12.000 euro baino gehiago bildu ditu Vital Fundazioaren Enkante Solidarioak

Erredakzioa 2023ko urtarrilaren 19a

Enkante Solidarioan banatutako artelanetako batzuk. / Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Enkante Solidarioaren lehen edizio honetan bildutako dirua gizarte bazterkeriari, gaixotasunari edo desgaitasunari aurre egiten dieten Arabako bederatzi elkarterentzat izan da.

Artea eta elkartasuna eskutik helduta, Vital Fundazioak lehenengo Enkante Solidarioa antolatu du Gabon hauetan. Urtarrilaren 8ra bitartean bere ondare artistikoko artelanen enkantetik lortutako irabaziak Arabako bederatzi elkarterentzat izan dira: Elikagaien Bankua, Berakah, Caritas, Apdema, Asafes, Asasam, Autismo Araba, Atece eta Afaraba.

Horiek izan dira Vital Fundazioak Artea baino askoz gehiago da artea lelopean antolatutako I. Enkante Solidarioaren elkarte onuradunak. Izan ere, irabaziak "lurraldeko pertsonen bizitza hobetzeko" diharduten elkarte horientzat izatea nahi du Vital Fundazioak, enkantea "gizarte bazterkeriari, gaixotasunari eta desgaitasunari aurre egiten lagunduko duen tresna bizia" izan dadin.

Bere ondare artistikoko 27 artelan enkantera atera ditu fundazioak (25 olio-pintura eta bi eskultura), eta 50 eskaintza inguru jaso ditu.

Elkarte bakoitzari hiru artelan esleitu zaizkio, eta bakoitzaren irteera prezioa 200 eta 350 euro bitartekoa izan da. Hortik aurrera, eskaintzak egin ahal izan dira, 25 euroko multiplotan. Pertsona fisikoek, enpresek, instituzioek eta edozein motatako erakundeek hartu dute parte, eta horietako askok dohaintzak egin dituzte ere.

Horrez gain, lanak bertatik bertara ikusi ahal izan dira Vital Fundazioa erakusketa-zentroan. Erakusketak 2.352 bisita jaso ditu irekita izandako hamasei egunetan; hau da, egunean 147 bisita, batez beste. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago