C/2022 E3 ZTF KOMETA

Aldirietatik datorren bisitaria

Juanma Gallego 2023ko ots. 1a, 17:28

Lurretik 0,3 unitate astronomikora pasatzen ari da kometa, Eguzkiari buelta eman eta gero. OSCAR CANALES/ASTRONAVARRA

C/2022 E3 ZTF kometa ikusi daiteke egunotan gauez iparraldera begiratuz gero, baina ondo ikusteko prismatikoak beharko dira. 50.000 urtean behin datorren bisitaria dela kalkulatu dute astronomoek.

Zer nolako kaltea egin dioten astronomiaren zaletasunari Hubble edo James Webb moduko teleskopio erraldoiek. Ondo ulertu hau. Espazioaren irudi miresgarriak beti dira ongi etorriak, eta eboluzioaren egutegian atzo bertan kobazulo batean beldurtuta zegoen espezie bati mundu imajinaezina ekarri diote etxe parera. Baina, modu berean, espektatiba asko birrindu dituzte. Izan ere, teleskopio batean begia jartzen denean, hautematen diren irudiak ez dira horren ikusgarriak izaten. Gehienetan, zuri-beltzeko irudiak ikusiko ditugu, eta, askotan, nahiko lausoak.

Zuri-beltzeko irudi lauso ederrak, beti ere; horien atzean zer dagoen ondo ulertzen bada. Egunotan ortzian ikusgai dagoen kometaren kasua da. C/2022 E3 ZTF izen poetikoa du, eta begi hutsez nekez atzemango da. Baina teleskopio edo prismatikoren bat eskura izanez gero, aukera polita izan daiteke Eguzki Sistemaren aldirietatik datorren bisitari bat ikusteko. "Orbita ia parabolikoa duen ibilbide luzeko kometa periodikoa da", argitu du Arabako Astronomia Elkarteko kide Alberto Ancinek. "Beraz, ez da lehen aldia Lurretik gertu igarotzen dena: duela 47.000 urte inguru pasa zen".

Halakoetan gertatu ohi den moduan, hainbat faktorek baldintzatuko dute kometa ikusi ahal izatea. Horietatik lehena, noski, eguraldia izango da. Ikusi ahal izateko, zeruak garbi egon beharko dira, eta jakina da negua ez dela urtarorik aproposena hori gertatzeko. "Ilargia ere beste faktore bat da. Egun hauetan ilgoran egongo gara, baina, zorionez, Ilargia ekialdetik aterako da, eta kometa iparraldean egongo da. Hortaz, zuzenean ez du eragingo behaketan, iluntasun pixka bat kenduko duen arren", aurreratu du Ancinek.

Zirkunpolarra

Beste zenbait kasutan ez bezala, oraingoan ez da malabarerik egin beharko ordutegiekin kometa ikusi ahal izateko. "Eremu zirkunpolarrean ikusiko denez, gau osoan ikusi ahalko da".

Alabaina, zailagoa izango da kometaren adatsa ikustea. "Berez, bi adats sortzen dira. Bata, kometak daraman hautsak berak sortutakoa. Bestea, adats ioniko izenekoa, eguzki haizeak kometaren partikulak kargatzen dituenean sortzen da". Kometak daramatzan konposatu kimikoen arabera, adats hori kolore berdekoa dela azaldu du Ancinek. "Baina, gogoratu, kolore berde hori argazkietan baino ez da ikusiko", erantsi du adituak.

ORAINGO HONETAN ORDUTEGIAREKIN EZ DA MALABARERIK EGIN BEHARKO KOMETA IKUSI AHAL IZATEKO

Gaur egun erraza da sakelako telefonoan aplikazio baten bitartez kometa non egongo den jakitea. Baina, kasu honetan, ez da oso konplikatua izango kokapena aurkitzea, oso ezagunak diren bi konstelaziotatik gertu egongo delako: Hartz Handia eta Hartz Txikiaren artean. Lurretik gertuen egongo den egunotan –otsailaren 1ean eta 2an–, Camelopardalis edo Jirafaren konstelaziotik gertu egongo da, azken hau oso entzutetsua ez den arren.

"Ikusten saiatzeko, garrantzitsuena da hiri handien argitasuna saihestea", azpimarratu du Ancinek. "Gure kasuan, Gasteiztik ateratzea komeni da. Ez da behar-beharrezkoa ingurune guztiz iluna izatea, baina komenigarria da ahalik eta argi kutsadura gutxien egotea. Adibidez, gasteiztarrentzat Garaiora joatea nahikoa izan daiteke".

Lurretik 0,3 unitate astronomikora igaroko da —Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia da unitate astronomiko bat—, eta, horregatik, ez da, inondik inora, arriskutsua. Baina inguru latza da hor kanpokoa, eta auskalo zer etor daitekeen hurrengoan. Hala izanez gero, irtenbide erraza izango dugu: ez begiratu gorantz. Konponduta.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago