Telmo Lazkano

"Mugikorraren erabilera egokirako formazioa behar da"

Anakoz Amenabar 2023ko ots. 4a, 08:00

Otsailaren 6an hitzaldia eskainiko du Telmo Lazkanok. / Telmo Lazkano

Gazteen artean sare sozialen erabilerak eta horiek buru osasunean duten eragina izango du hizketagai Telmo Lazkanok Gasteizen hurrengo astelehenean, otsailaren 6an, Floridako kultur etxean.

Mugikorren eta sare sozialen gehiegizko erabilerak kezkatuta, egitasmo berritzaile bat jarri zuen abian Telmo Lazkanok Donostiako Peñaflorida ikastetxean. Ikasketa prozesu baten ostean, astebete mugikorrik gabe egon ziren 15 eta 16 urte bitarteko ikasleak. Besteak beste, esperientzia hartan jasotakoak eta alor horretan ikasitakoak Gasteizen kontatuko ditu hilaren 6an, 19:00etan, Ignacio Aldekoa kultur etxean.

Zergatik erabaki zenuen 'No Phone Challenge' egitasmoa antolatzea?

Prozesu baten ostean erabaki nuen, nire inguruan ikusi eta ikertutakoaren ondoren. Konturatu nintzen bi urteko iloba negarrez hasten zenean, telefonoa jarri eta ziplo geratzen zela, baretu egiten zela; kalean, kuadrillakoen artean ere mugikorrak uneoro presente zeudela ikusten nuen; eta lanera bidean trenean ere gazteak telefonoarekin zeudela beti. Horren inguruan ikertzen hasi eta kontzientzia hartzen joan nintzen, baina bi izan ziren arrazoi nagusiak. Batetik, nire ikasleek egunero bost bat ordu egiten zituztela mugikorrarekin, eta, bestetik, ikerketek benetan datu larriak erakusten zituztela. El dilema de las redes sociales dokumentala ere abiapuntua izan zen.

Zein izan zen egitasmo horren lehendabiziko pausoa?

Hiru atal izan zituen esperimentuak. Aipatutako dokumentala ikusi genuen lehendabizi, eta ezagutza bat sortu genuen ikasleengan. Ez nik kontatuta, baizik eta eurek eraikitakoa, nik proposatutako galdera batzuetatik abiatuta. "Sare sozialak erramintak al dira benetan?", erraminta batek ez baitizu erabiltzea eskatzen, eta hauek bai. "Produktua ordaintzen ez duzun momentutik, zu bihurtzen al zara produktu?". Gogoetara bultzatzen duten galderekin ezagutza eraiki zuten, eta bigarren atalean iritzi kritikoa osatu zuten argudio testu baten bitartez. Ikusitakoak beraiengan nolako eragina zuen ere aztertu zuten, eta hala joan ziren osatzen egoeraren inguruko oinarri sendo bat.

Ostean, astebete izan ziren mugikorrik gabe.

Zuzendaritzan gorde genituen mugikorrak, denon adostasunarekin noski. Eta, horrekin batera, eguneroko bat idatzi behar izan zuten ikasleek mugikorrik gabe nola sentitzen ziren kontatuz, eta horri nola aurre egin zioten azalduz. Lehenengo hiru egunetan dependentzia sintoma argiak agertu ziren gehienetan: ezin ondo lo egin, gehiago jaten hasi, pentsamendu intrusiboak, urduriago, errazago haserretu... Hurrengo egunetan dinamika aldaketa bat eman zen; askatasun hitza askotan errepikatzen zuten, askeago sentitzen hasi ziren, ez zutela lehen zuten presio hori. 5-6 ordu igarotzen zituzten batez beste mugikorrarekin, eta, beraz, beste 5 ordu zituzten egun horietan beste jarduera batzuetarako; lagunekin benetako denbora gehiago pasa zuten, amama bisitatzeko aukera gehiago, kirola egiten hasi ziren... Eta kuriosoa da lau ikaslek azken eguna iritsi baino lehenago esan zutela ez zutela mugikorra berreskuratu nahi, beldurrez zirelako aurreko dinamikara bueltatuko ote ziren.

"Erabilera desegoki eta goiztiarrak lagundu egiten du buru gaixotasunak garatzen"

Epe luzera, izan du eraginik egitasmoak?

Ondorioak desberdinak izan dira, batzuengan inpaktu handiagoa izan du, eta beste batzuengan gutxiago. Esperimentua amaitu eta hilabete batzuetara ikusi genuen ikasle batzuk murriztu egin zutela mugikorraren erabilera, eta sei batek ia erdira jaitsi zutela denbora, eta beste zenbaitek aplikazio batzuk kendu zituztela, tartean Tik Tok, pare bat ordu egiten zituztelako aplikazio horretan.

Sare sozialak arriskutsuak al dira?

Ez dut uste sare sozialak berez txarrak direnik, baizik bere erabilera direla gakoa. Kotxearekin berdin gertatzen da, tresna oso potentea da, baina erabilera desegoki batekin gaizki amaitu daiteke. Azkeneko ikerketek diote korrelazio oso estu bat dagoela nerabeen osasun mentaleko arazoen eta sare sozialen erabileraren artean; kausalitate faktore bat dagoela gero eta argiago dago, baina ez dago erabat adostuta adituen artean zenbaterainokoa den. Esango nuke sare sozialen erabilera goiztiarrak eta desegokiak laguntzen duela buru gaixotasunak garatzen.

Ikusitakoak ikusita, zer gomendatuko zenieke guraso eta irakasleei?

Gogoratuko nieke mugikorra ez dela jostailu bat, potentzia handia duen erraminta bat baizik, eta erabilera egokirako formazio bat behar duela. Mugikorra izateko adin bat errespetatzea ere egokia dela uste dut; adituek 16 urte arte esaten dute, eta badakit utopia bat dela, baina behintzat 14 urte bete arte itxarotea esango nieke.Era berean, bidelagun izatea esango nieke, seme-alabek sentitzea gurasoak hor daudela edozein arazoren aurrean. Mugikorra opari bat ez izatea eskatuko nieke, baldintzarik gabeko gauzak direlako opariak, eta honek adostutako baldintza asko behar ditu erabilera egoki baterako. Ordutegiari dagokionez, bestalde, loaren kalitate eta kantitatean eragin zuzena dutenez, adituek diote ohera sartu baino bi ordu lehenago telefonorik ez erabiltzea, eta hurrengo egunean bazkaldu ondoren jasotzea telefonoa, eskola jardueretan ere eraginik izan ez dezan.

Zure ustez, eskolan ikasleek telefonoa beharko lukete?

Nire ustez, eta hainbat ikerketa aztertu eta gero, 16 urte arte ikastetxean telefonorik gabe egon beharko lukete. Emaitza nahiko esanguratsuak atera dira; batik bat, ikasleen atentzioa eta osasun mentala hobetu da ikastetxean mugikorrik gabe egon direnean. Gaur egun eskola bakoitzaren politikaren araberakoa izaten da. Gurean debekatuta dago, baina ekartzen dute, eta klasean harrapatuz gero telefonoarekin  zuzendaritzan amaitzen dute, eta gurasoek etorri behar dute bila. Baina badaude telefonoa izaten uzten dieten eskolak ere. 

Nabari al da kezka gurasoen artean?

Denetarik dago, badaude asko inplikatzen diren gurasoak. Eskolaz eskola eta herriz herri ibili naiz formazioa ematen –mugikorrarenauzia@gmail.com– eta denetarik ikusi dut. Nik beti Tolosako Altxa burua ekimena aipatzen dut. Oso kontziente dira tresna honen erabilera egokiak duen garrantziaz, eta kontzientzia hori pizten saiatzen dira herrian. Eta adina atzeratzeko gaian, esaterako, garrantzitsua da komunitatean joatea, hezkuntza, familia edo lagunekin batera egitea. Egia da larritasuna geroz eta agerikoagoa dela nerabeengan, baina uste dut heldu askok ere hausnarketa bat egin beharra dugula.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago