Arteche-Hitachiko greba mugagabeak hiru astez eten du ekoizpena, jarraipena erabatekoa izanda. Urtarrilaren 16an ekin zieten lanuzte eta mobilizazioei, eta, ELA sindikatuak jakitera eman duenez, joan den ostiralean, otsailaren 3an, akordioa lortu eta greba bertan behera uztea erabaki zuen enpresa batzordeak.
Enpresako lehen hitzarmen kolektiboak honako hobekuntza hauek ekarriko dizkie neurketa transformadoreak ekoizten dituen fabrikako 62 langileei:
- KPIaren gaineko soldata igoerak: %8 2023an, eta KPIa + %1 2024rako eta 2025erako.
- Lanaldiaren murrizketa: 1.700 ordura (sektoreak urteko 1.731 ordu ezartzen ditu).
- Txandakotasun plusaren igoera.
- Antzinatasun plusaren igoera.
- Blindatzeak: ultraaktibitatea eta ez aplikatzeko klausula.
- Hobekuntzak bajagatiko osagarrian eta bizi aseguruan.
"Arteche-Hitachiko langileen borrokak erakutsi du mobilizazioa eta greba direla tresnarik onena lan baldintzak hobetzeko, eta gutxienez KPIa bermatzen duten soldata igoerak lortzeko", aldarrikatu du ELAk.