LAB sindikatuak gaur jakitera eman duenez, 2022. urtea 69 heriotzarekin itxi ostean, 2023ko lehenengo lan ezbehar hilgarria atzo, urtarrilaren 9an, gertatu zen Izarran. Goizeko lehen orduan, R.U.S, 53 urteko langilea, lan istripu ez traumatiko batean hil zen; lanean bakarrik zebilen Kutxabankeko bulegoan, eta bertan aurkitu zuten bere gorpua.
"Nabarmena da, eta denbora daramagu salatzen, egungo sistema neoliberalean lan karga eta presio gero eta altuagoak laneko arrisku faktore nabarmen bilakatu direla", deitoratu du LABek. "2022an 23 heriotza ez traumatiko eman dira Euskal Herrian lanpostuetan, arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten faktore laboralak tarteko. Lan osasunerako araudiak mende laurden baino gehiago abian daraman honetan, gehien ugaritzen ari den arrisku faktorea psikosoziala da. Bere indizeek gora egiten dute irakurketa guztietan, eta hauek arazo kardiobaskularretan eragin zuzena dute".
LAB sindikatuaren ustez, "ez da kasualitatea" Kutxabank bezalako enpresetan arrisku faktore hori areagotu izana: "Pribatizazioak gizartean eragin duen galeraz gain, langileen lan baldintzetan eta bizi kalitatean ere eragina izan duelako: bulegoen ixteak eta plantila murrizketak lan karga eta erritmoetan eragin zuzena izan dute, eta horek lan arriskuak areagotzen ditu".
Gainera, sindikatuak ohartarazi duenez, gutxienez bi langile egotea historikoki Vital Kutxan izandako segurtasun neurria izan da. "Kutxabankek, gastuak gutxitzeko, segurtasun neurri hori bertan behera utzi zuen, bulegoetan langile bakar bat egotea ahalbidetuz. Neurri hori ezabatu ez balitz, posible litzateke gaur heriotza baten aurrean ez egotea".
"Baina zein da Kutxabankek honen aurrean ematen duen erantzuna? Identifikatuta al dago arrisku hau prebentzio txostenetan? Egiten al dira ebaluaketa psikosozialak? Horrela bada, aplikatzen al dira neurri prebentiboak?", galdetu du sindikatu abertzalea. "Tamalez, badakigu erantzuna: arrisku berriak sortu eta segurtasun neurriak ezabatzen ditu".
Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzaren papera salatu du, Osalan eta Ikuskaritzaren lana "gero eta pisu handiagoa duen arrisku faktore honetara" ez egokitzeagatik. "Azalpenak eta berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak eskatzen dizkiogu Eusko Jaurlaritzari", gaineratu du LABek.