Laminorian parke eoliko bat eraikitzeko baimena eskatu du Aixeindarrek

Erredakzioa 2023ko urt. 4a, 10:01

Elgeako parke eolikoa.

40 megawatteko potentzia duten zortzi aerosorgailu jarri nahi ditu harrobi zaharraren inguruetan.

Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, eta Iberdrolak osatzen duten Aixeindar S.A. sozietateak Laminoriako harrobi zaharrean parke eoliko bat eraikitzeko aldez aurreko baimen administratiboa eskatu du. Parke eolikoa Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga udalerrietan kokatuko litzateke. Zortzi aerosorgailu izango lituzke, 40 megawatteko potentzia gordinarekin.

Eskaerak 2022ko abenduaren 19ko data du, baina 2023ko urtarrilaren 3an argitaratu dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA). Iragarki hau argitaratu ondoren, interesa duten pertsona fisikoek edo juridikoek 20 eguneko epea dute proiektuaren inguruan dituzten eskabideak aurkezteko.

Laminoriako parke eolikoa da 2023an aurkezten den lehen proiektua, eta Azazetako zein Labrazako parkeak sustatzen dituen sozietate berak aurkeztu du; Azazetakoaren haize-sorgailuen eta instalatutako potentzia gordinaren kopuru bera izango luke Laminoriakoak.

EH Bilduren proposamena

Laminoriako harrobi zaharra eguzki energia sortzeko kokaleku bezala proposatu zuen 2021ean Arabako EH Bilduk 'Araba Zero Karbono' egitasmoaren barruan. Horretan jasotzen zuten eguzki baratzeak kokatzeko "dagoeneko antropizatuta edo degradatuta" dauden lurrak bilatzea, "gure biodibertsitatearen, ondarearen edo nekazaritza-ahalmenaren galera eragin gabe". Hala, kokapen posibleen artean aipatzen ziren "Gasteizko udalerrian kokatuta dagoen eta huts egin zuen Noryeste urmaela; jada erabilerarik ez duen Arraia-Maeztuko Laminoria harrobia; edota Lagranen abandonatuta dagoen golf zelaia. Denek batera, potentzia instalatuko 450MW sor dezakete Araban 2030erako".

Ikusteko dago Aixeindar sozietatearen parke eolikoa zehazki non kokatuko den, eta horren inguruan alderdi abertzaleak duen iritzia, baita inguruko udalek eta herritarrek ere proiektuaren inguruan zer dute esateko.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago