LABek jakitera eman duenez, ostegun honetan, otsailaren 2an, sindikatuak oniritzia eman dio Arabako ardogintza industriaren hitzarmen berrirako aurrekordioa sinatzeari. Sindikatu abertzalearen batzarrak asteazkenean eman zion baiezkoa, aho batez. ALEAk jakin duenez, CCOOk eta UGTk ere sinatzea erabaki dute, baina ez dute oraingoz ohar ofizialik zabaldu.
Akordio berriak jarraipena eman dio iaz sinatutako hitzarmenari, %4ko soldata igoerak eta atzerapenak jasotzen baitzituen (KPIa -%0,5 izan zenean). Oraingoan, berriz, honako edukiak adostu dituzte sindikatuek patronalarekin:
- Indarraldia: 2022-2025.
- Ultraaktibitate mugagabea.
- Hitzarmena ez aplikatzea.
- Soldata igoerak: %6,5 2022an (urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin), %2 2023an, %2 2024an eta %2 2025ean.
- Soldata igoera bermatua: ezin da konpentsatu, ezta xurgatu ere; igoeren kopuru gordinak bermatzen dira.
- Lanaldi murrizketa: 2025tik aurrera, 1.740 ordu.
- Laneko gertakizunengatiko bajen osagarrietan hobekuntzak: %100ekoa 10. hilabete arte (300 egun).
- Lizentziak eta baimenak: araudira egokitzea, baimenak lehenengo lanegunean hartzen hastea.
- Erretiroagatiko oporrak: hilabete gehiago egoera bakoitzerako.
- Kontingentzia profesionalengatiko aseguru poliza: 2.500 euro gehiago.
- Arriskuen prebentzioa: azterketa medikoa egiteko aukera, eta aldi baterako ezintasuna hilabetetik gorakoa izan bada.
- Berdintasun plana sektorerako.
LABen ustez, sektoreko hobekuntzak "nabariak" dira. "Sektoreko gutxieneko soldatak jasotzen du LABen aldarrikapen nagusietako batek: 19.600 euroko gutxieneko soldata (14 ordainsari, 1.400 euro), eta hori 2023an lortu da", azpimarratu du sindikatuak. "Horrez gain, lan gaixotasunagatiko estaldura %25 hobetzea lortu da, 240 egunetan zegoena gutxienez 1999tik; eta hamarkada batetik gora mugiezin zegoen lanaldia murriztu da".
"Pozik gaude akordioarekin. Sektorean gehiengoa izanik, sektorearen aldarrikapenak gizarteratzeko negoziazioa eta dinamika gure gain hartu ditugu. Ideiak eta jendea ekarriz, anbizioz eta arduraz. Sektorean gehiengoa garenetik, negoziazio kolektiboa irauli egin da, eta, beraz, eskubide batzuk ez dira aldatzen beste batzuk mantentzeagatik. Beti hobetzen da", baloratu du LABek. "Beraz, beharrezkoa da sindikatuak sektorean duen ordezkaritza hobetzen eta handitzen jarraitzea, konkista horiei jarraipena emateko".
Horrekin batera, eskerrak eman dizkiete "langileei, ostalaritzari, Arabako Errioxako biztanleei eta beste hainbeste pertsonari, horiek gabe ezinezkoa izango baitzen akordio hau lortzea".
ELAri kritika
Aurreakordioa ospatzearekin batera, "ELA sindikatuak negoziazio osoan izandako jarrera" salatu du LABek. "Erabateko utzikeria, errespetu falta eta arduragabekeria, nahiz eta sektorean gutxiengoan egon. Horren erakusgarri da ez dutela sinatu negoziazio mahaiaren eraketa akta urrira arte (negoziazioa otsailean hasi bazen ere); maiatzean negoziazioa atzeratu behar izana ELAren ordezkaritzak ez zielako erantzuten bileretarako deiei; edo uztailean ez agertzea beste bilera batera".
Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, mahai negoziatzaileak abenduaren 19ko bilera eguna eta ordua aldatu behar izan zituen ELAk eskatuta. "Ez ziren agertu, ezta agertuko ez zirela abisatu ere. Negoziazioaren une garrantzitsuenean, desagertuta egon dira. Horri gehitu behar zaio ekainean ere baztertu egin zutela sindikatuen arteko dinamika bateratuan parte hartzeko edozein aukera, proposamenik entzutea ere onartu gabe; ezin dute aitzakia merketzat jarri metalaren hitzarmenaren sinadura", gaineratu du LABek. "Gainera, hilabete hauetan ez diote proposamen bakar bat ere aurkeztu negoziazio mahaiari, eta ez dute mobilizazio dinamikarik planteatu, ez beren aldetik, ez gainerakoekin".
LABen hitz gogorrak ez dira hor amaitu: "Argi dago ardoaren sektorearen negoziazioak ez diola bere interes korporatiboei erantzuten, erabat utzia izan dute, eta beraz, sektore horretan lan egiten duten 1.000 familiak alde batera utzi dituztela. Ez dugu kritikarik ezta ikasgairik ere onartzen beren aldetik".