Ania Saenz de Buruagak erakusketa bat aurkeztu du Malagan

Erredakzioa 2023ko urtarrilaren 14a

Erakusketaren inaugurazioa, ostegun honetan. / Argazkia: @LCAmalaga

Ilustratzaile gasteiztarrak "maitasunetan bizi dugun anbibalentziari" buruzko erakusketa sortu du Malagako La Casa Amarilla erakusketa aretorako, De Norte a Sur izenburupean. Otsailaren 5era arte bisitatu ahal izango da.

Ania Saenz de Buruaga ilustratzaileak bidea egiten jarraitzen du, pausoz pauso. ALEAren egutegi-urtekariaren azalaren diseinua egiteaz gain, aste honetan bertan erakusketa oso bat aurkeztu du La Casa Amarilla arte galerian. De Norte a Sur bildumaren inaugurazioa ostegun honetan egin dute, eta otsailaren 5era arte ikusi ahal izango da Malagako Santos kaleko 7. zenbakian kokatutako espazioan.

Artistaren beraren hitzetan, Arte eta Kultura Garaikidearen Zentrorako prestatutako erakusketa honek "batzen gaituzten, lotzen gaituzten, sufriarazten eta maitarazten gaituzten, eta, dirudienez, denetik eta ezerezetik lotuta eta bereizita mantentzen gaituzten harien harremana erakusten digu". Saenz de Buruagaren marrazkiek hausnarketa batera garamatzate: "Errealitatea ikusarazten digute, eta nahi duguna egiten ari garen ala enpatia prekarioko pertsona bihurtzen gaituen agindu orokorrari jarraitzen diogun pentsarazten digute".

"Introspekzioa, autoezagutza eta onarpena" dira artista gasteiztarrak aurkitzen dituenak marrazten duenean, eta horrek, aldi berean, aukera ematen dio "emozioei buruz hausnartzeko, eta bizi garen gizartearekin harremana nolakoa den ulertzen saiatzeko".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago