Beste hezkuntza eredu bat aldarrikatu du Ikamak

Erredakzioa 2022ko abenduaren 15a

Hezkuntza Legearen zirriborroaren aurkako eta hezkuntza eredu "feminista, euskaldun, inklusibo eta ekologista" baten aldeko ikasle greba egin du gaur Ikasleria Martxan (Ikama) antolakundeak.

"Gaur egungo hezkuntza sistemak hamaika ertzetatik zapaltzen gaituela ikusirik, gure neurrira egongo den hezkuntza bat" aldarrikatu du Ikamak gaurko greba egunean, atzo sindikatuek eskola publikoan deitutako bigarren grebaren ildotik. Euskal Herriko beste herri askotan bezala, Gasteizen ere mobilizatu dira.

Izan ere, sindikatuek eta hezkuntza komunitatearen parte handi batek bezala, ikasle antolakundeak Hezkuntza Legearen zirriborroa izan du jomugan gaurko mobilizazioetan. "Ateratako zirriborroak ez ditu ez aurrerapausorik ez behar ditugun aldaketarik ematen, horregatik ikasleon beharrak entzunak izatea eta errotiko aldaketak planteatzea ezinbestekoa dela deritzogu", aldarrikatu dute.

Bestalde, euskarari lotutako euskal curriculumean oinarritutako "hezkuntza sistema propioa" eskatu dute. "Euskal Herriko hezkuntza sistema Espainiako eta Frantziako estatuen menpe dagoen honetan, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriarekiko harremana zein den definitu behar du hezkuntza legeak, gure herriaren beharretara egokitutako lege bat izan dadin".

Era berean, "segregazioarekin amaituko duen hezkuntza publikoa, doakoa eta mundu guztiarentzako eskuragarria izango dena, feminista, euskaldun, inklusibo eta ekologista" exijitu dute. "Herritarren parte hartzea" eta "ikasleen hitza zein iritzia kontuan hartzea" ere eskatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago