Azken eguneratzea: Urtarrilak 17, asteartea, 21:30. Asteazkeneko informazioa hemen.
Orain bai, negua heldu da. Aurreikuspen meteorologikoen arabera, elur kota 600 edo 700 metroren bueltan ibiliko zen asteartean zehar, eta gauean 400 metrotara jaitsi zitekeen. Uste baino lehenago, eguerdi partean, elurra iritsi da Arabako eskualde batzuetara (Añana, Gorbeialdea, Lautada...), baita Gasteizera ere. Landa eremuan eta errepideetan hiriburuan baino eragin handiagoa izan du elurrak orain arte, baina iluntzean prezipitazioak areagotuko direla espero da.
LARRIALDI PLANAK
EAE
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatuko du 13:00etatik aurrera. EAE osoan abisu horia dago aktibatuta elurragatik gaur 09:00etatik aurrera, eta bihar, asteazkenean, alerta laranjara pasatuko da, elurra 200 eta 400 metro bitartera iritsi daitekeelako:
- Prebentzio moduan, zazpi garabi astun izango dira errepide sare nagusian, gurutzatuta gera litezkeen kamioiak erretiratuko direla ziurtatzeko.
- Baliabide gehiago kudeaketa gelan eta telefono bidezko arretan, bai 011n (Trafikoa) bai 112an (Larrialdiak), eta gidariei beharrezko informazioa emango zaie, besteak beste, mezu aldakorreko panelen, webgunearen, sare sozialen eta beste hainbat baliabideren bitartez.
ARABA
Halaber, Arabako Foru Aldundiak larrialdi fasea aktibatu zuen astelehenean, eta honako baliabideak aurreikusi ditu, besteak beste: 34 giza baliabide, elurra kentzeko 13 makina eta miñoien bi patruila.
GASTEIZ
Gasteizko Udalak Elurteen Planeko 1. larrialdi fasea aktibatu du, baliabide propioak zein kanpoko baliabideak mobilizatzeko:
- Elurra kentzeko bost makina egongo dira alerta egoeran, beharrezkoa balitz hiriguneko bide nagusiak garbitzeko.
- Landa eremuan, berriz, beste hamaika makina egongo dira inguru horiek garbitzeko prest.
- Galtzadetan esku hartzeko dispositiboaz gain, espaloiak garbitzeko ekipoak ere martxan izango dira.
- Erabilera publikoko gatz zakuak banatzeko prozesua abian da: astelehenean, hiriko 35 puntutan jartzen hasi ziren, gizarte etxe, zerbitzu publiko eta eraikin komertzialen alboan eta beste hainbat eremutan.
Horrez gain, Udalak herritarrei zuzendutako gomendio sorta bat plazaratu du, garbiketan laguntzeko, oinez joateko edo kotxez bidaiatzeko.
ERREPIDEEN EGOERA
Oraingoz, Aldundiak alerta ezarri du lurraldeko hamar mendatetan, elurragatik eta izotzagatik:
- Azazeta
- Opakua
- Gasteiz
- Herrera (kateak beharrezkoak dira zirkulatzeko)
- Barrerilla
- Kruzeta
- La Tejera
- Urduña
- Zaldiaran
- Altube
Iturria: araba.eus
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren kameren bitartez, lurraldeko errepide nagusien unean uneko egoera ikusteko aukera dago:
OHARRA: Posible da kamera batzuen seinalea galtzea zenbait unetan. Iturria: trafikoa.eus