Joan den astean, 53 urteko langile bat hilda agertu zen Kutxabankek Izarran duen bulegoan, lanean bakarrik ari zela; 2023an Euskal Herrian gertatutako lehen lan heriotza izan zen. "Ikerketak zehaztuko du lankidearen heriotza zerk eragin duen, baina gertaera tragiko honen aurrean, beste lankide bat berarekin egon izan balitz heriotza hori saihestu ote zitekeen" galdetu du LAB sindikatuak. "Inoiz ez dugu jakingo, Kutxabankek, langileen eskubideak murrizteko politikaren barruan, hauek bakarrik lanean egotea inposatu duelako".
LAB sindikatuak gogorarazi duenez, azken urteetan bi aldiz eskatu dio Kutxabankeko zuzendaritzari inork ez dezala bakarrik lan egin, eta enpresaren erantzuna ezezkoa izan da beti. "Herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeaz gain, laneko segurtasunaren eta osasunaren ikuspegitik, praktika hori ez gomendatzeko hainbat arrazoi daude: lapurretak egiteko aukera, bihotzekoen, iktusen edo bestelako afekzioen kasuan artatzeko ezintasuna, sortzen duen estresa eta antsietatea...".
"Kutxabankek ezin du beste alde batera begiratu. Bertako langileen laneko segurtasuna eta osasuna jokoan daude. Kutxabankek ez du eskari horri uko egiteko inolako arrazoirik; izan ere, Vital Kutxak Kutxabank bankarizatu arte egiten zuen praktika zen", azpimarratu du sindikatuak. "Kutxabankek urtero egundoko irabaziak ditu; azken urte honetan 250 milioi euro baino gehiagokoak. Egoera honetan, ezin da onartu langileek lanean jasan behar duten prekaritatea".
Hortaz, enpresa batzordearen hurrengo bileran, LABek gainerako sindikatuei eskatuko die Kutxabanki modu bateratuan exijitzea bertan behera uzteko langileek bakarrik lan egitea ahalbidetzen duen erabakia.