Iñaki Lasa

"Naturarekin berriro lotzeko aukera ematen du Olentzerok"

Juanma Gallego 2022ko abe. 18a, 06:00

Bizitza osoa irakaskuntzan eman du Lasak. ALEA

Belaunaldi ugarik ezagutu dute Iñaki Lasa, bai irakasle gisa zein Gasteizen Olentzero gorpuzten eman dituen urte andanan ere. Gabonetako pertsonaiak duen esanahi sakona indartzearen alde azaldu da, eta espiritualtasuna berreskuratzearen beharra azpimarratu du.

Olentzero 26 urtez gorpuztu du Gasteizen Iñaki Lasa irakasleak (Matxinbenta, Beasain, 1952). Algortako San Nikolas ikastolan marrazketa irakastera joan zenean konturatu zen umeekin ederki moldatzen zela. Bere emazte izango zena ere, gainera, andereñoa zen. Hortaz,  irakaskuntza ikastea erabaki zuen. 40 urte eman ditu jardun horretan; horietatik 36 Durako Ikasbidea ikastolan, artea, eta, batez ere, musika irakasten.

Orain ematen du irakaskuntzan denak izan behar direla programazioa eta halakoak. Arteak ere bere lekua behar du, ezta? 

Leku handia beharko luke, baina gaur egun pertsonak zuzenean bideratzen dira halako lan edo egoera berezietarako prestatzera. Ez gara konturatzen txiki-txikitatik hasita musikak zenbat lantzen duen pertsona. Ez soilik sentimenduak: adi egoteko gaitasuna, edo musika egitean denok batera gauzak egiteko aukera... pertsonarentzat oso aberasgarriak diren kontzeptuak lantzen dira musikaren bitartez, baina hori gaur egun gutxietsi egiten da.  

Orkestra batean lan egitea bada talde lan bat… 

Izugarria. Adibidez, isiltasuna lantzen da. Ez baita posible musikarik egitea ez bada isiltasun bat egiten. Soinuak isiltasunean egiten dira, hitzak edo marrazkiak paper zuri batean egiten diren bezala. Eta une batetan 30 ikasle isiltzea eta denak adi egotea musikarekin bat egiteko, hori gelan oso gutxitan lortzen da beste irakasgaietan. Baina musikak ahalmen hori badauka.  

Hezkuntzak zer eman dio Iñaki Lasari? 

Gauza asko. Adibidez, pazientzia. Modu berean, jabetzen zara pertsonaren indibidualtasunaz… oso txikitatik ikusten da bakoitzak nortasun bat duela. Bakoitza bera da. Eta konturatzen zara zenbat bera dituzun klasean. Horrek ematen dizu aukera ikusteko pertsona helduak ere hala direla. Umeak oso gardenak dira. 

Helduok 'azeriagoak' gara, badakigu disimulatzen...  

Bai, umeak garbiagoak dira. Horregatik batzuetan konturatzen zara beraiekin motiborik gabe haserretu zarela, baina arrazoia zutela. Imanol Urbieta pedagogo eta musikariak zioen berak ez ziela ezer erakusten umeei, umeek berari baizik. Haurrek momentu guztietan erakusten dizute zer egin behar duzun. 

Musikarekin zer harreman duzu?  

Oraindik Arabako Koruko partaidea naiz, eta gaztetan bateria jotzen nuen. Musikako pedagogia dezente maneiatu izan dut, baina ni ez naiz musikaria. 

Musikari batek agian ez du horrenbeste hausnartzen musikaren bueltan... 

Bai. Musikarien artean denetarik dago. Badira piano karrera egin dutenak eta ez dakitenak abesti bat kantatzen. Musikari bat entzuten duzunean konturatzen zara transmititzen dizun edo ez. Agian teknikoki oso landua egon daiteke, baina gero musika horrek ez dizu ezer esaten. Ez du sentimendurik adierazten. Beste bat, ordea, traketsagoa izan daiteke jotzean, baina berotu egiten zaitu, transmititzen dizu. Mundu bat da. Teknikak bakarrik ez du musika egiten. Gaur egun badugu sinfonia bat egiteko teknologia, baina inork ez luke entzun nahi izango robot batek landutako sinfonia bat. Ezta robot batek interpretatutakoa. Neurozientzian garbi diote ez dagoela robotikarik giza garuna edo burua ordezkatuko duenik. Ez  baita burua bakarrik. Gorputz guztia da.  

Biologiatik arimarako jauzia... 

Hortik doaz gaur egun neurozientziaren lanak. Azken batean gorputza ere somatikoa da, eta gorputza burua baino askoz azkarrago konturatzen da gauza askotaz, guk kasurik egiten ez diegun arren. Gero gizakiok gaitasuna dugu bibrazio oso baxua duten soinu horiek hartzeko, eta gure gorputzak ere badu ahalmena entzuten ez ditugun bibrazioak hartzeko. Biolinista batek gorputzarekin jotzen du, eta egun bakoitzean duen gorputzaren arabera desberdin joko du. 

"ESPIRITUALTASUNA ALDE BATERA UTZI DUGU. ATHLETICEK ATZO ZER EGIN DUEN, HORI DA KEZKA"

Argazkiak ateratzen ari ginela, ama batek esan digu alabak galdetu diola ea Olentzerori argazkiak ateratzen ari nintzen. Nola daramazu ospe hori? 

Gustatzen zait ikustea magia hori sortzen dela umeengan, eta normaltasunez daramat. Umeei begiak irekitzen zaizkie.  

Bi mundu bateratzen diren une magiko hori... Aizu, nola izan zen Gasteizko Olentzero izateko aukera? 

Garai horretan Andoni Egaña bertsolaria Gasteizko Udalean lanean zegoen, eta telefonoz deitu zidan, Olentzero antolatu behar zuelako.  "Iñaki, gauza bat galdetu behar diat. Abarkak ba al dauzkak? Eta praka urdinak eta blusa izango dituk, ezta? Ba hi haiz Gasteizko Olentzero perfektua!", esan zidan.

26 urte asko dira! 

Bai. Behin karrozan nindoanean entzun nien gazte batzuei esanez haiek ume zireneko Olentzero berdina nintzela. Eta berdin gertatu da ama batzuen kasuan: haien Olentzero izan nintzen, eta beren haurrena ere izan naiz.

Urte hauetatik guztietatik oroitzapen asko izango dituzu. Onak eta txarrak... 

Ez dut gogoan aparteko esperientzia txarrik. Akaso hurrengo egunean nekea sentitzen nuen, baina ez egunean bertan. Pentsa bost ordu ematen nituela umeak nire belaun gainean jartzen. Eskerrak azkenengo urteetan beste Olentzero batekin aldaketa egiten genuela. Urte batean, gainera, nire semea izan zen ordezkatu ninduena. Izan ere, arratsaldean karrozara bueltatu behar nintzen, eta ospitaleetara ere joaten nintzen haurrak agurtzera eta zerbait eramatera. Baina gehiegitxo zen. Olentzerok bakarrik ia-ia errege magoek bezainbeste ume hartzen zituen, eta erregeak hiru ziren! Bestetik, askotan bihotza bigundu egin zait. Besteak beste, kanpotik etorritako haurrak hartzean. Zirrara pixka bat ematen dizu, adibidez, Olentzerok ume beltz bat belaunean izateak. Oso polita zen. Dena dela, bereziki ume oso txikien kasuan, oso urduri jartzen  ziren, eta inoiz busti egin naute. Noizbait ere amaren batekin hitz egin dut, umeari zerbait esateko. Gero Olentzerori txupetea uzteko moda hori hasi zen. Urte bakoitzean 15-20 bat biltzen nituen. Eta urte batean fardela bota zidaten karroza gainera. Eskerrak garbi zegoen! 

Iaz 'Olentzero' ikuskizuna egin zenuen Mulixkarekin. Zer nolako esperientzia izan zen?

Mulixka taldeko Josu Sanchez nire suhia da, eta galdetu zidan ea egingo nuen. Gaiaren nondik norakoak azaldu zizkidan, baina beste guztia nire kontura utzi zuen. Ikuskizun horrekin, kritika txiki bat egon zen, esanez ez zela umeentzako ikuskizuna. 

Baina helduek ere badute Olentzeroren beharra! 

Hori da. Gainera, guk gauza serio bat egin nahi izan genuen, eta horretan ni ezin nintekeen Olentzero pailazoa izan. Nik mezu serio bat eraman behar nuen. Izan ere, batzuk diote Olentzero noelizatu egin dela. Eta arrazoia daukate. AEBetatik dagoen haize bolada horrek dena hartzen du, baita Olentzero ere. Baina guk aukera bat dugu —errege magoek ez bezala—Europa osoan zabalduta dagoen joera batean sakontzeko, eta Olentzero naturari lotzeko. Etxean zuhaitza jartzeko ohitura hori finean natura etxean sartzea besterik ez da. Bestetik, gogoan izan behar da Olentzero pertsonaia mitologikoa dela. Mitoak mitoak dira, baina esanahi izugarriak dituzte, jakinduria handia dute. Olentzero barruan ere aberastasun asko dago, eta hori bizi beharko genuke, eta gure txikiagoei transmititu. Alabaina, bitartean, kontsumitzen jarraituko dugu, baina iritsiko da une bat gure kontsumo eta zikinkeria guztiak jasanezinak izango diren.

ALEAn argitaratu dituzun artikuluetan beti dago Lurrarekiko ardura hori. Zergatik?

Nire kezka da batez ere gizateria nola bizi den.  Baina gizateriari ez zaizkio halako gauzak axola. Athleticek atzo egin zuena da kezka. Espiritualtasuna ere alde batera utzi dugu. Adibidez, nire azken testua Gure aita kontzeptuari buruzkoa da. Erlijioaren munduan ideia horrekin jarraitzen dute. Baina aita pertsona da, eta nik pertsonan ez dut sinesten. Halere, nire tradizioan bederen, gertuen dagoen pertsonaia da Jesus, eta berak esandakoak gogoan baldin badauzkat, nik ere gizateriaren alde asko egin dezaket. Izan daiteke nire eredua, eta haren jaiotza ere ospatu dezaket Gabonetan, Jesus oso pertsona berezia izan zelako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago