"Ni ez naiz aktorea, ipuin kontalaria naiz". Kontalaritza antzerkiarekin nahasteko joera ikusi du azken urteetan Iñaki Carreterok (Orio, 1970), eta ahozkotasunari eta kontalaritza tradizionalari zor zaion errespetua eta tokia aldarrikatu nahi ditu, kontalariekiko nolabaiteko gutxiespena sumatu baitu kultur ekitaldiak antolatzeko orduan. Horregatik, gainera, ipuin kontalaritza klasikoa berreskuratzen engaiatuta dago Carretero, areto txikietan eta jende gutxirekin egiten den saio tradizionala: "Entzuten duenak zure ahoaren lurrina usaindu behar du". Hara definizioa!
Hogeita bost urteko ibilbidean ipuin mordoa kontatuko zenituen; zeintzuk dituzu gogokoen?
Batzuk oso nireak dira, urteak eta urteak pasatu ditut kontatzen. Nire klasiko bat portugesez dagoen ipuina da, Beldurra zuen hartzatxoa, hogei urtez egon naiz kontatzen; eta Euskal Herriko ipuinen artean Bernardo eta Katalina edo Tartalo asko gustatzen zaizkit.
Gustukoagoa duzu haurrentzat edo helduentzat kontatzea?
Asko gustatzen zait haurrekin edo nerabeekin lan egitea, asko disfrutatzen dut bereziki nerabeekin kontatzen.
Zure istorioak idazten eta kontatzen dituzu?
Oso gutxi, hiruzpalau ditut nireak, baina beti sartzen ditut nire tontakeriak ipuinetan. Ipuin bat ezin da itxi, bizirik egon behar da; nire ipuina entzuten baldin baduzu eta kontatu nahi baduzu, zurea egin behar duzu, nik hori egiten dut. Ipuin kontalari bat zortzi ipuinekin bizi daiteke, jendeak istorio horiek entzun nahi ditu. Lehen baserrietan egiten zen bezala; beti zegoen osaba bat ipuin berdina kontatzen zuena behin eta berriz, eta denok joaten ginen ipuin hori entzutera.
"Programazioan ipuina eta kontalariaren izena agertzea nahi dugu"
Gaiak aukeratzeko orduan eta saioa egiteko orduan zerk du garrantzia?
Nik, egia esan, bakarrik kontatzen ditut nireak egiten ditudan istorioak edo ipuinak, nireak egiten ez baditut ez ditut kontatzen. Eta gorputza ere prest egon behar da ipuin hori kontatzeko. Normalean ez ditut asmatzen, ez dut inprobisatzen, ipuinak ditut eta saioak moldatzen ditut dagoen publikoaren arabera.
Zergatik sortu zenuten 'Heldu da kontua' euskal kontalarien zirkuitua?
Haurrentzako saio asko daudelako eta helduentzako ez, eta saiatzen ari gara zirkuitu bat lortzen helduentzako saioak antolatzeko, oso zaila delako. Badakigu heldu bat ipuin saio bat entzutera joaten denean beti itzultzen dela, kontalaria ona baldin bada, jakina. Baina zaila da, eta are zailagoa euskaraz.
Oker gaude pentsatzen dugunean ipuinak bakarrik umeentzat direla?
Garai batean ipuinak ez ziren umeentzako. Andersenek idazten zituen ipuinak ez ziren umeentzako, haurrek entzuten zituzten, baina ez ziren beraientzat. Bat-batean, ez dakit zergatik, helduak desagertu dira, eta ipuinak umeentzat dira soilik. Are gehiago, gu hasi ginenean ipuinak zortzi urtetik gorakoentzat sortzen ziren, eta orain dena da hiru edo lau urtekoentzat. Gurasoek umeak eramaten dituzte euskara ikasteko edo ez dakit zertarako. Baina zergatik ez dute ekartzen zortzi urtekoa? Aspertzen delako. Bada, ez, gezurra da hori, ez dira aspertzen. Nerabeak ere desagertuta daude, eta, azkenean, ipuingintza beti izan da askotarikoa, adin guztietarako; nik saio bat egiten dut, eta ongi pasatzen du haur txiki batek edo zuk.
Zer desberdintasun dago ipuin kontalariaren eta aktorearen artean?
Ni ez naiz aktorea, nik ez dakit paper bat egiten, ni neu naiz upuin bat kontatzen; aldiz, badaude kontalari batzuk aktoreak direnak eta paper bat egiten ari direnak, aktore rola dute ipuina kontatzen. Beste desberdintasun bat da kontalaritza usaindu behar dela, ez da garrasi egin behar; kontatu egiten da, areto txikia da, jende gutxi dago, entzuten duenak zure ahoaren lurrina usaindu behar du.
Inportantea da desberdintzea?
Niretzat bai, agian kontalaria naizelako. Uste dut biak batera ere badaukatela bizitzea, eta oso aktore onak daude kontalari onak direnak, baina desberdindu behar da. Zergatik? Niri ez zait inporta antzerki saio bat egitea ipuinetan oinarrituta, baina esan behar da, bestela guztia nahasten delako; ipuinak ipuinak dira eta antzerkia antzerkia.
Kontalariak kontalaria izan behar du?
Ez gara aktoreak. Guk ipuinak edo istorioak kontatzen ditugu, balioa dugu berez, eta programetan ipuinaren izena eta kontalariaren izena agertzea nahi dugu.
"Egon zen bolada bat non ipuin saio guztiak politikoki zuzenak izan behar ziren"
Ipuingintzaren jarduera gutxiesten ari dela sumatzen duzu?
Bai. Ahozkotasunari ez zaio behar bezalako garrantzirik ematen. Gu hasi ginenean, duela hogeita bost urte, bizpahiru lagun ginen bakarrik eta lan handia egin genuen; ez zegoen araurik eta asmatu behar izan genituen: hurbiltasuna bilatzen genuen, talde txikiak izan behar ziren… Orain, ipuin kontalaritza saski-naskia da, programatzen dute aretoa umeekin betetzea erraza delako, eta listo; ez da zaintzen, ez kalitatea, ez arauak. Gainera, denborarekin gauzak ere aldatzen joan dira, lehen gehiago zen kontalaritza purua eta orain gehiago jo da antzerkiarekin nahastera.
Kalitatearen aldetik gainbehera egon da?
Agian programatzeko garaian galdu da kalitatearen aldeko apustua, ipuin kontalaritzari ez zaiolako garrantzia ematen, eta programa betetzeko erabiltzen gaituzte, erraza delako, eta kalitatea ez da kontuan hartzen. Dena dela, orain talde gazte bat dago ipuin kontalaritzan, eta berreskuratzen ari da, baina zaharrok ere gainean egon garelako.
Hala ere, ipuin kontalaritzaren loraldia dagoela dirudi, ekitaldi guztietan daude ipuin kontalariak.
Hori da hain zuzen ere arazoa. Gu gara anai txikiak. Dirurik ez dagoenean, zer jartzen dut? Ipuin kontalaria, eta gainera izenik gabe, ipuin kontalaria arratsaldeko seietan. Bai, baina zein da? Zer kontatuko du? Nik ahozkotasunari duintasun hori ematea nahi dut. Jendea gu entzutera etorri da, eta izena jarri behar da.
Formazio berezirik behar da ipuin kontalaria izateko?
Nik ez dut izan. Beti gustatu izan zait entzutea, gustatzen zitzaidan beste lagun kontalariei ipuinak entzutea, eta gustatzen zitzaizkidan kontalarien ikastaro batzuetan ere egon naiz… Halere, egia da kontalaria izateko kuriosoa izan behar zarela, ni ipuin kontalaria naiz kuriositatea daukadalako; baita ere dislexikoa naizelako, beti kostatu izan zait gutxiago hitz egitea idaztea baino, eta horregatik agian ez naiz batere literarioa, baina irudimen handia dut.
Izan ere, Gasteizko eskola jantoki batean hasi zinen ipuin kontalari bezala?
Txikitan beti egiten nituen txotxongiloak nire lehengusuekin. Baina bai, Gasteiza etorri nintzen, eskola batzuetako jantokiak martxan jartzera, Abendañokoa, Barrutiakoa…. Lehen monitore euskaldunak izan ginen, eta ekintzak antolatzen genituen euskara lantzeko, mendi-irteerak eta horrelako gauzak. Egun batean istorio bat kontatu behar zen, inor ez zen ausartu, eta nik kontatu nuen. Garai hartan, Gasteizko Kultur Etxeko zuzendaria zen Teresa Castro, eta norbaiten bila zebilen ipuinen inguruan zerbait egiteko. Entzun zuen tipo batek euskaraz kontatzen zituela ipuinak eta harremanetan jarri ginen. 1998ko azaroan proiektu jarri genuen martxan istorioen bidez umeak liburutegira erakartzeko.
"Haur txiki bati beldurrezko istorio bat kontatzen jakin behar du kontalari on batek"
Nolako harrera izan zuen proiektuak?
Eskoletara joaten ginen ipuin tradizionalak kontatzera, eta 8. mailako haurrei erakusten genien nola jaso istorioak; ondoren, haiek kontakizunak jasotzen zituzten etxean edo zahar etxeetan, eta fanzine bat egin genuen lan horren inguruan. Geroztik, ipuin saioak euskaraz antolatu genituen, asteazkenero, kultur etxean; oso polita zen baina oso ipuin kontalari euskaldun gutxi ginen Araban, Virginia Imaz, Itziar Rekalde eta hirurok, eta Gipuzkoan ere gutxi, Joxe Mari Karrere… Geroago, beste egitasmo batean sartu nintzen, haurrei ipuinen bidez erakusteko liburutegia nola erabili zezaketen; hamar urtez egin genuen lan hori, oso lan polita egin zen. haurrak liburutegira eramateko bide bat izan zen ipuina.
Baina ofizioarekin haserretu zinen, eta bi urtez isilik egon zinen.
Bai, kontalaritzarekin haserretu nintzen. Haurrentzako kontatzen duzu? Orduan ez duzu baliorik. Badirudi ipuinekin denak balio duela. Bestalde, egon zen bolada bat non ipuin saio guztiak politikoki zuzenak izan behar ziren, hau edo beste hori erakusteko ipuinak eskatzen zizkidaten. Nik ipuina kontatzen dut, eta gero bakoitzak nahi duena pentsatuko du, baina ez zuten hori nahi, arriskutsua delako, eta ipuingintzak daukan gauzarik politena da arriskutsua dela. Antzerkia egiten duzunean dena antolatuta dago emozioak bideratzeko; ipuinak modu tradizionalean kontatzen baldin badituzu, aldiz, ez duzu dena irudikatzen, bakoitzak bere esperientzia propioa izateko aukera uzten duzu. Ni ez naiz aktorea, ipuin kontalaria naiz. Ipuin tradizionalen defendatzailea naiz. Oso gogorrak direla esaten dute, oso matxistak direla; tira, batzuk bai eta beste batzuk ez, baina agian arazoa da nondik begiratzen diozun zuk ipuinari, zein den zure ikuspuntua.
Horrelako eskaerak jasotzen dituzu oraindik?
Ez, badakitelako nahi dudana egingo dudala. Niri asko gustatzen zaizkit beldurrezko istorioak, eta hiru urteko haurrei kontatzen dizkiet, bere neurrian, jakina, eta ez dago inolako arazorik. Haur horiek beldurra pasatu badute ipuin horrekin, barneratuko dute, eta badakite ez dela ezer gertatuko. Haurrek esperientziak pasatu behar dituzte gauzak ulertzeko. Kontalari on batek jakin behar du haur txiki bati beldurrezko istorio bat kontatzen, eta erakutsi behar dio imajinazioa dela, ez dela egia, baina aldi berean egia dela, fantasia dela, baina existitzen dela. Hori erakustea da kontalariaren lana. Asko gustatzen zait, baita ere, umeekin heriotza lantzea. Normalean ezkutatzen den gauza bat da, baina ipuinen bidez posible da hori kontatzea, eta haurra prestatzea etxean gertatzen denerako. Entzun eta arrasto bat uzten die.
Ipuin kontalaritzaren zer alde jorratu nahiko zenuke hemendik aurrera?
Berriz bueltatu nahi dut ipuingintza klasikora, eta lehen kontatzen zen tokietara eraman nahi ditut ipuinak: herrietara, sukaldeetara, sotoetara... Istorioak gordetzen dituen jendea hiltzen ari da, eta zahartuko diren gazteei ere aukera eman nahi diet beren istorioak kontatzeko. Gaur, istorioak kontatzen ditugu ordu bete pasatzeko, eta hori ez da nik nahi dudana; nik istorioa kontatuko dizut eta hor geratuko da arrastoa, onerako eta txarrerako. Hartu eta egin zure bidea.