Arabako ardogintzak mobilizatzeari ekin dio, hitzarmen duinaren alde

Erredakzioa 2022ko urr. 21a, 16:30

Kotxe karabana bat egin dute, beste hainbat protestarekin batera. / Argazkia: LAB

LAB, CCOO eta UGT sindikatuen eskutik, mobilizazioak hasi dituzte Arabako ardogintza langileek, besteak beste soldata igoerak eta lanaldiaren murrizketa jasotzen dituen hitzarmen berri bat eskatuz.

Ostiral honetan, Arabako ardogintzaren sektoreko hitzarmenaren aldeko mobilizazio ziklo berri bateko lehen protesta egin dute. Besteak beste, Bastidako bus geltokitik abiatuta, kotxe karabana egin dute Garcia Carrion, Baigorri, Izadi eta Luis Cañas upategietatik pasatuz. Laster, azaroaren 10ean, beste martxa bat egingo dute Guardiako Huerta Viejatik abiatuta; eta abenduaren 1ean ere, CVNEren aurrean mobilizatuko dira.

Arabako Ardoaren Industria eta Merkataritza Sektorearen hitzarmena 2022ko otsailean hasi zen negoziatzen. "Sektoreak mila pertsona ingururi eragiten die, batez ere Arabako Errioxan, eta hitzarmenak familia askoren lan eta bizi baldintzak arautzen ditu", azaldu dute LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.

Bertan behera utzitako hainbat bileraren ostean, hiru sindikatuek 2021ean egindako mobilizazio dinamikari jarraipena ematea erabaki zuten ekainean; ELA sindikatuak, berriz, intersindikaleko beste zentralen proposamenari uko egin zion: "Ez zen eseri ere egin edukiei eta mobilizazioei buruzko balizko akordioez hitz egiteko. Hala ere, berriro ere dei zintzoa egiten diogu bat egin dezan", adierazi dute.

Mobilizazio horiek, besteak beste, honako aldarrikapenak jasotzen dituzte:

  • Soldata igoerak, sektorean lan egiten duten pertsonen erosteko ahalmena bermatzeko.
  • Lanaldia murriztea, hainbat urtez ordu bakar bat ere jaitsi gabe izan ostean. "Ordua da", diote sindikatuek.
  • Bajen osagarriak hobetzea.
  • Aldizkako kontratu finkoak dituzten pertsonen baldintzak arautzea.
  • Beste batzuk: berdintasun planak, lan osasuna, kontziliazioa...

SEAren lehenengo proposamenak igoera finkagarri eta ez-finkagarrien formula bat planteatzen zuen, baina sindikatuek "erabat" baztertu zuten. Hasiera batean, hitzarmena bi urtetik hiru urtera luzatzea onartu zuten, upategiek KPIaren zifrak beren gain hartu ahal izateko. "Baina, horri erantzunez, patronalak formula bat proposatu du, lehenengo proposamenean aurkeztutako igoera berberak banatzeko, KPIari topea jarrita", azaldu dute langileen ordezkariek.

Horren aurrean, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek dei egin diete sektorean lan egiten duten pertsona guztiei datozen asteetan egingo diren mobilizazioekin bat egin dezaten, "merezi eta behar duten hitzarmena" lortzeko. Gainera, Arabako Errioxako auzotar, ostalari zein beste sektore batzuetako langileei ere bat egiteko eskaera egin diete.

Azkenik, sindikatuek ohartarazi dute urriaren 28ko bilerak negoziazioa berriro bideratzen ez badu, adostutako "mobilizazioen intentsitatea handitzeko aukera" aztertuko dutela. "Pilota upategien eta SEAren teilatuan dago", adierazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago