Udaltzainei euskara maila eskatzea "diskriminatzailea" dela dio epaitegi batek

Erredakzioa 2023ko urt. 25a, 10:00

Udaltzaingoko agenteak klase batean. / Argazkia: IREKIA

Epaitegiak deritzo EAEko Udaltzaingoaren bitartekoen lan poltsan sartzeko euskarazko B2 maila eskatzea "tratu diskriminatzailea" dela. Arkautiko Akademiak ehun bat hautagai berronartu beharko ditu bi hilabeteko epean.

Helegiteen fase luze baten ostean, UGT sindikatua buru izan duen prozesu judiziala bururaino iritsi da. Izan ere, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 2. zenbakiko Epaitegiak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari (Arkauti, Araba) agindu dio euskarazko B2 maila egiaztatu ezin izan zuten hautagaiak berronar ditzan.

Guztira, 110 hautagai ingururi eragingo die epaiak, eta bitarteko udaltzainen lan poltsan sartu ahal izango dira B2 euskara maila egiaztatu gabe, Eusko Jaurlaritzak 2021eko uztailean onarpen-baldintza gisa ezarri zuen arren. Horrela, EAEko ehunka udalerritan ordezkapenak egiteko edo plantillak indartzeko aukera izango dute, Lan Eskaintza Publikoak (LEP) martxan jartzen diren bitartean.

Orain, Arkautiko Akademiak bi hilabeteko epea du urtarrilaren 10ean jakinarazitako epaia betearazteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago