INDARTXU

Lau hankadun bidaideentzako arreta gunea

Juanma Gallego 2023ko urt. 29a, 06:00

Hainbat arraza PPP gisa sailkatuta daude, arriskutsuak izan daitezkeela iritzita. Castillo ez dago batere ados. ALEA

Oporrak datozenean edo ezusteko baten ondorioz txakurra zaindu ezin daitekeenean, jabe askok txakur egoitzetara jotzen dute. Indartxu egoitza Araban dagoen horietako bat da, baina, oinarrizko arreta izateaz gain, agerikoa da lau hankadun lagunek askoz gehiago topatzen dutela bertan.

Atea ireki eta gutxira, piztu da eromena. Hiru basapiztia atera dira zelaira, ziztu bizian. Horietako bat, gainera, kategoria berezikoa da. PPP deitzen zaien horietako bat. Gaztelerazko sigla horiek adierazi nahi dute txakur hori arriskutsua izan daitekeela. Potentzialki.

Lehen itxura batean, ez dirudi oso arriskutsua denik. Baina, auskalo. Inguratu bezain pronto agerian geratzen da nolabaiteko arriskua egon badagoela. Saltoka ari da txakurra, zoratuta. Jabeari zein ingurukoei musuka ari da, greziarren garaietatik izan diren filosofo horien guztien gainetik bizitzari zukua ateratzea ondotxo dakien izakia dela argi utzita.

Egun eguzkitsua atera da gaurkoa; jakina, txakur eguna da. Altubeko errepidearen bide bazter batean gaude, Indartxun. Txakurrentzako egoitza da, eta Judith Castilloren gidaritzapean dago. Txakurrak inguruan saltoka dituela ahalegintzen da Castillo egoitza berezi honen atzean dagoen istorioa kontatzen. Horretarako, denboran atzera egin behar du.

Duela hamabost bat urte Gasteizko txakurtegian boluntario gisa aritu izan zen garaietara, hain justu. Egun batean, bizitza zaila edukitakoa zuen txakur bat iritsi zen bertara, baina inork ez zuen etxera eraman nahi. "Ehiztariek utzitako pitbull bat zen, eta ez zen ondo moldatzen, ez pertsonekin ezta gainerako txakurrekin ere. Sakrifikatu behar zutenez, nirekin eraman nuen". Txakur horrek bizitza aldatu zion. "Niretzat Indar oso berezia izan zen", azaldu du. "Harekin moldatzeko, txakur hezitzaile ikastaro bat egin nuen, eta horrela hasi zen hau guztia".

FORMAZIOAZ GAIN, ANIMALIEKIKO MAITASUNA BEHAR DA HEZITZAILEA IZATEKO

Bitxia bada ere, Castillok orain Indartxu izena duen txakur egoitza honetara eraman zuen Indar denbora batez, zentroa aurreko jabe baten esku zegoenean. Ezetz asmatu oraingo izena nondik datorkion. Logotipoan ere, Indar azaltzen da, dotore.

"Bi urte pasata, txakurren egoitza hartzeko eskaintza atera zen. Aurreko jabea desastre galanta zen, eta negozioa txikituta utzi zuen. Bada, orduan nik hartu nuen egoitza".

Zaintzaz harago

Heziketa ikastaro horren ostean, jendea hasi zitzaion laguntza eskatzen, eta orduan Castillo konturatu zen ederki moldatzen zela txakurrak zaintzen eta trebatzen. Izan ere, beste hainbat arlotan bezala, oraingoan ere prestakuntza nahitaezkoa da halako jardun batean aritzeko, baina bada hori baino are garrantzitsuagoa den beste zerbait: animaliak maitatzea.

Iker Castelloterengana hurbildu dira txakurrak, eta zaintzaileari gogotik eman diote ongi etorria. ALEA

Egoitza hartu zuenetik sei urte pasa dira, eta txakurren alboan bizi da bera ere. "Niretzat hau ez da ogibide bat. Hori baino gehiago da", onartu du. Txakur egoitza izateaz gain, heziketa egiten dute bertan. Eta, modu batean edo bestean, txakur guztiekin terapia egiten dutela azaldu du hezitzaileak. "Besteak beste, niri ez zaidalako batere gustatzen txakur bat triste egotea. Niri hau gustatzen zait", dio, inguruan bueltaka eta jolasean ari diren txakurrei erreferentzia eginez.
Txakurrak zaindu eta hezitzeaz gain, lau hankadun lagunentzako produktuak saltzeari ekin zioten ondoren. "Online denda martxan jarri genuen, eta orain Espainia osoan saltzen ditugu produktuak". Jaima itxurako etxola handi batean kokatuta daukate denda, egoitzaren alboan. Beren markak garatu dituzte, tartean pentsu propioak dituztela, Euskal Herrian bertan egindakoak. Beraiekin modu batean edo bestean bizitzaren zati bat igaro duen animaliaren bati egiten dio erreferentzia marka bakoitzaren izenak. Horrez gain, produktu osagarriak ere sartu dituzte. Adibidez, etxea katuentzako jolasekin betetzeko tramankuluak dituzte horma batean. "Honi gatificación deitzen zaio gazteleraz". Euskarazko izena asmatzea proposatu diogu Castillori, egunen batean euskaltzain oso izendatuko gaituzten esperantzaz. "Katutzea? Bai, bai... katutzea! Hitz polita da hori!".

Oporraldian, gainezka

Jatorriz katalana izan arren, Castillo nahiko ondo moldatzen da euskaraz, eta horretan ahalegindu da elkarrizketa osoan zehar. "Kostatzen zait, gutxi hitz egiten dudalako". Mutil-lagunarekin ere euskara praktikatzen duela dio. "Bera azpeitiarra da, eta bertako euskara berezi hori darabil. Horregatik beti diot harekin txekoslovakieraz hitz egiten dudala, kar kar!".

Elkarrizketaren egunean 30 bat txakur dituzte txeniletan —txakurren etxolak—, baina udan kopuru hori bikoiztu egiten da, 60 izateraino. "Tamalez, uda gehiena ematen dut ezetz esaten bezeroei, dena beteta daukagulako". Baina txenil gehiago jartzeko moduan ez daudela azaldu du, hori beraientzat lan gehiegi izango litzatekeelako. Iker Castelloteren laguntza du proiektua ateratzeko. Biak ala biak txakur hezitzaile tituludunak dira, Jaurlaritzan erregistratutakoak. "Baina txakur hezitzailea izateko garrantzitsuena da sen ona edukitzea, eta batez ere ulertzea txakur guztiak ez direla berdinak. Kasurako, etologo askok oraindik otso taldeetako adibideak jartzen dituzte, baina gaur egun txakurrek eta otsoek ez dute zerikusirik".

Dioenez, egoitzara bueltatzen direnean, txakurrak poz-pozik jartzen dira zaintzailea ikustean, eta hori jabeek igartzen dute, noski. "Txakurrak hemen pozik daude gurekin daudelako, eta, horregatik, txakurra hona ekartzen dutenek beti errepikatzen dute". Horrez gain, txakurren bideoak grabatu ohi ditu jabeei bidaltzeko, ikus dezaten beren maskota kutunak nola dauden.

Inguruan ditugun txakurrek txelinetara itzularazteko unea da, Castillorenak diren hiru txakur atera daitezen. "Horiei bai, horiei nahi beste argazki atera diezaiekezu. Nireak direnez, ez dugu baimen berezirik behar", aurreratu du. Halako detaileak esanguratsuak dira: zenbait gurasok umeen argazkiekin erabili ohi dutena baino ardura gehiagorekin jarduten du Castillok txakurrekin.   

"BORROKALDIETAN ERABILTZEN DITUZTE, TXAKUR GOGORRAGOAK DIRELAKO". JUDITH CASTILLO, TXAKUR HEZITZAILEA

Txistu, Ipar eta Noa dira atera direnak. Hauek ere gogotsu sartu dira zelaira. Jolasean ari dira hirurak, baina alde nabarmena dago haien artean. Horietatik bi etengabean hirugarren bat zirikatzen ari dira; beti ere, jolasean. "Begira PPP gizajoak zer pazientzia handia duen besteekin". American Standford arrazakoa da zirikatutako txakurra, eta egia da pazientzia handia erakutsi duela.

Zaindu eta elikatzeaz gain, egoitzara eramaten dituzten txakur guztiekin terapia egiten dute, pozik egon daitezen. ALEA

Kategoria bereko beste hainbat arraza dira, kasurako, Pittbul, Staffordshire edota Akita. Baina Castilloren arabera, PPP izendapenaren jatorriaren atzean motibazio ilun bat dago. Dioenez, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan arraza horiek modan jarri ziren. "Txakur hazle bat konturatu zen modan jartzen ari zen arraza horiekin txakur gutxiago salduko zituela, eta horregatik bultzatu zuen arriskutsuak omen diren txakur horien sailkapen berria".

Aurpegia arimaren ispilu dela esan ohi da, eta Castillori arima aldatzen zaio gaiari buruz mintzatzen denean. "Ez dira arraza erasokorrak, eta oso aldarte ona dute. Normalean oso txakur orekatuak dira. Kontua da borrokaldietan erabiltzen direla, erresistentzia gehiago dutelako. Gogorragoak dira, zurrunagoak, eta, horregatik, txakurren arteko borrokaldi horiek luzeagoak izan daitezke. Zeinen sadikoak diren pertsona horiek, aizu!".

Azken ezustekoa bisitaren amaieran etorri da. Larre batean badira behor, ahuntz, oilo eta txerri bana; guztiak, heriotza ziur batetik erreskatatuak. "Ahuntza jaio berritan elikatu nuen nik, biberoiarekin, eta amatzat nauka. Familiakoek diote ahuntz-ama izatea badela nirekin bat datorren zerbait, kar kar!". Txerriaren kasuan, adibidez, jende askok arraza txikiak hartzen ditu, eta gero konturatzen dira lorategia birrintzen dietela. "Zer egingo du ba txerri batek, lokatzean ibiltzea ez bada!" Orain, ez dute kezkatzeko zio askorik. "Hementxe daude, jaten eta bizitzaz gozatzen". Ez da, ez, plan txarra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago