Aurrera begira: aste honetako ALEA, 2023ko egutegia

Erredakzioa 2023ko urt. 12a, 10:00

Ilustrazioak: ANIA SAENZ DE BURUAGA / Argazkiak eta testuak: ALEA

2023. urtea ganoraz hasteko, aurtengo lehenengo ALEA egutegi-urtekari formatuarekin dator. Ania Saenz de Buruaga ilustratzailearen azal ederrarekin borobilduta, hilez hil ALEAren argazkiak eta testuak zuen alboan izango dituzue.

Urte gorabeheratsuak izan ditugu azken hauek. Itxuraz, normaltasun berriaren aroan bizi gara, eta zenbait gauza betiko aldatu diren arren, zaharrak berri dira nagusi gurean. Krisi ekonomikoa, gizarte ongizatearen galera, klima aldaketa, migrazioa, indarkeria matxista eta amorrarazten gaituzten hamaika buruhauste pairatu beharrean egoten gara egunerokoan, tamalez.

Hamabi hilabetez, 365 egunez eta egunak dituen 24 orduetan guzti horien berri emateko lanak egiten saiatzen gara ALEAn

ALEAkideek ondo dakizuenez, gure kazetaritza senari zor, hamabi hilabetez, 365 egunez eta egunak dituen 24 orduetan guzti horien berri emateko lanak egiten saiatzen gara ALEAn. Nahi ditugun guztiak jaso eta lantzea ezinezko badugu ere, gurean gertatzen direnen berri ematea dugu lehentasuna, gizartea informatzea, lurraldea hobeto ezagutzen laguntzea, komunitatea trinkotzea eta, jakina, lan hori gure hizkuntza sustatuz egitea.

Ezinezkoa zaigu hasi berri dugun 2023an jazoko diren gertakizunak aurreikustea, eta gertatu ahala horien berri emateko lanean jarraituko dugu; baina, hasteko, urteak ekarriko dizkigunak jasotzeko ariketa egin nahi izan dugu gehigarri berezi honetan.

Jai-egun hutsak baino, guretzat, motibo ezberdinengatik, esanguratsuak diren datak goraipatu nahi izan ditugu. Ondo dakigu, halere, gorriz markatuta egon ez arren, urtean zehar izango ditugula gure egutegian nabarmendu beharreko hamaika motibo ere: gure herrietako inauteriak, martxoaren 3 zein martxoaren 8ko aldarrikapen egunak, Euskararen Nazioarteko Eguna eta etorriko diren beste asko.

Egunez egun bidelagun izan zaiteztela eskatu nahi dizuegu

Horiei guztiei begira, eta urte hasiera desirak eskatzeko garaia izan ohi dela baliatuta, guk ere horixe eskatu nahiko genizueke ALEAkide guztiei. Ale berezi honen bidez, zuen etxe, lantoki edo ikastetxeetako horman zintzilik egotea da lehena. Baina hortik aurrera, egunez egun bidelagun izan zaiteztela eskatu nahi dizuegu: aldizkariko irakurle, webgunean bisitari, lehiaketa eta zozketetan partaide, buletin hartzaile, ingurune digitalean jarraitzaile eta komunitatearen kide. Gure aldetik, orain arte bezala, eskaintzen diguzuen babes nekaezin guzti horri, gure lanarekin erantzuna ematen saiatuko gara.

Ondo hasi dezazuela urtea, eta gozatu ditzagun elkarrekin etorriko diren guztiak.

Urte berri on!

Ilustrazioak: Ania Saenz de Buruaga

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago