Antzinako euskarari buruzko aurkikuntza garrantzitsua aurkeztu zuen Aranzadi zientzia elkarteak azaroaren 14an. Kristo aurreko I. mendeko pieza, esku baten itxura duen xafla, eta idatzitako lau lerro, sorioneku gisa transkribatu duten hitzarekin hasita. Altxorrak piztutako hasierako "berotasun" giroa igarota, ordea, "lan egiten jarraitzeko momentua" dela dio Blanca Urgell hizkuntzalariak.
Nola jaso zenuen albistea?
Zoramena izan zen, sinistu ezinik, ahoa zabalik eta jainko eta jainkosa guztiei eskerrak emanez horrelako zerbait agertu izanagatik. Denborarekin, patxada gehiagoz hartu behar izan dugu kontua, eta orain beste era batera gaude, halere, aurkintza ederra da, eta oxala gehiago egongo balira, esperantza hori sortu zaigu.
Esan daiteke mugarri bat izan dela aurkikuntza hau?
Bai, zentzu askotan. Zentzu arkeologikotik hasita. Ez genekien, edo behintzat adituen mundutik kanpora ez geneukan inolako berririk, eta beraiek esan dutenaren arabera, garai hartako eta inguru horretako idatzitako ezer ez zegoen; izan ere, Andelos, batez ere mundu erromatarrarekin lotzeko modukoa da, mosaiko bat da azken batean, eta hau beste zerbait da. Ematen du beste kultura bateko sorkuntza. Eta hortik hasita, jakina, mugarri bat da hau.
Euskarari helduta. Kolokan jartzen du teoriarik?
Bai, Javier Velaza eta Joaquin Gorrotxategi adituek aurkezpenean esaten zutenaren arabera, eta hala da, ez genuen espero garai hartako idatzirik aurkitzea baskoien artean. Urtero nik ikasleei esaten nien Mediterraneotik urrun gaudela, oro har idazkera Mediterraneoan zehar hedatuz joan dela, urrun gaudela beraz kultura horretatik, eta ez dela hain harrigarria idazten ez zuen herri bat izatea. Baina, klaro, honek hori aldatzen du errotik. Guk esaten genuen erromatarrekin, latinarekin, ikasi genuela idazten, ez gehiegi, baina ikasi genuela idazten. Eta, berriz, Andelos bezalako gauzak izan zitezkeela gehiago apaingarri edo aberastasunaren erakusgarri, eta ez berez jendeak hori ulertzen edo erabiltzen zekielako. Baina orain gauzak aldatu egiten dira; ematen du idazkerak, latin idazkera baino lehenagoko idazkera hark, bazuela lekua baskoien artean, eta beraz, horren arabera, lehenago iritsi zela idazkera bera. Eta hori oso inportantea da. Ez dakigu oraindik ezer handirik orduko baskoiez, iturri gutxi ditugu garai hartakoak, eta denak dira erromatarrak, eta, beraz, oso urrutitik begiratzen dituzte orduko baskoiak, baina aurkikuntza honek beste itxura bateko pertsonak zirela aditzera ematen du.
Hau ere ezin daiteke salbuespen bat izan?
Bai, beti izan daiteke salbuespena, horregatik nahi genuke gehiago agertuko balira, froga fisikoak beti egin ditzakegun hipotesiak baino hobeak direlako. Halere, ez da mosaiko bat bezain elitista den objektu bat, baizik eta, itxuraz, gauza xumeago bat, eta honek beste mundu bat irudikatzen du.
"Jendearen irudimena piztu du aurkikuntzak; baina, noski, metodo zorrotzak daude"
'Sorion' hitzak euskararekiko kidetasuna izan dezakeela aipatu duzue. Baina hortik aurrera zalantzak...
Sorion bera ere orain ondo jorratu beharko dugu. Baina egia da lehenengo momentutik oso deigarria egiten dela hor dagoen kidetasuna. Ez hainbeste gaurko euskararekiko, nahiz horrek inpaktatu duen jendea batez ere, baizik eta akitanieran ere agertzen diren hitzekin lotu ahal izatea. Guretzat hori sendoagoa da, baina ez da definitiboa. Horregatik esaten dut orain patxada gehiagoz begiratu behar diogula, pozgarria bezain frustrantea baita oro har gure aurkikuntza hau; hasiera hain argia, itxuraz, eta gero iluntasun erabatekoa. Ez da harrigarria aitzin euskara oso gutxi ezagutzen dugulako, akitaniera bera ere oso gutxi ezagutzen dugulako, eta baskoiera delakoa are gutxiago. Ez da erabat harrigarria, baina kontraste handiegia da, eta hori patxadaz begiratu behar da.
Veleia aferaren ostean, zuhurrago jokatu da oro har?
Esango nuke Veleia baino lehen eta Veleiarekin batera arkeologo askok prozedura zintzoki gordetzen zutela. Baina, bai, ikusi dugunaren arabera, oso ondo jasoa dago prozesu guztia, eta suposatzen dut pieza guztien kasuan; guk ikusi dugu pieza horren aurkikuntza, nola ateratzen zuten poliki-poliki lurretik... Eta niretzat oso garrantzizkoa da, duden joko horretan, itxuraz eurek ez zutela ikusi esku bat zenik hasieran, pentsatu zutela gerlariaren kaskoaren hegaletako bat zela, eta ezustean agertu zen eskua. Ikusi dugun guztiak aditzera ematen du bai arkeologoek eta baita Nafarroako ondarekoek ere behar bezala bete dituztela prozedura guztiak.
Eta harrigarria nola gorde duten azkeneko urtean…
Bai! Bitxia da, ze ikusten dugu epaitegietatik zeinen erraz ateratzen diren gauzak kar-kar, eta ze jende zintzoa bildu duten. Guregana, behintzat, ez da ezer etorri, erabat out geunden Euskal Filologian, eta azken momenturarte. Benetan asmatu dute taldearekin.
Teoria eta hipotesi ugari jasoko zenituen...
Batzuk bai, kar-kar. Lankideekin hizketan, edonork jaso du baten bat. Jendearen irudimena piztu du aurkikuntzak, eta normala da ilusioak beti dakarrelako hori, "ea asmatzen dugun zer esaten duen", eta oso azalpen politak. Baina, noski, metodo zorrotzak daude horretarako, eta pixkat ikasi behar da hori deszifratu baino lehenago. Guk ere ez diogu antzik hartzen eta...
Aurkitutakoarekin ondorio gehiago atera daiteke?
Oraingoz ez. Lan gehiago egin behar da. Besteak beste, iberistekin lan gehiago egin behar dugu, idazkera eurek menderatzen dutelako. Halako gauza itxuraz txikietatik hasi behar da, eta gero ia zer gehiago atera daitekeen.