IÑAKI PEÑA

"Doluan daudenei hurbiltzeko beldurra galdu behar dugu"

Juanma Gallego 2023ko ots. 9a, 06:00

Peñak zainketa aringarrietan dihardu, eta gertutik ezagutzen du dolu prozesua. ARTEMAN

Peñak zuzendutako Mendian hil, hirian hil dokumentala heriotzari eta bizitzari buruz egindako hausnarketa baten hirugarren emaitza da. Dokumental hori aitzakiatzat hartuta, gaiari buruz hitz egingo dute Izarran. 

Murgiako osasun zentroko langileen ekimenez, eta Kukuso taldeak antolatuta, Mendian hil, hirian hil dokumentalaren proiekzioa prestatu dute aste honetan Izarran, eta hilaren 22an ere bizitzari eta heriotzari buruz hausnartzeko Death Kafea egingo dute herrian. Zainketa aringarrietan lan egiten duen Iñaki Peña (Burgos, 1971) mediku eta zuzendariaren aburuz, dolu prozesuetan aurrera egin beharra dago, baina horrek ez du esan nahi ahaztu behar denik.

2020an aurkeztu zenuten Mendian hil, hirian hil dokumentala. Zer nolako ibilbidea izan du? 

Ibilbide bitxia. Mendi Film jaialdian hasi ginen, izugarri foro polit batean. Nolabait esateko, horrek suposatu zuen Everestetik hasi ginela ibilbidea. Ondoren, leku pila batetik ibili gara. 2021ean lau hiriburuetako areto komertzialetan eman genuen, baita kultur etxeetan eta abarretan. Euskal Herritik kanpo ere proiekzio batzuk egin ditugu; besteak beste, Vic-en ondoan dagoen Torello-ko jaialdian, Estatuko beteranoenean. Katalanez azpidatziak egin genituen, eta hori ere oso polita izan zen.  

Zer aurkituko du bertan ikusleak? 

Aurreko beste bi dokumentaletan bezala, oroimenaren aldeko lan bat da. Batzuetan pertsona batzuek pentsatzen dute dolu egitea dela ahaztea eta aurrera egitea. Eta dolua egitea bada, noski, aurrera jarraitzea, baina inola ere ez ahaztea. Pertsona bat maite izan baduzu, kontua ez da ahaztea, baizik eta gogoratzea, min hori izan gabe. Eta hori lortzen da konpainia onekin, kasu batzuetan  —gutxitan, zorionez—, agian profesionalen laguntzarekin, eta denborarekin. Ingurukoekin, familiarekin edo lagunekin hitz eginez. Zuloan gelditu beharrean, asko hitz egin behar da. Hirugarren dokumental honetan mendira joan gara, oso mundu maskulino batera —gizarteko beste leku asko bezala—. Gizonok pentsatzen dugu hilezkorrak garela, eta inoiz ez zaigula ezer gertatuko; ez dugu gure burua zaintzen, eta ez dugu horren garatuta besteak zaintzeko sen hori. Pertsona bat mendi istripu batean hiltzen denean —normalean oso jende gaztea izaten da gainera—, heriotza oso bortitzak dira, eta hori kudeatu beharra dago. Kasu hauetan normalean bai, beharrezkoa da profesionalen laguntza. Hildakoa gazteegia denean, eta bat-batean gertatu denean. Halako heriotzak gertatzen direnean, ez dugu agurtzeko modurik, eta baliteke gauza batzuk pendiente geratu izana.  

"HERIOTZAREN UNEAN, KATARTIKOA IZAN DAITEKE NEGAR EGITEA EDOTA BARREZ LEHERTZEA ERE"

Gaixotasun baten kasuan, gutxienez badago aukera agurtzeko. Mendian, edo auto istripu batean, ez... 

Ez, dago, ez. Bat-bateko heriotzetan sartzen da zuk aipatu duzuna, baina baita suizidioa ere. Lehenengo dokumentalean suizidioa jorratu genuen, eta oraingo honetan ere jorratzekotan egon gara, Edurne Pasabanekin. Azkenean gaia kanpoan geratu da, baina kontuan izan behar dugu mendian gertatzen diren heriotza batzuk ez direla istripuak. Suizidioez gain, hor hilketak ere gertatu daitezke. Alabaina, hogei urteko gazte batek gaixotasun bat garatzen baldin badu... horiek sufrimendu handiko prozesu latzak izaten dira, baina gutxienez prestatzeko denbora duzu.

Zainketa aringarrietan ari zara. Denetariko prozesuak ikusiak izango dituzu, ezta?

Bai. Badira heriotzari aurrez aurre begiratzen diotenak, eta nahiko modu... ez dakit eredugarria hitz egokia ote den... guregan inpaktu handia sortzen duten moduetan. Posible da serenitate puntu batetik egoerari aurre egitea, eta horrek gauzak errazten dizkie ingurukoei ere. Halakoetan, izugarrizko eskuzabaltasuna da hori egitea. Ez dakigu bakoitza ataka horretan nola egongo garen. Baina gehienetan prozesu koherenteak izaten dira pertsona horrek bizi izan duen moduarekin. Salbuespenak salbuespen, noski.

Bizi-bizirik nagoen egoera pribilegiatu honetatik, pentsatu nahiko nuke heriotzari umorez begiratuko niokeela. Baina seguruenera bururatuko zaidan azken gauza izan daiteke?

Esango nuke denetarako denbora izaten dela. Emozioak nahastu egiten dira; tartean, amorrua, tristezia… baina baita umorea ere. Batzuek umore beltzetik ere heltzen diote heriotzari. Denbora dago gauza guztietarako. Baina hori guztia positiboa izan daiteke. Katartikoa da negar egitea edota barrez lehertzea ere.

Trilogia baten parte dela esan didazu. Zeintzuk dira aurrekoak?

Lehenengoa Aulki hutsak izan zen. Duela hamar urte egin genuen, eta gaixotasunak jorratu genituen. Minbizia, alzheimerra... eta suizidioa ere. Baita orain gero eta gehiago lantzen ari den kontu bat ere: dolu perinatala, umetxo bat galtzen denekoa. Bigarrena Saminetik-suminetik bakera izan da. Dokumentala baino, Oihanederren aurkeztu genuen lan eszeniko bat da. Hor jorratu dugu indarkeria politikoari lotutako dolua. Ideologian sartu barik, ETAk eta Batallon Vasco-Españolek hildakoen bi alaba azaltzen dira, bi mundu desberdinetakoak... Suizidioaren edo minbiziaren kasuan bezala, hau guztia tabua da. Baina ni ezin nintzen isilik gelditu, Euskal Herrian mila hildakotik gora izan ditugunean.

Euskal Herrian, gelan dagoen elefante horietako bat da indarkeria politikoa...

Bai. Eta arantzatsuak diren beste gaiekin egin dugun moduan, dokumentala mugitu dugu. Apirilean, adibidez, Aezkoan Mikel Zabalzaren inguruko ziklo batean egongo gara. Baina emanaldi askoz gutxiago izan ditugu: hogei proiekzio inguru, beste bien kasuan bakoitzak ehundik gora proiekzio izan dituzten bitartean.

Zuk zaintza aringarrietan egiten duzun lan hori guztiok egin dezakegu?

Hori da, funtsean, mezu nagusia. Ikusleei esan nahi diegu ez direla zertan psikologo izan behar laguntzeko. Bihotzetik eta borondate onarekin joaten baldin bazara, ondo egingo duzu. Norbait doluan dagoenean, askotan pentsatzen dugu hurbilduz gero molestatuko dugula. Kontrara: benetan estimuan baduzu pertsona hori, eta bihotzez laguntzea ateratzen bazaizu, dei egin iezaiozu, hurbildu zaitez berarengana. Doluan dagoenak ez badu hitz egin nahi, esango dizu, edo aurrerago hitz egingo du zurekin. Baina ondo egingo duzu, ez duzu zertan beldurra izan behar hurbiltzeko. Kasu batzuetan profesionalen beharra egongo da, baina %90ean ingurukoen laguntza baino ez da beharko dolu prozesuan aurrera egiteko. Bestalde, eta gustuko baduzu, mendia ere lagungarria izan daiteke, beste ezein zaletasun bezala. Funtsean, dokumental hauek bizitzaren aldeko aldarriak dira! 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago