Artea eta elkartasuna, eskutik helduta

Erredakzioa 2022ko abe. 15a, 20:00

Vital Fundazioak lehenengo Enkante Solidarioa antolatuko du Gabon hauetan. Urtarrilaren 8ra bitartean bere ondare artistikoko 27 artelanen enkantetik lortutako irabaziak Arabako bederatzi elkarterentzat izango dira.

Elikagaien Bankua, Berakah, Caritas, Apdema, Asafes, Asasam, Autismo Araba, Atece eta Afaraba. Horiek izango dira Vital Fundazioak Artea baino askoz gehiago da artea lelopean antolatutako I. Enkante Solidarioaren elkarte onuradunak. Izan ere, irabaziak "lurraldeko pertsonen bizitza hobetzeko" diharduten elkarte horientzat izatea nahi du Vital Fundazioak, enkantea "gizarte bazterkeriari, gaixotasunari eta desgaitasunari aurre egiten lagunduko duen tresna bizia" izan dadin.

Gabonak baliatuz, urtarrilaren 8ra arte, bere ondare artistikoko 27 lan enkantera aterako ditu fundazioak: 25 olio-pintura eta bi eskultura. Elkarte bakoitzari hiru artelan esleitu zaizkio, eta bakoitzaren irteera prezioa 200 eta 350 euro bitartekoa da. Hortik aurrera, eskaintzak egin daitezke, 25 euroko multiplotan. Pertsona fisikoek, enpresek, instituzioek eta edozein motatako erakundeek har dezakete parte, eta, nahi izatekotan, dohaintzak egiteko aukera ere zabalik dago.

Artelanak eta xehetasun guztiak www.fundacionvital.eus webgunean ikus daitezke: egilea, ezaugarri teknikoak, irteera prezioa, uneko prezioa... Horrez gain, lanak bertatik bertara ikusi ahal izango dira Vital Fundazioa erakusketa-zentroan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide