Hizkuntza eskubideen "judizializazioa" salatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 18:20

Gasteizko udaltzain euskaldunentzako bereizgarria. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Batzar Nagusietan, "euskararen normalizazioaren aurkako" epaiak salatzeko eta "hizkuntza eskubideak bermatzeko" dei egiteko. Gainera, Arabako euskara plana "lehenbailehen" onartzea eskatu du.

Joan den astean jakin genuenez, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 2. zenbakiko Epaitegiak ebatzi du EAEko Udaltzaingoaren bitartekoen lan poltsan sartzeko euskarazko B2 maila eskatzea "tratu diskriminatzailea" dela. Ondorioz, Arkautiko Akademiak ehun bat hautagai berronartu beharko ditu bi hilabeteko epean.

Horren aurrean, baina baita antzeko beste auzi batzuen harira ere, EH Bilduren Arabako batzarkide taldeak mozio bat aurkeztu du Batzar Nagusietan, EAEko Auzitegi Nagusiak eta bestelako epaitegiek "euskararen normalizazioaren aurka" emandako epaiak salatzeko. Horrekin batera, administrazioei, epaitegiei eta gizarte eragileei "hizkuntza eskubideak bermatzeko" dei egiten die mozioak.

"Azken bolada honetan etengabeak izaten ari dira arlo judizialetik, bereziki EAEko Auzitegi Nagusitik, baina baita beste epaitegi batzuetatik ere, administrazio arloan euskararen erabilera normalizatzeko neurrien kontra, hots, euskaldunon hizkuntz eskubideen aurka, ematen ari diren epaiak", salatu du Iñakli Ullibarri EH Bilduko batzarkideak.

Ullibarrik "hizkuntza politikaren judizializazioaren baitan" kokatu ditu erabaki horiek. "Euskaldunon eskubideak are gehiago murriztu nahi dituzte, ofizialtasunaren irakurketa murritzago baten bidez. Herritarrek zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eskubidea dute, eta erakunde publikoei, guztiei, baita judizialei ere, eskubide horren bermatzaile izatea dagokie". Halaber, batzarkideak ohartarazi du epai horiek guztiek "zuzenean jotzen dutela euskal gizarteak modu masiboan eta argian euskararen normalizazioan urrats berriak egiteko adierazitako borondate eta nahiaren kontra".

Azkenik, Batzar Nagusietan euskara plana "lehenbailehen" onartzeko konpromisoa hartzea eskatu du EH Bilduk, baita "herritarrei lehen hitza euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko konpromisoa" ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago