Aurrerapena

Arabako sagardotegiak, Itsaso Velez del Burgo, Olatz Salvador eta Ernai, aste honetako ALEAn

Erredakzioa 2023ko urt. 19a, 10:00

ALEAren 353. zenbakian, Arabako sagardotegien inguruko erreportajea eta hiru elkarrizketa: Itsaso Velez del Burgo primatologoa, Olatz Salvador musikaria eta Ernai gazte antolakundeko Paul Candela eta Ixone Ruiz de Sabando.

  • Sakonean. Berrikuntza eta tradizioa, sagardotegietan. Euskal Herriko beste herrialdekoekin batera, aste honetan zabaldu dute txotx denboraldia Arabako sagardotegiek, Paul Urkijo zinemagilearen parte hartzearekin. Produkzio propioarekin hornitzen dituzte kupelak Iturrietak, Kuartangok eta Trebiñuk; aurten, guztira, 60.000 litro sagardo. Estitxu Ugarteren erreportajea.
  • Elkarrizketak:
    • Itsaso Velez del Burgo, primatologoa: "Iristen direnean, txinpantze kumeak traumatizatuta daude". Kongon primateentzako babesleku batean lanean dago Velez del Burgo, isilpeko ehizaren ondorioz umezurtz geratu diren txinpantzeei bigarren aukera bat eskaini ahal izateko. Talde handia bildu dute, baina animaliak behar bezala askatu ahal izateko lan asko geratzen zaie oraindik. Juanma Gallegoren elkarrizketa.

    • Olatz Salvador, musikaria: "Bi urteko bideari amaiera emango diogu azken saioekin". Lagunez inguratuta, kontzertu berezia eskainiko du Olatz Salvadorrek Gasteizen, urtarrilaren 27an; 'Aho uhal' diskoarekin egindako ibilbide oparoa amaituko du honekin, atseden eta proiektu berrien bila. Anakoz Amenabarren elkarrizketa.

    • Paul Candela eta Ixone Ruiz de Sabando, Ernaiko kideak: "Gazte borroka erdigunean duen olatu berri bat osatu behar da". Maila nazionaleko dinamikaren ildotik, bizitzaren garestitzea eta prekarietatearen aurkako kanpaina abiatu du Ernaik Gasteizen. Mikel Buruagaren elkarrizketa.
  • Gaurkotasuna eta Hamaika Saltsa:
    • De Miguel auzia. Hamalau urte eta gero, espetxera: De Miguel auziko epai irmoa atera du asteon Espainiako Auzitegi Gorenak, 2019an Araban ezarritako zigor gehienak berretsita. Legez kanpoko komisioak kobratzeko trama azaleratu du ikerketak.

    • Iheslarientzako gunea Gasteizen. Migrazioen Estatu Idazkaritzak Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroa jarriko du Arana Klinika zaharrean. Gasteizko alkatea kontra azaldu da, eta estatuak erabakia "aldebakarrez" hartu duela dio.

    • Bertsolaritza. Laudio izango dute jomuga: 280 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute martxoaren 25era bitartean izango den Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketaren VII. edizioan. Taldekako lana da, mugimendua "indartu eta saretzeko".
  • Beste edukiak:
    • Iritzia: Irati Iciar, Hutsunea
    • Sarean: #Shakira
    • Irudia: Ongi etorria izan da urteko lehen elurtea
    • Kalea Bizi: Iñaki Carretero, Aspertzeak libre egin gintuen
    • Zozketak: MICE & Kokein eta Gorbeia Zinemak
    • Euskararen Agenda: urtarrilaren 20tik 26ra

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago