Nola ikusten duzu gaur egungo Arabako mapa demografikoa?
Egungo geografia soziala lurraldean izan diren prozesu historiko desberdinen emaitza da. XX. mendearen bigarren erditik aurrera, frankismo garaiko teoria ekonomiko desarrollistetan oinarritutako industrializazioa garatu zen Araban eta, Gasteizen ardazturik, lurraldea era monozentrikoan egituratu zen. Planifikazio horrek tamaina ertaineko udalerrien sorrera galarazi eta landa eremuan despopulazioa errotu zuen. Ordutik, gogotik ordaintzen ari dira landa eremuko herritarrak, gehienek ez baitute etxetik gertu egunerokoan behar den oinarrizkoena. Euskal Herriko Kantauri isurialdearen industrializazioa horren aurrekoa da eta horri esker lurralde oreka bestelakoa, ibai arroetan ardaztuagoa. Zentzu horretan, Arabak Nafarroa Garaiko lurralde ezaugarriak ditu.
"Herritarren zahartzea handia da egun eta prozesu horrek abiadura handiagoa hartuko du hurrengo bi hamarkadetan".
Funtsezkoa da 1950-1980 bitarteko eraldaketak ulertzea egungo errealitate demografikoa ulertzeko. Garai hartan landa eta hiriburuaren arteko asimetria egituratu ezezik, etorkinen etorrera eta baby boom-a hiriburuan metatu ziren. Hamabost urteren buruan soilik (1950-1965) Gasteizek biztanleria kopurua bikoiztu egin zuen. Baina 1979eko petrolio-krisiak ordu arteko joerak eten eta, besteak beste, jaiotzen gainbehera handia eragin zuen. Beraz, orduko hazkunde demografikoaren ajeak dauzka Arabak: herritarren zahartzea handia da egun eta prozesu horrek abiadura handiagoa hartuko du hurrengo bi hamarkadetan. Etorkin fluxu berriek joera hori leundu dezakete baina, printzipioz, aldatzeko gaitasunik ez dute izango. Faktore historiko berdinek biztanleria kopuruari eusteko egoera zailagoan utzi dute Bizkaia.
Azken bi urteetan pandemiak harrapatu gaitu bete-betean. Demografia datuetan ere joera nabaritu da?
Bai, Euskal Herriak biztanleria galdu du 2020ko martxoan hilkortasunak indarrez gora egin zuenetik. Osasun larrialdiaren hasierako asteetako hilkortasun-maila ez da berriz errepikatu eta, txertaketa masiboarekin, hilkortasuna nabarmen gutxitu zen. Europako beste lurraldeetara begiratuz gero ere, ukaezina da hori. Baina azken urteko heriotza kopuruak esanguratsua izaten jarraitzen du. Birusen eraginagatik hilkortasunak gora egin ohi du neguan eta behera uda sasoian, baina aurtengo hilabete epelagoetan izandako heriotzak ohi baino gehiago izan dira. Oraindik ezohiko hilkortasun horren atzean diren muineko arrazoiak jakiteko modurik ez dago eta, ziurrenik, ez da arrazoi bakarra egongo. Baina hilgarriak izan daitezkeen patologien detekzio goiztiarrari azken urteotan arreta gutxi eskaini izanaren ondorioak faktore garrantzitsua izan daiteke. Hau da, baliteke osasun eta zaintza sistema krisian izatea. Erresuma Batuan eta beste herrialde batzuetako ikerketek hori frogatzen ari dira, baina momentuz hemen ez da halakorik ikertu.
"Arabak etorkin berriei esker gutxinaka biztanleria emendatzen hasi da berriz, Bizkaia edo Gipuzkoa ez bezala".
Laburrean, ezohiko hilkortasunak eta epe horretan izandako migrazioen gutxitzeak euskal herritarren kopurua murriztu egin du. Dena den, Arabak etorkin berriei esker gutxinaka biztanleria emendatzen hasi da berriz, Bizkaia edo Gipuzkoa ez bezala. Era berean, hiriburutik landa eremura migrazio joera indartu egin da pandemiako bigarren urtean. Horrek historikoki despopulazioa pairatu duten eskualdeetan biztanle kopurua handitzeko balio izan du. Krisi ekonomikoek joera demografikoak eraldatu ohi dituzte baina, gainera, oraingo hau gutxienez krisi demografikoa eta ekologikoa ere bada.
Biztanleria handitu da azken 20 urteotan. Lurraldez lurralde, Araba (+%16) da gehien hazi direnetako bat. Atzeman daiteke joera berriren bat?
Azken 20 urteotan Euskal Herriko herrialde guztietan, Zuberoan salbu, biztanleria kopurua hazi egin da. 2009an krisi ekonomikoa iritsi arte bizitasun demografiko handiko urteak izan zituen Arabak, baina ostean ere dinamismo horri nahiko ongi eutsi dio. Milurtekoak bi fenomeno handi ekarri ditu: batetik, etorkin fluxu berriak iristen hasi dira eta, etxebizitzen prezioak behartuta, 1960-70an eraikitako hirigintzan kokatzeko joera dute. Bestetik, baby boom-aren seme-alabek hirigintzak beretzat hartutako eremu berrietara doaz bizitzera (Zabalgana, Salburua…), eta ez soilik hiriburuan, baizik eta irisgarritasun ona duten herrietan ere. Horrela, Gorbeialdean ala Ipar Euskal Herrian lehenagotik ezaguna zen lotarako herrien fenomenoa Arabako zenbait herrietan ere errotzen joan da. Ordu arte, asteburuko herrien fenomenoa genuen lurraldean oso presente, besteak beste, gasteiztar askok familiaren etxe zaharra jabetzan mantentzen dutelako.
"Gorbeialdean lehenagotik ezaguna zen lotarako herrien fenomenoa Arabako zenbait herrietan ere errotzen joan da".
Kasu batean zein bestean, bizitoki-hautuek geografikoki segregazio soziala indartzen ari dira. Finean, ez dira prozesu naturalak, hautu indibidualen oinarrian hauek baldintzatzen dituzten faktore sozialak daudelako. Belgikan edota Frantzian ohikoa da herritar zaurgarrien pilaketa estigmatizaturiko auzoetan ikustea. Egoera horiek uste baino lehenago iritsi daitezke hona, baina etorkizuneko herriak eta auzoak ez baditugu Araban horrela irudikatu nahi, ez badugu gizarte dual bat eraiki nahi, komunitatea sendotzeko orain eraikitzen ditugun oinarriei erreparatu beharko genieke.
Eskualdez eskualde, eta udalerriz udalerri fenomeno ezberdinak eman dira?
Bai, joera demografiko anitzak biltzen dira Araban. Landa eremuko eskualdeek azken urteotan biztanleria irabazi arren, Arabako Mendialdea da egoera kezkagarriena duena. Milurtekoaren ufada demografikoak despopulazio luzeari amaiera eman zion baina 2008az geroztiko krisi ekonomikoak biztanle galera ekarri zuen berriro Mendialdeara eta, egun, biztanleriaren zahartzea handia da: Lagran edota Haranan, nabarmen. Trebiñuk ere metabolismo demografiko ahula du, besteak beste, lurralde antolamenduan zulo beltz bat delako, ezleku bat. Nolanahi ere, etorkizuneko biziberritzean Gasteizekiko gertutasunak eta etxebizitza prezio eskuragarriagoek lagundu beharko lukete. Izan ere, Arabako hegoaldean etxebizitzen salneurria merkeagoa da eta etxebizitza hutsak ere gehiago dira. Bestalde, Aiaraldean belaunaldi ordezkapenerako zailtasunak daude, bereziki Laudion, nortasun industrial handiko Euskal Herriko beste eremu batzuk bezala. Bien bitartean, milurteko berrian hazkunde demografiko garrantzitsua izan da Erriberabeitia, Dulantzi, Iruña Oka, Armiñon, Legutio edota Agurainen. Horietariko gehienak, N-1 errepidearen ardatzean edo Gasteiztik gertu kokatuta daude. Biztanleria galera handia da, ordea, Haranan, Moredan, Añanan eta landa eremuko periferian. Baina Laudio ere aspalditik biztanleria kopuruari eutsi ezinik dabil.
"Aiaraldean belaunaldi ordezkapenerako zailtasunak daude, bereziki Laudion, nortasun industrial handiko Euskal Herriko beste eremu batzuk bezala".
Gazteen taldeak, 20 urtetik azpikoak, gutxika egin du gora Hego Euskal Herrian (+% 1,74). Araba eta Nafarroa dira portzentualki gazte gehien dituztenak. Arabako kasuan, zer dela eta izan daiteke hori?
80ko hamarkadatik zetorren ugalkortasun txikiari Arabak beste herrialdek baino lehenago buelta eman zion. Gazte horien egungo presentziak, beraz, horri eta migrazio fluxu berrien eraginari erantzuten dio. Halere, jaiotzen gainbeherarekin adin horretako herritarren proportzioa apaltzen hasia da azken bi urteotan. Egun arabarren %19k 0-20 bitarteko adina du baina, 1973-1977 bitartean, kopuru hori %37koa izan zen. Pentsa denboran zer-nolako aldaketa izan duen lurraldeak.
Geografikoki, gazteek pisu nabarmenagoa dute Trebiñun, Arabar Errioxan eta Gorbeialdean. Trebiñuko kasua berezia da, izan ere zahartze-maila oso txikia da adineko herritar askok Gasteizera joateko hautua egiten dutelako. Bestalde, gazteei baino arreta gutxiago eskaintzen zaie emakumeei. Baina emakumeen presentzia txikia da Arabako Mendialdean, Arabako Ibarretan, Trebiñun eta Gorbeialdean. Aldiz, emakumeen proportzioa handia da Gasteizen, Laudion, Amurrion edota Agurainen. Hor bada zer hausnartu, hautu pertsonal horien atzean dauden faktoreak identifikatu behar dira.
Halere, 2001etik 2021era jaiotza-tasak behera egin du Arabako hainbat eskualdetan. Kezkatu egin beharko genuke?
Gaindegian duela hamar urte jaiotzen prospektibak egitean kezkatzen hasi ginen, 2008ko krisi ekonomikoaren testuinguruan geundenean. Ordutik, egoera okerrera egin du: egungo jaiotza kopurua azken 80 urteotako txikiena da Euskal Herrian. Baina duela gutxi arte horri ez zaio inolako arretarik eskaini. Jaiotzen gainbehera epe luzean ondorioak izango ditu, baita epe motzean ere. Esaterako, irakasle-ikasle arteko ratioak jaitsi ezean, egungo hainbat irakasleek ezingo dute irakasle gisa lanean jarraitu. Eta, komunitatearen ikuspuntutik, arazo txiki bat baino ez da hori.
Hego Euskal Herriko jaiotza-tasa Europatik gero eta urrunago dago. Hau ez da Ipar Euskal Herrian gertatzen ari. Zergatik? Arrazoi bakarra ez da egongo, baina ziur Ipar Euskal Herrian gizarte babeseko inbertsio-maila alor horretan hegoaldekoaren hirukoitza izateak zerikusi handia duela. Egia da gazte askoren lehentasuna ez dela guraso izatea baina, ugalkortasunari buruzko 2018 urteko INEko inkestaren arabera, zailtasun sozioekonomikoak ziren guraso ez izateko arrazoi nagusia Hego Euskal Herrian.
"0 eta 4 urte bitartekoen Arabako haurren %17 atzerrian jaioa da. Integrazioaren ikuspuntutik Arabak erronka handia du".
Gauzak horrela, etorkin berriei esker Araban jaiotzen gainbehera apalagoa da. Pentsa, azken urteko jaiotzen artean hirutik bat atzerriko nazionalitatea duten amen eskutik etorri da. Horrekin batera beste datu bat aintzat hartu behar da: 0 eta 4 urte bitartekoen Arabako haurren %17 atzerrian jaioa da. Integrazioaren ikuspuntutik Arabak erronka handia du, beraz. Jakina, etorkinei esker Lautadak eta Arabako Errioxak dute jaiotza-tasa indartsuena lurraldean.
Zelakoa izan da immigrazioaren bilakaera Gasteizen? Zer nabarmenduko zenuke? Gainerako eskualdeetan ezaugarri homogeneoak ditu inmigrazioak?
Araba jatorri aniztasun handiko lurraldea da aspaldidanik. 60 eta 70 hamarkadetako immigrazioaren eraginez egungo arabarren %20 Hego Euskal Herritik kanpo espainiar estatuan jaioa da. Aldiz, espainiar estatutik kanpoko atzerritar guztiek, baturan, arabarren %13 baino ez dute osatzen oraindik. Askoz gehiago dira Gaztela eta Leonen edo Extremaduran jaiotako arabarrak Marokon edo Kolonbian jaiotakoak baino. Baina denborarekin proportzio horiek inbertitu egingo dira. Adibidez, pandemia eta gero, Hego Amerikatik iristen ari diren pertsonei esker Araba ez da biztanleak galtzen ari.
Araba etorkin fluxu berrientzako lurralde erakargarria da. Marokon eta Kolonbian jaiotako herritarren komunitateak handiak dira, baina beste hamaika komunitate txiki ere gero eta handiagoak dira. Arabako atzerritarren %83 Gasteizen du bizilekua. Nigeria, Kolonbia, Paraguai, Txina, Venezuela eta beste zenbait komunitateen presentzia oso txikia da hiriburutik kanpo. Baina Arabako Errioxan ere atzerritarren presentzia handia da, batez ere Maroko, Portugal eta Errumanian jaiotakoena, ardogintzaren bueltan lanera joandakoak. Hain zuzen ere, hiriburuetan eta Araba eta Nafarroako Ebroko arroan kokatzen dira prekarietatean bizi eta pobrezia arriskuan diren euskal herritarren multzo handi bat. Espainiako Ejido-ren euskal bertsioa muturrean dugu, Ebro arroan.