Blas Arratibel artisautza sarietako bat jaso du aurten Gaizka Olartek (Gasteiz, 1978) Ilunabarra Kuartangon lanagatik, intxaurrondo zurez eta erretxinaz eginiko piezagatik. Elementu horiek erabilita, baina, artelan sorta zabala sortu du Egurra Ukitzen izenpean. Elena Bueno bikotearekin batera, mahaiak, kutxak, belarritakoak eta bestelako eskulanak egin dituzte; horietako batzuk Gabonetan Probintzia plazan izango den Lan ta Lan artisau azokan izango dituzte salgai.
Epaimahaiak, pieza horretan, bereziki baloratu du "materialak leuntzeko ohikoak ez diren teknikak erabili izana". Nolakoa izan da lana?
Egurra eta erretxinarekin lan egiten dut, eta likidoak gogortzean horiek lixatu eta leuntzen sortzen dira piezak. Ez da teknika erabat berezia, baina Araban uste dut nik bakarrik erabiltzen dudala. Beste urte batzuetan ere aurkeztu dut piezaren bat sariketan, eta, egia esan, aurten ezustean harrapatu nau, ez nuen espero saria. Oso pozik gaude.
Non ikasi zenuen zura lantzen?
Ignacio Ellakuria ikastegian zurgintza ikasi nuen, Gasteizko Udalak antolatutako ikastaro batean, duela sei bat urte, eta hortik aurrera nire kontura ikasi dut, Interneten ikusitakoak egiten saiatzen eta pieza desberdinak probatzen.
Aurretik beste lan bat zenuen, ezta?
Elektronika ikasi nuen, eta hamabost urte egin nuen lan bulego batean. Hori amaitu zenean, eta eskulanak betidanik gustatu izan zaizkidanez, zura lantzeko ikastaroan izena ematea erabaki nuen. Lehenagotik zenbait eskulan egiten nituen nire kontura, "paleten jauna" nintzen, altzariak eta koadroak egiten nituen paletekin. Eta gauza bereziagoak etorri ziren gero.
"Zurarekin denetarik egitea proposatu didate, baita katuentzako hilkutxak ere"
Belarritakoak, josteko mahaiak, diademak... Askotariko eskulanak ikus daitezke Egurra Ukitzen webgunean.
Denetarik egiten saiatzen naiz. Batzuk guk erabakita egiten ditugu, guk pentsatuta. Eta beste batzuk enkarguz egindako proposamenak dira. Bakoitza bere burutazioarekin etortzen da, eta benetan gauza arraroak eskatu dizkigute: katu batzuk lurperatzeko hilkutxak, ama-esnea sartzeko zintzilikarioak... Dena ez dugu egiten, baina denetarik eskatzen digute, bakoitza bere istorioarekin dator.
Nolako zurarekin egiten duzu lan?
Intxaurrondoa asko gustatzen zait, eta olibondoa ere polita da, baina zailagoa da tamaina handiko taula bat lortzeko. Haritza eta lizarra ere ohikoak izaten dira. Normalean zerrategian erosten dugu egurra, baina izaten dira bereziagoak ere; ostiraleko azokan, esate baterako, teilatu batetik jasotako egur zaharrarekin egindako sukaldeko ohol batzuk aurkeztuko ditugu.
Lan prozesu motela izaten da?
Erretxina duten gauza handiekin denbora asko behar da, hilabete inguru mahai bat edo oheburuko bat egiteko. Enkarguaren araberakoa. Normalean nik eskulangintza lana egiten dut, eta Elenak altzariari azken ukitua ematen dio. Gainera, bera arduratzen da sare sozialetaz; denbora asko behar da horretan ere, egunero eskaintza berriak jarri eta ez errepikatzeko.
Gabonetako azoka garrantzitsua da eskulangileentzat, ezta?
Bai, urteko fakturazioaren zati garrantzitsu bat da. Udaberri aldera eskulangileen beste azoka bat izaten dugu, Arabako Artisau izeneko elkartearekin batera, eta bestela gure kontura gerturatzen gara inguruko azoka desberdinetara. Gure erakusleiho nagusia, dena den, sare sozialak dira, Facebook eta Instagram; horra estatuko zein beste herrialde batzuetako jendea sartzen da erostera.
Osasuntsu dago sektorea?
Pandemiaren ostean nabaritu zen bezeroek gogoa zutela gauza berriak ikusi eta erosteko, baina orain erlaxatu da, eta ikusi beharko dugu nola doan. Gabon hauek gakoa izango dira. Gauzak izugarri garestitu dira, eta ez dakigu bezeroek nola erantzungo duten. Guk geuk ere Olentzero eta Mari Domingiren pieza batzuk garestitu behar izan ditugu pinua garestitu delako, beraz, ikusi behar nola doan salmenta. Bien bitartean, eskulangileen artean elkar laguntzen eta gauzak batera antolatzen jarraitzen dugu Artisau elkartean; eskulangile gutxi gara taldean, baina horrek posible egin du ere gure artean giro ona egotea, eta oso pozik gaude.