sanchezen erreportajea.
  • Elkarrizketak:
    • Mikel Bustamante, aktorea: "Samurra izan da nire lana: inguruko aktore handiei adi entzutea". Bartzelonan hasi zuen zine ibilbidea amurrioarrak, eta Madrilen jarraitzen du aktore lanak zein film laburretako zuzendari lanak sortzen. Azkenekoa, hamaika sari jaso eta denen ahotan den Cinco lobitos pelikulan egindako aktore lana izan da; "ohore bat izan da, ikasketa bat". Anakoz Amenabarren elkarrizketa.

    • Iñaki Peña, medikua eta dokumentalgilea: "Doluan daudenei hurbiltzeko beldurra galdu behar dugu". Peñak zuzendutako 'Mendian hil, hirian hil' dokumentala heriotzari eta bizitzari buruz egindako hausnarketa baten hirugarren emaitza da. Dokumental hori aitzakiatzat hartuta, gaiari buruz hitz egingo dute Izarran. Juanma Gallegoren elkarrizketa.
  • Gaurkotasuna eta Hamaika Saltsa:
    • Martxoak 8. "Ez zaintzea pribilegioa da": Denon bizitzak erdigunean lemarekin abiatu du mugimendu feministak hemendik eta Martxoaren 8ra bitartean bultzatuko duen dinamika berria; zaintzaren inguruko lanak azpimarratu nahi dituzte.

    • Ekonomia. Erdira murriztu da olibaren uzta: Aprorak dituen errotetan %55 kilo oliba gutxiago ehotzi dituzte, eta soilik 72.000 litro olio lortu dira, 2021eko 175.000 litroen aldean. "Arabako olibadia errentagarria izateko ezinbestekoa da ureztatzea".

    • Ondarea. Daudenak eta izan direnak: Arabako Errioxako baselizen gaineko azterketa zabala aurkeztu dute Ohitura aldizkariaren 15. zenbakian. Ikertzaile talde batek ondu du "erreferentziazko" lana izatea asmo duen monografia.

    • Gaubea. Heraldika museoa, Gaubeara: 2007. urtera arte, Mendozako dorrean egon ziren Arabako Heraldika museoaren funtsak Varonatarren dorretxearen inguruetan kokatzearekin ados daude EAJ eta PP; epeak eta inbertsioak zehaztu behar dira.

    • Jazzaldia. Schneider eta Mehldau datoz: Maria Schneider orkestra zuzendaria eta Brad Mehldau piano jolea Mendizorrotzean izango dira uztailean, Gasteizko Jazzaldiaren 46. edizioan. Zaletuak zein publiko berriak ase egin nahi dituzte.
  • Beste edukiak:
    • Iritzia: Cira Crespo, Basamortua
    • Sarean: #Talentua
    • Iruditan: Neguko argazki lehiaketa
    • Zozketak: Willis Drummond & Harat, Trebiñu Sagardotegia eta Parral Taberna
    • Euskararen Agenda: otsailaren 10etik 16ra

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago